Bolañosek iragarritako neurriek ez dituzte zelatatuak gogobete

gotzon hermosilla
2022ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Ordezkari independentisten aurkako espioitza aferak sortu duen haserrea baretu nahian, Espainiako Presidentetzako ministro Felix Bolañosek bilera bat egin zuen atzo Kataluniako Generalitateko kontseilari Laura Vilagrarekin, eta, bileraren ostean, iragarri zuen gertatutakoa argitzeko zenbait neurri hartuko zituztela. Baina ez du ematen horrek zelatatuen haserrea apaldu duenik: Generalitateak adierazi du iragarritako neurriak ez dituela askitzat jotzen, eta EH Bilduk «ondorio azkar eta eraginkorrak» eskatu ditu.

Zehazki, lau neurri iragarri ditu Bolañosek: barne ikerketa bat abiaraztea CNI Espainiako zerbitzu sekretuetan, Espainiako Kongresuan Sekretuen Batzordea eratzea, Espainiako arartekoari bidea erraztea berak ere gertatutakoa iker dezan, eta ikerketarako beharrezkoak diren dokumentuak desklasifikatzea.

EH Bilduko diputatu Jon Iñarrituk, Herri Irratiari emandako elkarrizketa batean, esan du neurri horiekin «gerorako» uzten dela auzia, «etorkizunean egin daitezkeen balizko batzorde eta ikerketen pentzudan». EH Bilduk, berriz, «ondorio azkar eta eraginkorrak» eskatu ditu.

Iñarrituren ustez, hau da Espainian espioitzarekin lotuta azken hamarkadetan egon den eskandalurik handiena: «Egoera oso larria da, eta PSOEk beharrezkoak diren erabakiak hartu behar ditu. Egoera honen arduradunak atoan kargugabetu behar dituzte, gertatutakoa azkar argitu geroko batzordetara bideratu beharrean, eta neurriak hartu beharko lituzkete, tresna hauek aurkari politikoen kontra erabil ez daitezen».

Beste elkarrizketa batean, EAJren diputatu Aitor Estebanek esan du ez duela inolako zalantzarik espioitza kasuen inguruan, eta berak ere susmoa duela inoiz zelatatua izan ote den: «Nire elkarrizketetako batzuk gero zenbait hedabidetan agertzen ziren oso egoera berezietan, adibidez, Rajoyren kontrako zentsura mozioaren garaian. Ziur nago oso abagune berezietan norbaitek erabaki duela jendea zelatatzea».

Estebani «sinesgaitza» begitantzen zaio entzuketak Auzitegi Gorenaren baimenaz egin izana.Diputatu jeltzalearen aburuz, «onartezina» da espioitza hori, eta «gizarte osoak» kezkaturik egon beharko luke afera hori dela eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.