Bollojabetza, euskal luma, lesbisitaria, mirenjaia, lesbiama, hirukia, marioker, bekatorosak, soropila, marimutil, emaztetto, emaztoi, ulertua, sorgina... Hitz zerrenda bat baino gehiago da. Hitzetatik eta bizipenetatik tiraka, euskaltzaletasunaren eta lesbianismoaren arteko tentsioak, kezkak eta zalantzak aztertu dituzte June Fernandez kazetariak eta Amaia Alvarez literatura irakasleak. Zinegoak elkartearen enkarguz eta Histeria Kolektiboaren babesarekin, Nola esan/izan bollera euskaraz? proiektua sortu dute. «Politena izan da hari batetik tiraka hasi ginela, eta orain hari mutur pila bat ditugula», nabarmendu du Alvarezek.
Hiztegietan bollera edo tortillera jarriz gero gaztelaniatik euskarara itzultzeko, lesbiana jartzen du. Horrez gain, esate baterako, lesbofobia ez dago hiztegietan jasoa. Gabezia hori ikusita, lesbianismoaren inguruko glosario bat sortzea erabaki zuten. Herrietan erabili izan diren hitzak topatu nahi zituztela azaldu du Fernandezek: «Ezinezkoa da, besteak beste, ikusezintasuna eta tabua delako lesbianismoa inguratzen duen errealitatea. Emakumeen sexualitateari buruz ez dago jatorria euskaran duen hitzik».
Hiztegia sortzeko zenbait galdera egin zizkieten sortzaileei, hala nola zer hitz erabiltzen dituzten euren burua izendatzeko, eta nola bizi duten lesbiana izatea testuinguru diglosiko eta globalizatuan. Amaia Agirre bertsolariak esandako hitzak gogora ekarri ditu Fernandezek: «Niri urte askoan kostatu izan zait neure burua izendatzea; lehenengo urratsa jabekuntza edo ahalduntzea da». Hortaz, ondorioztatu zuten glosarioa, helmuga baino gehiago, euskaltzaletasuna eta lesbianismoa uztartzeko bidea zela.
Hitzak eta bizipenak
Hasieran, proiektuak bi atal zituen: hitzak eta ekarpenak. Gerora, ikusi dute sortzaileei ahotsa ematea eta erreferenteak sortzea garrantzitsua zela, denbora luzez Itxaro Borda idazlea izan delako erreferente bakarra. «Bollo sortzaileak ditugu, baina ez dute publikoki bollo direla esan nahi, armairuan daudelako, edo ez dute parte hartu nahi euskal markoan», esan du Alvarezek. Hortaz, beste bi atal sortu dituzte: bizipenak eta sorkuntzak.
«Ikusi dugu hitzak topatzea ez dela nahikoa ez baditugu hitz horiek erabiltzen edo sustatzen», esan du Fernandezek. Sorkuntza atalean, hitzekin jolasean ibili dira sortzaileak; horren adibide dira Bollo bertso saioak. Fernandezen arabera, hitz gutxi sortu arren «pozik» egonen da batzuk errotzen badira: «Ez gaude akademian, eta bollera feministen batzarretan bollojabetza eta bollurriak bezalako berbak sortzen dira».
Nola esan/izan bollera euskaraz? galdera abiapuntua izan zen, baina Alvarezek adierazi du uste zuten baino «konplexuagoa» dela gaia: «Galdera bati tiraka, galdera ugari sortu dira». Gai horien artean, esate baterako, belaunaldien arteko desberdintasunak aztertu dituzte: «Belaunaldiz belaunaldi euskararen presentzia handituz joan da LGTB kolektiboan eta feminismoan». Horrez gain, azaldu du elkartzeko guneak aldatu direla: «Jakiteko norbait lesbiana ote zen, galdetzen genuen ea ulertzen zuen. Oraingo belaunaldiak esan digute haiek gremiokoa dela diotela».
Eragile lesbofeministek euskaren inguruko kontzientziazio «handia» dutela diote, eta kontraesanak ere badituztela. Esate baterako, Bizkaiko lesbiana feministen kolektiboan ez zegoen ia kide euskaldunik; hala ere, kartelak euskaraz egiten zituzten. Lumatza Nafarroako Bollerak elkarteko kide batzuek ez zekiten euskaraz, baina euskaldundu dira.
Bestalde, jaso dituzten bizipenen arabera, ondorioztatu dute adineko arabarrek, bizkaitarrek eta nafarrek gipuzkoarrek baino zailtasun gehiago izan dituztela harreman lesbikoak izateko. Nondik norakoak azaldu ditu Fernandezek: «Gehienbat esaten dute ez dutela aukerarik izan bikote euskalduna izateko, ez dutela ia aukerarik izan euskaraz larrua jotzeko, edo gutxitan, baina segurtasunik ezarekin izan dela».
Parte hartzaileek euskaltzaletasuna eta lesbianismoa borroka bateratu gisa ikusten dituztela ondorioztatu dute. Fernandezek esan du parte hartzaileen ustez euskara dela «borroka bollorako» hizkuntzarik «aproposena». Maren Zubeldiak esandako hitzak azpimarratu ditu: «Nahiko nuke euskaltzaletasunak eman dizkidan tresnak erabili identitate bolloa garatzeko».
Jasotako bizipenen arabera, duela hogei urteko kolektiboek gehienbat kanpora begira erabiltzen zuten euskara, eta barne batzarretan gaztelania zen hizkuntza bakarra. Gazteek, ordea, euskaraz militatzen dute. Euskaraz militatu nahi izan arren horren inguruko kezkak dituztela esan du Alvarezek: «Euskaldunak gara eta euskaraz bizi nahi dugu, baina, beste alde batetik, ez dakigu nola izan inklusiboak euskaraz ez dakitenekin». Feminismoaren eraginez gazteak antikolonialismoaren eta antirrazismoaren inguruko hausnarketak egiten hasi direla ikusi dute proiektua sortu dutenek.
Intersekzionalitatea
Euskara hutsean militatzeagatik «interpelatuak» izan direla dio Fernandezek: «Kartelak euskara hutsean egiten badituzte LGTBIQ kolektiboko jende asko kanpo geratzen delako». Hortaz, jokatzeko modu batzuk aldatu dituzte zenbait taldek; esate baterako, Gasteizko BALA taldea kanpora begirako komunikazio elebiduna egiten hasi da. Horrez gain, pribilegioen inguruko gogoetak ere egin dituztela aipatu du Fernandezek: «Zapalkuntza bikoitzaren eta hirukoitzaren logika gainditu dute». Eizagirrek esandakoa nabarmendu du: «Berak esaten du agian hanka motz eta oso biktimista izan daitekeela esatea lesbiana eta euskalduna izateak zapalkuntza bikoitza jasatera zaramatzala, errealitatea askoz konplexuagoa delako».
Urtez urte euskalduna eta lesbiana subjektuak aldatu direla azaldu du Fernandezek: «Bollera gazteen artean transfeminismoak izan du eragin nabarmena; askok beren burua identifikatzen dute bollera ez-binario gisa». Horrez gain, estrategikoki, egoeraren arabera, beste kokapen batzuk hautatzen dituztela azaldu du: «Bibollo eta queer bezalakoak». Eizagirrek noka biziberritzearen inguruko hitzaldiak ematen ditu, eta hortik tiraka beste hausnarketa batzuk ere sortu direla esan du Fernandezek: «Esate baterako, ea nokak binarismoa indartzen duen, zentzua daukan biziberritzeak, eta nola egin bateragarri tranfeminismoarekin».
Proiektuan hobetzeko gauzak ikusi dituzte. «Esate baterako, emakume transek ez dute parte hartu», aitortu du Fernandezek. Gay hiztegitik datoz glosarioko hitz asko: «Oso zis sexista da, eta beti lotzen dute sexu lesbikoa aluarekin. Hori aldatzea pendiente geratu da».