Bizkaiko hondakinak ikuskatzea nahi dute ekologistek

Hondakinak kudeatzeko eredua auzitan ipini duen txostena aurkeztu du Ekologistak Martxan taldeak Bizkaiko Batzar Nagusietan

Maria Presa batzordeko presidentea eta Gorka Bueno EHUko irakaslea, atzoko agerraldian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2016ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
EHUko Ingeniaritza irakasle Gorka Bueno Bizkaiko Batzar Nagusietan izan zen atzo, kide den Ekologistak Martxan taldeak Bizkaiko hiri hondakinen kudeaketari buruz duen ikuspegiaren berri ematera joanda. «Azken urteetan egin ditugun kritikak berriz egitera etorri gara. Ez digutenez kasurik egin, eurengana etorri gara», azaldu zuen bukatutakoan. Horretarako, agintaldi honetan sortu duten Eskaeretarako eta Herritarrekiko Hartu-Emanetarako Batzordea aprobetxatu zuen talde ekologistak. Kudeaketa sistemari eta, bereziki, Zabalgarbi errauste plantari ikusten dizkioten gabeziak azaldu ostean, ikuskaritza eskatu zuen Buenok. Baina adierazi zuen gizarte eragileek ere parte hartu beharko luketela, kanpoko adituekin batera. «Ikusi dugu kontrolaren ardura duten erakundeek orain arte zer egin duten».

Ordezkari politikoei aurkeztutako txostenaren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak «manipulatu» egiten ditu hiri hondakinen kudeaketari buruzko datuak. «2014ko balantzean esan zuten hondakinen %67,7 birziklatzen direla Bizkaian. Baina ez da horrela: %40ra ere ez da iristen, eta txostenean frogatu dugu». Buenoren arabera, Bizkaiak ez du beteko Europak 2020rako ipini duen helburua: hiri hondakinen erdiak birziklatu beharko dira urte hori baino lehen.

Bereziki Zabalgarbiri egin dizkio kritikak. Ekologistak Martxan-eko ordezkariaren iritzian, Bizkaiko hiri hondakinen kudeaketa sistema errauste plantari «elikatzen emateko» antolatuta dago: «Zabalgarbi dago oinarrian». Gaineratu du martxan daramatzan hamar urteotan «hondakin asko» erraustu dituela energia berreskuratu gabe. «Zabalgarbiren Ingurumen Zaintzako Programan eta Merkatu Elektrikoaren Operadorearen datuen erregistroan eskuragarri dauden datuen arabera, ondoriozta daiteke Zabalgarbik azken urteotan sorkuntza elektrikorik gabe erraustu dituela hondakinak denboraldi luzeetan».2013an hiru hilabete eta 2014an ia hilabete izan direla aipatu zuen.

Era berean, beste batzuetan argindarra hondakinen energia berreskuratu gabe sortzen duela ere salatu zuen: «Abian jarri zenetik, ia hemezortzi hilabetez gas turbinan bakarrik sortu zuen argindarra, lurrun turbinan izandako matxura baten ondorioz». Horregatik, Zabalgarbik energia berriztagarrien sortzaileei dagozkien hobariak jaso izana salatu du. «Argindarraren %70 inguru ez da berriztagarria; beraz, ez da bidezkoa hobariak jasotzea». Buenok uste du «ez dagozkion» hobari horiek egiten dutela Zabalgarbi errentagarri.

Azkenik, zepen auzia salatu du. Arriskutsuak izan daitezkeela ohartarazi du. Hala den kontrolatzeko azterketak Eusko Jaurlaritzak egin behar ditu, Ingurumen Sailaren bitartez. Joan den otsailaren 4an eskatu zuen errauste planta ireki zeneko zepen azterketen emaitza, eta gobernuak berak halako galderak erantzuteko ipinia duen epea amaitu da. «Hemen nagoela idatzi ez badute, ez dut haien berririk izan».

Batzorde horretan alderdiek ez dute balorazio politikorik egiten. Hitz egitera joaten direnei galderak egitera mugatzen dira. Dena den, Buenorentzako kritikarik izan zen. PPk, adibidez, «frogarik gabeko salaketak» egin izana egotzi zion. Eledun sozialistak, berriz, Buenori galdetu zion «zepak arriskutsuak izan daitezkeela pentsatzeko arrazoia informazio falta izan duen bezala, gainontzekoetan oinarri bera erabili» duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.