Iñaki Goirizelaiari «eskuzabal» agertu zaio Iñaki Antiguedaden sektorea gaur BERRIAn argitaratutako iritzi artikuluan. Errektoregai bakarraren proiektuaren inguruan «nork bere gogoeta» egin behar duela azaldu dute Antiguedad, Amaia Andrieu, Txoli Mateos, Iñaki Alegria eta Arantza Urkaregi irakasleek. Duela lau urte, Goirizelaiaren aldeko botoa eskatu zuen Antiguedadek —orduan Marisol Esteban zuen lehiakide—; oraingoan, sektore horrek ez dio ageriko babesik azaldu, baina bizkarra ere ez dio eman: «Abenduaren 4ari begira ez dugu bat egiten blokeo itxura hartzen duten jarrerekin». Hala, boto zuria baztertu dute; Goirizelaiaren alde bozkatzea edo abstenitzea dira beste bi aukerak.
Juan Ignacio Perez Iglesiasekin duela lau urte erdi gertatutakoaren mamua ibili da hauteskunde kanpainan: errektoregai bakarra zen, eta galdu egin zuen. Gauza bera gerta ez dadin, bozetako araudia aldatu du EHUk, baina oraindik ere gerta daiteke Goirizelaiak behar adinako sostengurik ez jasotzea boto zuria gailentzen bada.
Funtsean, arduraz jokatzea bultzatzen ari da Antiguedaden sektorea: hautagai bakarra egonda, haren aurka egiteak erakundea blokeatzea ekarriko luke. Jarrera bera agertu du EHUko dekano, zuzendari eta klaustrokide talde batek —tartean 2008an Estebanen inguruan bildutako batzuek— asteon El Correo kazetan publikatutako gutunean: «Krisi egoera honetan unibertsitateari gutxien komeni zaiona hutsune instituzionala da».
Ikasleek, abstentziora
Botorik ez ematea erabaki du, ordea, Ikasle Abertzaleak taldeak: «Ez dugu egungo eredua babesten duzuenekin bat egingo». Azken lau urteotan EHUn aldaketa nabarmenik ez dela egon argudiatu dute; euskalduntzeari, parekidetasunari eta justizia sozialari begira, erakundeak dauzkan «egiturazko mugak eraldatu nahi ez izatea» aurpegiratu diote Goirizelaiari. Ikasleen aurka izandako errepresioa ere gogoan izan dute: 2008ko klaustro batean protesta egiteagatik hamahiru ikasle epaitu zituzten irailean.
«Blokeo itxurako» jarrerak alboratu ditu Antiguedaden sektoreak
Abstentziorako deia egin du Ikasle Abertzaleak taldeak, unibertsitate eredua babesten ez duelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu