Miguel Angel Blancoren hilketaren 25. urteurrena

Blanco hil zuten garaia gogoratu dute Ermuan, eta Oroimenaren Legea kritikatu

Estatu omenaldia egin diote Miguel Angel Blancori, eta, besteak beste, hitza hartu dute Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Felipe VI.a Espainiako erregeak.

Felipe VI.a Espainiako Erregea, gaur, Ermuan izan duen hitzartean. JAVIER ZORRILLA / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko uztailaren 10a
12:00
Entzun

25 urte bete dira ETAk Miguel Angel Blanco Ermuko Alderdi Popularreko zinegotzia bahitu zutela. Hori dela eta, Ermuko Udalak omenaldia antolatu du, eta zeresana eman du ekitaldiak. Besteak beste, han izan direlako Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Felipe VI.a Espainiako erregea.

Baita, azkenean, Mari Mar Blanco ere, Miguel Angel Blanco zenaren arreba. Aurrez, ekitaldira ez joatearekin mehatxu egin zuen, berak hitz egiteko aukerarik ez bazuen. Juan Carlos Abascal Ermuko alkateak, ordea, lortu du, azkenean, parte hartzea.

Hitza hartzen lehenengoa Abascal izan da. Elkarbizitzaren eta errespetuaren aldeko hitz egin du, gaur egungo hainbat gairi erreferentzia eginez. Eskerrak eman dizkie, bereziki, 1997. urtean Ermuko Udala osatzen zuten kideei, besteak beste, Carlos Totorika alkate ohiari. Miguel Angel Blancoz gain, gogoan izan du Sotero Mazo ere, 1980. urtean hildakoa.

Jarraian igo da oholtzara Mari Mar Blanco, eta lehenik Felipe VI.ari eman dizkio eskerrak ekitaldira joateagatik; gauza bera eginez amaitu du bere hitzaldia. Gogor hitz egin du Blancoren heriotza «txalotu» zutenen aurka, «ETA eta Herri Batasuna, gaur egun EH Bildu». ETAren helburuek bizirik jarraitzen dutela salatu du, eta ETAren biktimak, berriz, erreferente moral gisa aurkeztu ditu. Kontakizunak «onen eta txarren historia bat» kontatu behar duela defendatu du, «bestela ez baita justua izango».

Hirugarrena izan da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Euskaraz egin du bere hitzaldi ia osoa. Esan du ETA «erabaki boluntario eta kontziente bat» izan zela, «beraien ideiak indarrez ezartzeko helburua» zuena. Egian oinarritutako etorkizun baten alde hitz egin du: «Guztion oroimenaren gainean eraikitako memoria, biktima guztiena».

Sanchezek Blancoren heriotzak «Espainiaren historian» izan zuen garrantzia azpimarratu du. ETAren aurkako borrokan lan egin zuten eragileei eman dizkie eskerrak: epaileak, poliziak, alderdi politikoak... Memoria eraikitzearen aldeko aldarria egin du, eta, besteak beste, Gasteizen zabaldutako zentroa goraipatu du. «Bakea lortzea min asko kostatu zaigu; min hori bilaka dadila biolentziatik babesten gaituen kontzientzia kolektibo», amaitu du.

Azkenik, Felipe VI.a igo da oholtzara, «gora erregea» oihu artean. 1997ko uztailaren 14an Ermuan izan zela oroitu du, eta aipatu du sekula ez duela ahaztuko egun hartan sentitutakoa. «Ermuko espiritua» aipatu du erregeak ere: «Espainia osoan zabaldu zen, eta erabakigarria izan zen terrorismoaren aurkako borrokan». Egun haietan bizi izandakoaz hitz egin du nagusiki, eta txalo zaparrada luzea eskaini diote.

Mehatxuak eta hutsuneak

Gaur egun PPko kidea da Mari Mar Blanco (diputatua da Madrilen), eta alderdi horrek larunbatean Ermuan bertan egin zuen ekitaldian ere hartu zuen hitza. Sanchezi eskatu zion «ausarta» izateko eta ekitaldia baliatzeko EH Bildurekin duen lotura apurtzeko. «Terroristak bakartzea ahalbidetu zuen batasun politikoa» berreskuratzeko deia egin zuen, eta Memoria Demokratikoaren Legeari aipamen eginez eskatu zuen «istorio faltsuek» tokirik ez izateko bertan.

Badira ekitaldian parte hartu ez dutenak ere. Besteak beste, ez da han izan Sortu, haien iritziz ekitaldiak ez duelako elkarbizitzan aurrera pausoak ematen lagunduko. Ez dira han izan Vox eta Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohia ere, aste honetan Espainiako Gobernuak EH Bildurekin Memoria Demokratikoaren Legea onartzeko egin duen akordioa dela eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.