Bonnemaison Baionako erietxeko sendagilea mediku ordenatik kanporatu dute

Eutanasia aktiboa zazpi gaixori praktikatu izana leporatzen dio Akitaniako sendagileen ordenak medikuari

Nicolas Bonnemaisoni elkartasuna adierazteko elkarretaratzea, Baionako ospitalean, 2011ko abuztuan. GAIZKA IROZ.
Baiona
2013ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Nicolas Bonnemaison Baionako ospitaleko larrialdietako medikua sendagileen ordenatik kanporatu du Akitaniako medikuen ordenako lehen auzialdiko diziplina ganberak. Atzo goizean hartu zuen erabakia. Ganberak ezar dezakeen zigorrik gogorrena da ordenatik kanporatzea: Bonnemaisonek hiru urtez ezingo du medikuntza praktikatu, baina, bere abokatuak dagoeneko jakinarazi duenez, erabaki horren aurka dei egingo du.

Ordenak zazpi eutanasia aktibo praktikatu izana egotzi dio sendagileari; alabaina, ekintza bera baino gehiago, erabakia berak bakarrik hartu izana da gehien kritikatu duena.

Polizia 2011ko abuztuaren 12tik ikertzen ari da Baionako medikuaren kasua. Larrialdi zerbitzuetan sartu ziren pertsona zahar eta osasun egoera txarrekoei kurarea eman izana leporatzen dio, nabarmenduz eriek ez zutela erabakitzeko edo defenditzeko kemenik. Frantziako sendagileen ordenak Bonnemaison salatzea erabaki zuen, eta jakinarazi zuen, bere iduriko, medikuak bizia bururatzen deneko azken uneak arautzen dituen Leonetti legea ez zuela errespetatu. Halaber, kode Deontologikoko 37. eta 38. artikuluak urratu izana egotzi zion. Artikulu horien arabera, eriaren minak lasaitu behar ditu sendagileak, gehiegi tematu gabe. Ez du, ordea, gaixoaren heriotza nahitara eragiteko eskubiderik.

Larrialdietako zuzendari ohiak ez ditu ekintzak ukatu. 2012an egin zioten galdeketa batean, «ekintzen larritasunaz kontzientzia osoa» zuela erran zuen, baina «eriei sufrikario handiak saihesteko eta euren duitansuna errespetatzeko» gisan jardun zuela gehitu zuen.

Sostengu zabala

Hasieratik, medikuntza esparrutik sostengu zabala jaso zuen Bonnemaisonek. 2011ko abuztuan 300 lagun bildu ziren Baionako ospitalean, elkartasuna adierazteko. Lankidearen «kalitate moral, profesional eta humanoaren» aldeko lekukotasuna berresteko prest azaldu zen hainbat medikuntza munduko langile. Hilabete berean, halaber, Pirinio Atlantikoko departamenduko medikuen ordenak zigorrik ez ezartzea erabaki zuen.

Oraindik zigor auzi baten zain dago sendagilea; legearen arabera, presondegi zigorra izan dezake. Alabaina, Bonnemaison medikuak ustez eutanasiaz hildako gaixoen familiek eta hurbilekoek ez dute oraindik salaketarik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.