Blusa eta Nesken eguneko asto lasterketa, debekatua

Animaliei buruzko udal araudia urratzeagatik, bertan behera utzi du Urtaranek.ATEAk txalotu du gai horretan «zentzua» nagusitu izana

Iazko asto lasterketa. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2016ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Aurtengo apirilaren 25ean ez da asto lasterketarik egongo Andre Maria Zuriaren plazan. Gasteizko Udalak ez dio baimenik emango ekintza horri, udal araudia urratzen duela argudiatuta. Iaz gaia aztertzeko asmoa agertu zuen Gorka Urtaran Gasteizko alkateak. Halaber, txosten bat eskatu zion Ingurumen Sailari araudiari dagokion oinarria ezagutzeko. Azken txosten horren emaitza argigarria izan da: 2013ko animalien araudia urratzen du. Debekuarekin batera, asto lasterketa ordezkatuko duen ekintza bat bilatzen laguntzeko borondatea agertu du Urtaranek.

Ingurumen Sailaren txostenak 2013ko azaroaren 29ko araudira jo du debekua argudiatzeko. Animaliei «kalte, sufrimendu, gutxiespen edota jokabide antinaturalak» egitera behartzen dituzten ikuskizunez hitz egiten du araudiak, edota «ikusten ari diren pertsonen sentsibilitatea» zauritu dezaketenez.

Urtaranek gogorarazi du udalak hitzarmen bat duela Blusa eta Nesken batzordearekin, Santiago eguneko eta Gasteizko Jaietako zenbait ekinbide egiteko. Horien artean apirilaren 25eko asto lasterketa zegoen. Ordea, araudia oinarri hartuta, Urtaran argia izan da: «Ezin dugu ez baimendu ez babestu asto lasterketa».

Araudian sartzen diren bestelako ekintzen harira galdetuta, Urtaranek aurreratu du Gasteizko Jaietako zezenketak mantenduko direla.

Eztabaida, indartua

Asto lasterketari buruzko eztabaida 1980ko hamarkadan hasi zen. Dena den, azken urteetan beste koska bat indartu dira aurkako ekinbideak, hein handi batean udal araudi berrien ondorioz. ATEA elkarteak biziki txalotu du Urtaranen erabakia, animalien aurkako «tratu txar fisiko zein psikologikoa» amaituko delako. «Ez du alde batek edo besteak irabazi, guztiok baizik; begirunea oinarri duen ikuskizun batek hiritar hobe bihurtzen gaituelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.