LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du gaur GESCA patronalaren egoitzaren aurrean, langile gehiago kontratatzea eskatzeko, eta sektore publikoko langileen baldintzak berdintzeko. Ane Escondrillas bozeramaileak ohartarazi du azkenengo hitzarmenean adostutako orduen murrizketa langileak eurak betetzen ari direla «euren esfortzuarekin, eta euren osasunaren kalterako, ez delako langile gehiago kontratatu».
Escondrillasek ratioak «premiaz» aztertzeko eta hobetzeko eskatu du, eta GESCA patronala gezurretan ari dela adierazi: «Esaten ari dira bi langile daudela egoiliar bakoitzeko, eta benetan bi langile daude ia 30 erabiltzaileko». Sindikatuak zahar etxeen zerbitzua publikoa izan beharko litzatekeela azpimarratu du.