Metroa zerbitzua eskaintzen hasten den lekuetan «iraultza» gertatzen dela azaldu zuen Nievesek. Azken urte hauetan, Ezkerraldera zabaltzen ari da metroa, eta iaz Sestaora heldu zen -2007ko urtarrilean Portugaleteko geltokia zabaldu zuten-. Horrek eragin zuzena izan zuen inguru horretako bestelako garraiobide publikoetan. Hala, aurreko urteetan Bizkaibusek, autobus zerbitzu publikoak, bidaiariak galdu izan ditu, ia guztiak Ezkerraldean. Autobus zerbitzu publikoaz gainera, Bizkaiko Zubia edo zubi esekia izan da bidaiari galera izan duena.
Nievesek azaldu zuenez, Portugalete eta ondoko herritar askok Bizkaiko Zubia erabiltzen zuten Ibaizabal zeharkatu, eta Areetako metro geltokira joateko. Baina metroa Sestaora heldu zenetik batez ere, Bizkaiko Zubiaren bidaiari kopuruak behera egin du. Dena dela, bost milioi bidaiari ditu urtean.
Metroak ia 80 milioi bidaiari izan zituen iaz, aurreko urtean baino %2,5 gehiago. Garraio zerbitzu publikoen erabiltzaile kopurua %0,8 hazi bazen, metroak bataz besteko horretatik gora egin zuen nabarmen. Ezkerraldeko bi geltoki berriek eragin zuten bidaiari igoera hori, Nievesen hitzetan. Gaineratu zuenez, bi urtetik behin bi geltoki berri zabaltzeko asmoa dute. Azken geltokia Santurtziko Cabiezes auzokoa izango da, eta 2010. urterako egongo da.
Metroak erabiltzaile kopurua igo du, baina ez da gauza bera gertatu trenbidea erabiltzen duten beste operadoreekin. Renfek, Euskotrenek eta Fevek erabiltzaile gutxiago izan zituzten iaz.
Antzeko zerbait gertatu zitzaion Bizkaibusi, Bizkaiko herrietan autobus zerbitzua eskaintzen duen konpainiari. %3,9 bidaiari gutxiago izan zituen. Ezkerraldean metroa zabaltzea eta Bilbo-Castro (Cantabria, Espainia) lineako bidaiariak ez zenbatzea ekarri du galera hori, Nievesen hitzetan. Iaz arte, Castrorako linea Bizkaibusen barruan zegoen. Bizkaibusek bidaiariak galdu dituen bitartean, Bilboko Udalaren autobus zerbitzuak, Bilbobusek, irabazi egin ditu (%4,5). «Bilboko Udala egiten ari den garraio politika eraginkorra dela ikusi da beste behin».
Bidaiari kopurua handitzearekin batera, Bizkaiko garraio publikoek urte guztian batzen duen diru kopuruak ere gora egin zuen. Iaz, aurreko urtean baino %3,6 diru gehiago batu zuten garraio publikoko operadoreek. Baina Nievesek azaldu zuenez, erabiltzaile kopuruaren hazkundea ez da arrazoi bakarra. Metroak Etxebarriko eta Sestaoko geltokiak irabazi dituenez, erabiltzaileek bi aldetan ibiltzeagatik ordaindu behar dute, hau da, bidaia bakoitzak gehiago balio du. Horrek eragin zuzena dauka azkenengo diru bilketan. Metroa izan zen diru gehien batu zuen garraiobide publikoa: kopuru osoaren erdia.
CREDITRANS, GERO ETA GEHIAGO. Renfe ez den beste garraio publikoetako erabiltzaileek Creditrans izeneko txartela erabil dezakete. 5, 10 eta 15 eurokoak daude, eta estankoetan, kioskoetan eta ONCEko kaleko zenbait saltokitan saltzen dituzte. Erabiltzen den bakoitzean, diru kopurua kentzen da txartelaren saldotik. Iaz, 90,6 milioi bidaiarik erabili zuten, aurreko urtean baino %3 gehiagok.
Apurka-apurka bada ere, Creditrans txartelaren erabilera handitzen ari da Bizkaiko garraio publikoaren erabiltzaileen artean. Gaur egun, bidaiarien %60ak erabiltzen du. Bizkaibus eta Bilbobus zerbitzuetako erabiltzaileak dira gehien erabiltzen dutenak.
############
Bilboren kanpoaldean autoentzako beste aparkaleku bat egin nahi du Partzuergoak
asier iturriagaetxebarriaBilbo
Leioan eta Etxebarrin dauden aparkalekuek izan duten harrera ona ikusita, Ezkerraldean autoentzako beste aparkaleku handi bat egiteko asmoa dauka Bizkaiko Garraio Partzuergoak. Baina inguru horretan lursailen eskasia handia dago, eta kostatzen ari zaio kokapen apropos bat topatzea, Juan Cruz Nieves Bizkaiko Garraio Partzuergoko zuzendari nagusiak adierazi zuenez.
Bilbao Exhibition Center, Santurtziko Cabieces auzoa eta Sestaoko Urbinaga auzoa dira Garraio Partzuergoa aztertzen ari den aukerak. Dena den, Nievesek esandakoagatik urrun dago oraindik Ezkerraldeko eta Meatzaldeko herritarrei zerbitzua emango dien aparkalekua abian jarriko den eguna.
Zabalik dauden aparkalekuak Etxebarrikoa eta Leioakoa dira. Lehenengoak, Durangaldeko, Busturialdeko eta Arratiako herritarrei eskaintzen die zerbitzua, eta bigarrenak Uribe aldekoei. Biak metro geltokiaren ondoan daude. Hala, garraio zerbitzu ona ez duten herrietako biztanleek autoz joaten dira Bilbo ondoraino, han ibilgailua uzten dute, eta metroz hiriaren erdira sartzen dira. Egun osoa autoa uzteagatik, 0,65 euro ordaintzen dute Leioan eta 0,50 euro Etxebarrin, beti ere metroa erabili dela erakusten bada.
Iaz, %11 inguru hazi zen bi aparkalekuen erabilera. Nievesek esan zuenez, Etxebarriko aparkalekuan leku falta dago, eta hango Udalarekin harremanetan daude, aparkalekua handitzeko. «Autoa garraio publikoaren sisteman txerta daitekeela erakutsi dugu, eta horrek ez duela zertan txarra izan behar. Bide horretatik jarraitu nahi dugu».
############
«Eskaintza zentzuduna eginez gero, herritarrek garraio publikoaren alde egiten dute»
juan cruz nieves
Bizkaiko garraio partzuergoa