Apustuak eta 'online' jokoak. Ana Estevez. Deustuko Unibertsitateko psikologoa

«Bizkortu egin da joko mendekotasuna garatzeko prozesua»

Apustuek eta zorizko jokoek gizartean duten eragina ikertu du Ana Estevez psikologoak. Oso larritzat jo du apustu etxeen eta 'online' jokoen publizitatearen goraldia, «gazteengan izan dezakeen eraginagatik».

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
2019ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Joko Arduratsuaren Aholku Batzordea sortu zuen urrian Espainiako Gobernuak, jokoaren eragina neurtu eta horren gaineko estrategiak diseinatzeko. Batzorde horretako kidea da Ana Estevez psikologoa (Barakaldo, Bizkaia, 1976). Deustuko Unibertsitatean irakaslea da, eta Osasun Psikologia Orokorreko Masterreko zuzendaria.

Deustuko Unibertsitatean egin duzuen azken inkestaren arabera, hiru gaztetik bat aritzen da apustuetan. Kezkagarria al da?

Datuok erakusten digute errealitate ukaezin bat: jokoarekin arazo bat duten pertsonen soslaia aldatu egin da. Eta gaztetu. Gero eta lehenago hasten dira mendekotasunak azaleratzen.

Gazte gehiagok jokatzen dute orain, beraz?

Gazteek eta nerabeek beti jokatu izan dute, hori frogatua dago aspalditik. Jokoarekiko arazo bat garatu duten helduei galdetzen diegunean noiz hasi ziren jokoan, gehienek nerabezaroa aipatzen dute. Hortaz, zein da berritasuna? Bada, lehen, urteak behar zirela jokoa gaitz bihurtzeko: mendekotasun zantzuak azaleratzen zirenerako, zazpi, zortzi edo bederatzi urte pasa zitezkeen. Gaur egun, prozesu hori askoz laburragoa da, eta jokalariek lehenago izan dezakete arazoren bat.

Zergatik?

Beste joko modalitate askotan ez bezala, kirol apustuetan diru kopuru izugarri handiak joka ditzake jendeak, oso denbora tarte laburrean. Adibidez: txanpon makina batean 500 euro xahutzeko, arratsalde oso bat eman behar duzu jokatzen. Kirol apustuetan, berriz, minutu batean gasta dezakezu kopuru hori. Jokoak gero eta konplexuagoak dira, gero eta adiktiboagoak, eta inoiz baino zabalagoa da eskaintza. Ondorioz, mendekotasuna garatzeko prozesua asko bizkortu da.

Jokalarien soslaia gaztetu egin dela diozu, baina ba al du beste ezaugarririk?

Generoa, adibidez, oso markatua dago: gizonezkoak lehenago hasten dira jokoan, eta aukera gehiago dituzte mendekotasuna garatzeko; emakumezkoak, berriz, helduagoak dira jokatzen hasten direnean.

Zer dute kirol apustuek eta online jokoek hain erakargarriak izateko?

Faktore asko dira garunean eragiten dutenak. Horietako batzuek lotura zuzena dute jokoaren bat-batekotasunarekin: apustua egiten denetik emaitza jaso arte igarotzen den denbora tartea zenbat eta laburragoa izan, orduan eta mendekotasun handiagoa eraginen du jokoak. Horregatik, zuzenean egindakoak izan ohi dira apusturik adiktiboenak, partida jokatzen ari den bitartean egindakoak. Une horietan, jokalarien emozioak eta aktibazioak goia jotzen du, eta askoz zailagoa da erabaki zuhur eta zentzuzkoak hartzea, gaitasun kognitiboa sorgortuta bezala baitago. Gure garunaren erantzuna askoz irrazionalagoa da. Bestalde, sariaren zenbatekoak ere eragin handia du, eta, gaur egun, apustuek —probabilitateak gorabehera— sari handiagoak ematen dituzte.

Amua erakargarriagoa da, beraz...

Hori da. Eta badago beste faktore garrantzitsu bat ere: apustu gehienak kirolari lotuta daudela. Gaur egungo gizartean, gauza gutxik dute kirolaren indar aglutinatzailea. Realekoa, Athleticekoa... Garen taldekoa garela, kidetasun sentimendu horrek batzen gaitu, arrazaren, erlijioaren edo pentsaera politikoen gainetik. Hori ere baliatzen dute apustu etxeek: Egizu apustu zure taldearen alde, defendatu zeurea den hori... Gisa horretako mezuak oso ohikoak dira kirol apustuen iragarkietan. Bestalde, zale gehienek uste dute kirol horri buruzko jakintza handia dutela, eta horrek ziurtasuna ematen die. Pentsatzen dute gai izango direla sistemari irabazteko, sistemak berak sustatutako falazia bat izan arren.

Publizitateak ere eragina izanen du mendekotasunean...

Erabatekoa. Publizitate mota asko daude, gainera: iragarki batzuk oso bortitzak dira, agerikoak, baina badago askoz sotilagoa den publizitate mota bat ere. Irratian, adibidez, deskuiduan bezala esatariak esaten duenean: «Partidaren emaitza asmatu duten zaleek ez dakit zenbat euro irabazi dituzte gaur apustuetan». Apustu etxeen publizitateak inbadituta bizi gara. Edonon ikus dezakegu, eta hori bereziki kaltegarria da gazteen eta adingabeen kasuan.

Zergatik?

21 urtetik beherakoen garuna garatze prozesu betean dagoelako oraindik, eta gisa horretako publizitateak eragin handiagoa izan dezakeelako haiengan. Errazago onartu eta barneratzen dute publizitateak eskaintzen diena.

Adingabeek ez al dute debekatua apustu etxeetan sartzea eta online jokoetan aritzea?

Hala da, bai, baina mendekotasunak artatzeko zentroen datuek eta ikerketek diote adingabeek jokatu jokatzen dutela. Edonola ere, debeku horrek ez ditu gazteak publizitatearen eraginetik libratuko. Oraindik ez dakigu publizitate mota horrek epe ertain edo luzera zer ondorio izan ditzakeen; hortaz, arduragabea da iragarki horiek gailu eta euskarri guztien bidez zabaltzea, aintzat hartu gabe gizatalde kalteberenetan izan dezakeen eragina.

Zeintzuk dira administrazioek hartu beharko lituzketen neurriak arazoari aurre egiteko?

Lehenik eta behin, joko eta apustuen publizitatea arautu beharko litzateke. Espainiak Jokoaren Legea noiz onartuko zain gaude aspalditik, horrek ekarriko dituen berritasunak garrantzitsuak izan daitezkeelako. Neurrietako bat izan daiteke joko aretoetara sartzeko kontrolak zorroztea. Adingabeek debekatuta daukate sartzea, bai, baina oso komenigarria litzateke joko aretoak ez zabaltzea ikastetxeetatik eta horrelako eremuetatik gertu. Azkenik, ezinbestekoak dira kontzientziazio kanpainak, jokoa gizartean ez normalizatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.