Sare Herritarrak joan den larunbatean Bilbon «euskal presoek dituzten eskubideen alde eta indarkeriaren biktimei babesa eta elkartasuna helarazteko» egindako manifestazioan parte hartzeagatik, «kriminalizazio kanpaina baten jopuntu bihurtu da Itziar Ituño aktorea», Sarek ohar baten bidez salatu duenez. «Atzo, Joxe Mari Agirretxe Porrotx izan zen. Bihar, manifestazio, iritzi edo adierazpen eskubidea erabili nahi duen beste edozein pertsona izan daiteke».
Izan ere, Euskal Herriko BMWren saltokiek eten egin dute Itziar Ituño aktorearekin zuten hartu-emana, baita Iberiak ere. Arrazoia: Sarek Bilbon antolatutako manifestazioan parte hartu zuela aktoreak larunbatean, presoen auziari irtenbidea eman diezaiotela eta kartzelako salbuespena amaitu dadila eskatzeko. Hain zuzen ere, manifestazioko pankarta eraman zutenetako bat izan zen Ituño, beste zenbait eragilerekin batera.
Iberiak ezabatu egin du aktorearen irudia sare sozialetan zituen bideoetatik, baina ez du azaldu zergatik. BMW Lurautok, berriz, ohar bat plazaratu du X sare sozialean: hartan esan dute ez dutela bat egiten «inolako ideologiarekin» eta horregatik eten dutela elkarlana. BERRIAk jakin duenez, Alemanian hartu dute Ituñorekin harremana hausteko erabakia, eta Lurautoren jabeak ez daude batere eroso erabaki horrekin.
— BMW Lurauto (@bmwlurauto) January 15, 2024
Bi enpresen erabakiek, baina, Ituñoren aldeko mezu oldea ere eragin dute. Aktorearen aldeko mezuak zabaldu dituztenen artean dago Jon Maia Soria bertsolaria. Era berean, aktore askok ere elkartasuna adierazi diote Ituñori, eta Aitor Merino zinemagileak X sarean iragarri du sektorea «erantzun kolektibo bat» prestatzen ari dela.
Etorkizunerako pausoak eman nahi ditugu. Baina batzuk iraganera lotuak nahi gaituzte.
— Jon Maia Soria (@maia_jon) January 15, 2024
Zauriak itxi nahi ditugu. Baina batzuk zabalik nahiago dituzte. Zurekin ari dira orain, Itziar, baina etorkizunaren aurka ari dira. Eta gu etorkizunera goaz. Ni zurekin, mundu hobe baten bidean. pic.twitter.com/3234a9R2Dx
Itziar Ituño grabatzen ari da gaur, Madrilen. BERRIAk harekin hitz egin du, baina aktoreak nahiago du «oraingoz» isilik egon, «pilota ez dadin handiagoa egin». Aktoreak badaki ez dela izan adierazpenengatik edo iritziengatik kritikak jaso dituen eragile bakarra. Urtarril hasieran, Covite eta AVT biktimen elkarteek Pirritx, Porrotx eta Marimototsen aurkako salaketak egin zituzten, leporatuta «umeak baliatzea jarrera biktimista duten ETAkoen inpunitatearen alde». Ertzaintzak Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoaren inguruko ikerketa bat abiarazi du bideo horren harira, prentsak jakinarazi duenez, deliberatzeko «adingabeen aurkako indarkeria psikikoaren delitua» egin ote den. Porrotx haur batzuekin batera azaltzen da Giltzak ekinbidearekin bat egiteko bideoan, abesten eta dantzatzen.
«Ezin gara isilik geratu lintxamendu publiko honek dakarren bidegabekeria ikusita», adierazi du Sarek. «Ozen salatzen dugu egoera hori, eta bidegabekeria jasaten ari direnekin bat egiten dugu». Sarek azpimarratu du Bilbon «70.000 lagunek defendatu eta aldarrikatu» zituztela euskal presoen egoerarekin lotutako helburuak. «Egoera horrek guztioi eragiten digu, euskal presoen egoerari buruz dugun jarrera eta ideologia edozein delarik ere. Eskubideei buruz ari gara. Adierazpen askatasunerako eskubideaz, eta eskubide hori baliatzeagatik jazarria eta kriminalizatua ez izateko eskubideaz».
Gertatzen ari denaren harira, erakunde publikoei erreparatu die Sarek: «Oinarrizko eskubideei eragiten dieten egoeretan, horiek babesteko jarrera hartu beharko lukete», esan duenez, «eta horri guztiari erantzun bat eman».
Jaurlaritzaren ustez, «onartezina»
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako eledunarentzat, «bizikidetza demokratikorako onartezinak diren egoerak gertatzen ari dira». Azpimarratu du manifestazioa legezkoa zela eta adierazpen askatasunerako eskubidea dagoela, eta gaitzetsi egin ditu sare sozialetan modu anonimoan plazaratzen diren irainak eta akusazioak. «Irmo defendatu behar dugu pertsona guztiek garapen profesionalerako duten eskubidea, baita adierazpen askatasuna edo manifestatzeko eskubidea ere».
Aktoreen babesa
Euskal Aktoreen Batasunak ere «elkartasuna» adierazi dio Ituñori, idazki baten bidez. Elkarteak «onartezintzat» jo ditu Ituñok azken orduetan jasotako «mehatxuak, irainak eta erasoak». Are: euskal aktoreen elkartearentzat, «bidegabeak» dira «norbaiten karrera profesionala ahultzeko egin diren ekintzak, eta enpresa publiko zein pribatuek hartutako erabakiak». Galdegin dute «ez dadila inor kriminalizatu injustizien, legez kontrako ekintzen edo lege salbuespenen inguruan hartzen duen jarreragatik».