Luis Altzuetak 22 urte, Simon Altzueta anaiak 25, Joxe Apaolazak 23, Jose Mari Gabiriak 22, Ramon Igartzabalek 25, eta Jesus Izagirrek 27. Denak gazteak. Sei dira Bizkargiko batailan 1937ko maiatzean faxistek hil zituzten gabiriarrak, eta bihar omenduko dituzte Muxika, Larrabetzu eta Zornotzaren arteko mendian (Bizkaia). Amaiur batailoian aritu ziren 1936ko irailetik, eta Kandido Sasetaren agindupean borrokatu ziren altxatutakoen aurka.
Orain dela gutxi arte, ezezaguna zen sei gabiriar horien patua herrian. Iñigo Santxo abokatua hasi zen Jose Apaolaza bere bikotekidearen osabaren bila, eta ikerketa eginez lortu zuen jakitea Bizkargiko batailan zauritu eta Loiuko kanpaina ospitale batean hil zela. Santxok datu eta nomina batzuk berreskuratu, eta txosten bat idatzi zuen Apaolaza non borrokatu zen azalduz, senideen artean zabaltzeko. Joseren heriotza «gai tabua» zen apaolazatarrenean. Abokatuak kontatu duenez, haren amak meza eskatu zuen herriko elizan, eta abadeak ukatu egin zion, «kondenatu» bat izateagatik. Santxok jakin zuen Derioko hilerrian lurperatu zutela Apaolaza, eta handik hamabost urtera haren gorpua hezurtegi komunera bota zutela, familiari ezer esan barik. Joseren arrebak 80 urte eman zituen jakin barik Bizkargiko batailan hil zela, eta lasaitasuna eman zion haren patuaren berri jakiteak.
Txostena senideentzat egin arren, Santxok azaldu du arin zabaldu zela herrian, eta auzokide batzuek beren senideei buruz ere zeozer aurki zezakeen galdetu zioten. Orduantxe heldu zen Bizkargiko batailan hil ziren beste bost gabiriarretara. Gabiria herri txikia izan arren, hangoek lotura handia dute 1936ko gerrarekin. «Gabiria da Euskal Herritik biztanleko gudari gehien bidali zuen udalerria. 112 joan ziren gerrara, herriko gizonezkoen %35».
Hainbat gabiriar joan ziren atzo Elgetara (Gipuzkoa), Intxortafrontean gertatutakoa gogoratzeko. Santxo: «Memoria historikoaren alorrean gauza asko egiten ari dira modu lokalean, baina lotura barik. Horiek josteko asmoarekin planteatu genuen bizikleta martxa bat egitea».Aldaketa batzuk gorabehera, domekan egingo dute sei gabiriarrek Bizkargirako bidea bizikletan, 1937an hildako sei gabiriar omentzeko.
Urtebete borrokan
1936ko irailean atera ziren Gabiriatik gudara, udaleko defentsa batzordeak deituta. Gehienak EAJren Amaiur batailoian lerrokatu ziren; Nafarroako gazteluaren defentsan aritu ziren borrokalarien omenez hartu zuten izen hori. Mundakan egin zuten kuartela, eta, hainbat lekutan borrokatu eta gero, maiatzaren 9an Bizkargira joan ziren. Han hil ziren bihar omenduko dituzten gabiriarrak, baina batailoiak borrokan jarraitu zuen 1937ko abuztuan Eusko Gudarostea Santoñan (Espainia) errenditu arte.
Bizkargiko gabiriarrei omen
Bizkargi Egunaren harira, bihar omenduko dituzte mendi hartako batailan hil ziren sei gabiriar. Iñigo Santxo abokatuaren ikerketei esker lortu dute jakitea non hil ziren Amaiur batailoiko seiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu