Bizkaiko Medikuen Elkargoak inkesta bat egin du bere kideen artean, eutanasiari eta medikuek lagundutako suizidioari buruz. %86 agertu dira eutanasia legez arautzearen alde; gutxiago dira medikuek lagundutako suizidioaren aldekoak: %71. Elkargoko presidente Cosme Nevadaren arabera, «suizidioak gizartean duen irudi ezkorraren ondorio» izan daiteke bien arteko aldea.
Inkesta berean ikus daiteke medikuen erdiek uste dutela soilik medikuek eragin beharko luketela heriotza botiken bidez. Aukera hori ematen ere aitortzen dietenak gehituz gero, hamarretik ia zazpi dira. Medikuek lagundutako suizidioan, sendagileak heriotza eragingo duen botika ematen dio eriari, eta hark hartzen du. Eutanasian, berriz, medikuak berak jartzen dio botika.
Bizkaiko mediku gehienek kontzientzia eragozpena arautzea ere nahi dute: %85ek eskatu dute legeak aukera hori jasotzea. Baina gehienek, hamarretik seik, ez lukete erabiliko eutanasia ez praktikatzeko; hala ere, sei horietatik bik aitortu dute ez daudela erabat seguru. Medikuen ustez, hiru arrazoigatik eskatzen dute eriek eutanasia: autonomia eta askatasun pertsonala galdu dutelako, min jasanezina dutelako, eta gaitasun kognitiboak galtzeko beldur direlako.
Bi gai, bi eztabaida, bi lege
Nevadaren esanetan, gai honetaz bere kideei galdetu dien elkargo bakarra da Bizkaikoa. Inkesta egiteko lagina «handia» izan denez, iruditzen zaio emaitza «beste lurralde batzuetara» heda daitekeela. Gizartean «zabaldu» den eztabaida da, Bizkaiko Elkargoaren ustetan. Lehenengo elkargoko kide diren 7.000 medikuei bidali zieten galdetegi bat. %10 inguruk erantzun zuten. Elkargoak balekotzat jo zuen parte hartzea, baina iruditu zitzaien erantzun zutenak kideen arteko «militanteenak» izango zirela, izan eutanasiaren alde, izan kontra. Horregatik, EHUra jo zuten inkesta bat egiteko laguntza eske. Urriaren 23tik azaroaren 11ra egin zuten, eta ausaz hautatutako 382 kideri egin zizkieten galderak, telefonoz.
Espainiako Kongresuan legea eztabaidatzen ari dira. Ekainean aurkeztu zuten lege proposamena, eta gehiengoaren babesa jaso zuen. Urrian PPk osoko zuzenketa aurkeztu zion; zuzenketa horretan zaintza aringarriak arautzeko legea sartu zuen. Gehiengoak atzera bota zuen. Nevadak ohartarazi du medikuak ez daudela zaintza aringarrien kontra: «Alderantziz». Baina gai biak bereiztea eskatu dute.
Azaldu du Kongresua lehenagotik ari dela zaintza aringarrien legea eztabaidatzen, baina «ez atzera ez aurrera» geratu dela. Eztabaida horri indarra emateko eskatu du, ezinbestekoa iruditzen zaielako zaintza aringarrien legea. Era berean, gogora ekarri du Eusko Legebiltzarrak 2006an onartu zuela EAEko legea, baina salatu du oraindik erabat garatu gabe dagoela.
Bizkaiko hamar medikutik seik ez liokete uko egingo legez eutanasia egiteari
Bizkaiko Medikuen Elkargoak eutanasiaren inguruko inkesta egin du bere kideen artean. Gaia arautzearen alde daude sendagileen %86
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu