Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena

Bonbardaketaren urtemuga, kultura eta aldarriz bustia

Larunbatekoa izango da ekitaldi nagusietakoa Gernikan: historiari begiratu bat ematen dio 'Hemen gaude' antzezlanak

Jauregizar, Barandiaran eta Rueda, atzoko aurkezpenean. L. JAUREGIALTZO / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Gernika bonbardatu zuteneko 75. urteurrena betetzen dela eta, ekitaldi sorta oparoa izango da datozen asteetan. Euskal Herriko gunerik sinbolikoenari eraso zioteneko eguna oroitzeko, ekimen ugari izango dira Gernikan. Baina ez oroitzeko soilik. Gernika 1937-2012 Batzordeak Euskal Herriaren izaerari zein iraganari buruzko hausnarketa sustatu nahi du, etorkizunera begira jartzeko. «Aurrera begira sekulako potentzialitateak eskaintzen dituen une historiko honetan», bonbardaketaren inguruko ekitaldiak «modu onurgarrian txertatu» nahi ditu, Jabier Jauregizar batzordeko kideak azaldu duenez; «gatazka politiko honen behin betiko konponbidean ekarpena» egin nahi du.

Modu berezian egingo du hori larunbatean: Euskal Herriko historiari euskal sortzaileen ikuspegitik begiratuta. Ez da hori batzordeak antolatutako ekimen bakarra izango, baina bai nagusietakoa. 18:00etan hasita, Gernikako Jai Alai frontoian eskainiko duen antzezlanaren bidez begiratuko dio historiari. «Ez genuen bonbardaketa soilik kontatu nahi», azaldu du ikus-entzunekoaren gidoia egin duen Gotzon Barandiaran idazleak. «Herri oso bat desagerrarazteko saioa izan zen bonbardaketa; baina Euskal Herria desagerrarazteko saioak ez ziren Gernikan hasi, askoz lehenago baizik».

Eta, historiaren berri historia liburuetatik ez ezik herriaren kultur sormenetik ere jasotzen dela eta, horri eutsi dio Barandiaranek. «Jasandakoak jasanda, nola lortu dugu bizirik irautea Espainia eta Frantziako estatu inperialisten tartean egonda?», hausnartu du. «Horri buruz asko idatzi eta asko kantatu da Euskal Herrian». Literatur idazki, poema eta kanta horien bidez kontatuko du historia Gernika Batzordeak antolatutako ekitaldiak, Rafa Rueda musikagilearen zuzendaritzapean betiko kantei egindako bertsioak zuzenean jota.

Argi du antzerkian ikusi eta entzungo den historiaren ondorioa Barandiaranek: «Oztopoak oztopo, desagerrarazteko ahaleginak ahalegin, euskaldunok hemen gaude izatez; ez eskubidez, baina bai izatez». Hortik ekitaldiari emandako izena: Hemen gaude!.

Herria badenez, herritarren erabakimena aldarrikatuko du Batzordeak. Hain zuzen, gatazka politikoaren muina horixe dela uste du, eta erabakitzeko eskubidea onartzeko eskatu du Batzordeak. Askatasuna, bakea... autodeterminazioa leloarekin egingo dituen ekitaldi sortaren bidez eskatuko du burujabetza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.