Bolañosek ez du argitu zergatik ez dituzten Aldana eta Zabalza kasuak desklasifikatzen

Sekretu Ofizialen Legea erreformatzeko eskatu dio EAJren eledun Aitor Estebanek Espainiako Gobernuari.

Mikel Zabalza zenaren omenaldia Altzan, haren oroimenezko muralean, 2020ko abenduan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Mikel Zabalza zenaren omenaldia Altzan, hura oroitzen duen muralean, 2020ko abenduan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko martxoaren 20a
15:20
Entzun

Sekretu Ofizialen Legea erreformatzeko eskatu dio EAJren eledun Aitor Estebanek Espainiako Gobernuari, eta Zabalza eta Aldana auzien artxiboak desklasifikatzeko. Felix Bolaños Presidentetzarako eta Memoria Demokratikorako ministroak, baina, ez dio erantzun argirik eman. «Administrazio batek, kasu honetan bezala, dokumentu batzuen desklasifikazioa ukatzen duenean, ulertuko duzu Gobernuko ministro baten oinarrizko betebehar instituzionala dela ez argitzea zergatik jarraitzen duten dokumentu horiek klasifikatuta», erantzun du Bolañosek.

Estebanek, berriz, erran du Espainiako Goberuak Kataluniako politikariei lotutako kasuen dokumentuak desklasifikatzeko borondatea erakutsi duela, eta ez duela ulertzen zergatik ez dagoen jarrera bera Zabalza eta Aldana kasuekiko. Bolañosek erantzun dio ez dagoela instantzia judizialik dokumentu horiek eskatzen dituena.

Erantzun horiek kontuan izanik, Estebanek adierazi du ez duela ulertzen zertan eraginen dion «segurtasun nazionalari» zer gertatu zen jakiteak. Zehazki, desklasifikatzeak Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko agenteak Juan Alberto Perote Cesid-eko buru operatiboari Zabalza eta Lasa-Zabala kasuei buruz datuak ematen zizkion audioa. «Zerk eragiten dio segurtasun nazionalari, herrialdearen segurtasunari? Ez al da izango Gobernua polizia batek ikaratuta daukala?», galdetu du.

Kasuak

1980ko urtarrilaren 20an talde ultraeskuindar batek lehergailu bat jarri zuen Aldana tabernan. Lau lagun hil ziren: Liborio Arana, Manuel Santacoloma, Mari Paz Ariño eta Pacifico Fika, eta beste hamar zauriturik suertatu ziren. GAE (Grupos Armados Españoles) izeneko talde batek hartu zuen erasoa bere gain. Geroztik, auziak argitu gabe dirau.

Zabalza 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta haren gorpua hiru aste geroago agertu zen, Bidasoa ibaian, Endarlatsa inguruan. Bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilek Endarlatsara eraman zuten Zabalza, ustezko zulo baten bila, eta ihes egin zuen, Bidasoa ibaira salto eginez. Ikerketa artxibatu egin zen, bertzeak bertze, Zabalza hil zutela ezin frogatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.