Blancok «eskuak eta oinak lotuta» ikusten du EAJ estatus politikoaren auzian

Alkartasun Egunean, EAko idazkari nagusiak jeltzaleei eskatu die argitu dezatela zein izango den euren jarrera, eta gehitu du PSE-EEk ezin duela «beto eskubiderik» izan auzi horretan.

Eba Blanco, Alkartasun Eguneko ekitaldian, igandean. EA
Eba Blanco, Alkartasun Eguneko ekitaldian, igandean. EA
Iosu Alberdi.
2024ko irailaren 23a
08:55
Entzun

Eusko Alkartasunako idazkari nagusi Eba Blancoren esanetan, bada «nahikoa zume demokratiko» estatus politiko berri baterako adostasun bat eskuratzeko. Atzo Zornotzan (Bizkaia) ospatutako Alkartasun Egunean, EAko buruak Espainiako Estatuarekiko harreman eredu berri bat defendatu zuen, «non euskal gizarteak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko duen eskubidea aitortuko den». Ez du argi, baina, EAJ bidelagun izango ote duten horretarako, uste baitu jeltzaleek «eskuak eta oinak lotuta» dauzkatela PSE-EErekin dituzten itunak direla medio.

Blancok adierazi zuen «desiragarria» dela estatus politikoaren gaineko auzian «adostasun handiak» erdiestea. Era berean, baina, uste du horiek ezin direla bilakatu «baldintza sine qua non» aurrera egiteko: «Posizio minoritarioei beto eskubidea ematen ariko ginateke eta». Hitz horiek jomugan zituzten PSE-EE eta alderdi hartako idazkari nagusi Eneko Andueza. Izan ere, Blancoren hitzetan, sozialistek «askotan ahazten dute» Eusko Legebiltzarrean gutxiengoan daudela afera horri dagokionez.

PSE-EEren jarrera kontuan izanik, Blancok horien eta EAJren arteko harremanari ere erreparatu zion, estatus politikoaren inguruko negoziazioetan izan ditzakeen eraginengatik kezkatuta. Hala, jeltzaleei eskatu zien argitu dezatela zer jarrera hartuko duten: «Argitu eta frogatu behar dute, unean uneko adierazpenetatik haratago, erabakitzeko eskubidea aurrera eramateko prest dauden edo eskumenen inguruko eztabaida hutsa izatea nahi duten».

Blancoren esanetan, Gernikako Estatutuak eta 45 urteren ostean hura bete gabe egoteak erakutsi dute «beharrezkoa» dela estatus politiko berri baten aldeko apustua egitea. Kritikatu zuen eskumenen transferentziak bi egoeratan egin direla nagusiki: «Madrilek nahi izan duenean» eta «gobernu premia egoeran egon denean». Hala, uste du ez dela «borondate politikorik» izan Espainiako gobernuek hitzartutakoa betetzeko.

Hain justu, EAko idazkari nagusiak azaldu zuen estatus berri batek halako jarrerei aurre egiteko tresna izan behar duela, estatuarekiko harreman eredu berri baten bidez «hitzartutakoa betetzeko eta euskal gizartearen borondatea errespetatzeko» bermeak ezarrita. Era berean, defendatu zuen euskal herritarren «gehiengo esanguratsu bat» eredu horrek erabakitzeko eskubidea ere aitortzearen alde dagoela.

EAk Nestor Basterretxea artista omentzeko ere baliatu zuen Alkartasun Eguna, haren heriotzaren hamargarren urteurrenean. Blancok nabarmendu zuen Basterretxea bezalako «erreferente propioak» beharrezkoak direla Euskal Herria bezalako estaturik gabeko nazio batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.