Bizkaiko herritarren ia heren batek dauka osasun aseguru pribatua

Eustatek emandako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan %4,1 igo da aseguru pribatu bat hartua dutenen kopurua, 2021etik 2023ra. 398 milioi euro jaso zituzten aseguruek iaz.

Ginekologia zerbitzua da osasun aseguru pribatua dutenek erabiltzen dutenetako bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ginekologia zerbitzua da osasun aseguru pribatua dutenek erabiltzen dutenetako bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
mikel p ansa
2024ko abenduaren 27a
18:01
Entzun

Bizkaiko herritar guztien ia heren batek (%30,7k) dute osasun aseguru pribatu bat, Eustatek gaur eman dituen datuen arabera; arabarren artean, gutxiago dira: %19,4; eta gipuzkoarren artean, are gutxiago: %15.

Aseguru pribatu bat dutenak ugaritu egin dira azkeneko urteetan: 2021eko datuen aldean, 2023an %4,1 igo zen aseguru pribatu bat hartua dutenen kopurua, hiru herrialde horietako datuak batuta. Guztira, Eustaten iazko datuen arabera, 525.435 pertsonak dute aseguru pribatu bat osasun kontuetarako.

Osasun aseguru pribatuek 398 milioi euro jaso zituzten, prima kontzeptu gisa, 2023an; bi urte lehenago baino %8,7 gehiago. Hiru probintzia horietako BPG barne produktu gordinaren %0,43 da hori.

Asegurua dutenen artean, erdiak baino pixka bat gehiago (%52,8) emakumezkoak dira. Adinari erreparatuta, berriz, 45 eta 64 urte artekoak dira gehienak (%34,8); gazteagoek baina lanerako adinean direnek osatzen dute bigarren adin multzo esanguratsua, 25 eta 44 urte artean dutenek (%26,1).

1,8 milioi kontsulta egin zituzten aseguru mediko pribatuek 2023an. Era guztietako kasuak hartu zituzten, baina traumatologia (240.000 kontsulta), oftalmologia (191.000), ginekologia (184.000) eta dermatologia (158.000) izan ziren gehien eskatutako zerbitzuak.

Aseguru pribatu horietatik gehienak kolektiboak dira, enpresenak edo taldeenak. Baina, halere, aseguru indibidualak eta familien aseguruak herenak dira (%33,9). Aseguru indibidual eta familiarrak %4 ugaritu ziren 2021 eta 2023 bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.