Eusko Legebiltzarra datorren asteartean eratuko da, eta Mahaia nork osatuko duen argitzeko dago. EH Bilduk Eba Blanco proposatuko du lehen presidenteorde gisa, eta Eraitz Saez de Egilaz idazkari gisa. EAJk ez du argitu nor proposatuko duen. Bakartxo Tejeria izan da aurreko hiru legealdietan lehendakari, eta Gipuzkoako zerrendaburu aurkeztu zen. Atzo Itxaso Atutxa BBBko buruak esan zuen apirilaren 21eko hauteskundeen emaitzen «isla ona» izango zela EAJk bi ordezkari izatea Mahaian, EH Bilduk beste bi eta PSE-EEk bat. EAJk eta EH Bilduk 27na eserleku lortu zituzten, eta PSE-EEk, hamabi.
Hain zuzen, horretaz kexatu da Javier de Andres PPko legebiltzarkidea gaur, PPko ordezkariek izendapen agiriak jaso ostean egindako agerraldian. Zazpi eserleku lortu zituzten. De Andresen ustez, «pluraltasuna» mugatuko luke Mahaia EAJ, EH Bildu eta PSE-EEren artean osatzeak, eta «aurrekari arriskutsua jar lezake datorren legealdirako». Salatu du EAJk eta PSE-EEk beren mesederako erabiliko dutela gehiengo osoa.