EAJren Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Iparraldeko herrialde batzarrek Aitor Esteban aukeratu dute Euzkadi Buru Batzarreko presidente izateko hautagai, eta erabaki horren berri emango dute IX. Batzar Nagusian; martxoaren 29an eta 30ean egingo dute, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Batzar horretan aukeratuko dituzte EBBren presidentea eta burukide berriak. Gainera, EBB berriaren ekintza politikoa egituratuko duten bost txosteni aurkeztutako zuzenketak eztabaidatuko dituzte ordezkariek, eta behin betiko testu bat onartuko dute. Txosten horien zuzenketak ere onartu dituzte Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Iparraldeko herrialde batzarrek. Arabako herrialde batzarra asteazkenean bilduko da.
Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan eta Iparraldean egin dituzten herrialde batzarrak IX. Batzar Nagusiaren aurreko azkenetariko pausoak izan dira. Izan ere, EBBko kideak hautatzeko barne prozesuaren bi itzuliak amaitu dira jada. Lehen itzulian, EAJren EBB zuzentzeko bi hautagai nabarmendu ziren: Andoni Ortuzar EAJko presidentea eta Aitor Esteban Kongresuko bozeramaile jeltzalea. Ortuzarrek, ordea, lehia utzi zuen, eta bidea zabaldu zion Estebani bigarren itzulirako. Otsailaren 26an amaitu zen.
Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Iparraldeko herrialde batzarrek ez dute solik Estebanen alde egin: EBBko burukide izateko zortzi hautagai ere babestu dituzte. Zehazki, hauek: Andoni Busquet, Joseba Diez Antxustegi, Ion Gambra, Maitane Ipiñazar, Miren Martiarena, Markel Olano, Javier Ollo eta Manu Tejada. Zerrenda horrek ildoen eta lurraldeen arteko orekari eusten dio. Izan ere, Tejada, Busquet eta Martiarena Ortuzarren ingurukoak dira, eta Ipiñazar, berriz, Estebanen hurkoa. Olanok eta Ganbrak ordezkatuko lukete Gipuzkoa, Diez Antxustegik Araba, eta Ollok Nafarroa.
Barne prozesua amaitzean, hamalau pertsona eseriko dira EBBren mahaiaren bueltan: presidentea, berezko zortzi kideak eta lurraldeetako bost buruak —Maria Eugenia Arrizabalaga (GBB), Jone Berriozabal (ABB), Iñigo Ansola (BBB), Unai Hualde (NBB) eta Pantxoa Bimboire (IBB)—.