2017 eta 2022 bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiaren zaintzapeko 31 adingabek sexu askatasunaren aurkako delituak salatu zituzten. Horietatik 25 neskak ziren, eta gainerakoak, mutilak. Amaia Antxustegi Gizarte Ekintza saileko diputatuak eman ditu datuok gaur, alderdi popularrak eskatuta, Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzaren Batzordean egindako agerraldian. Antxustegik zehaztu duenez, salaketa horietatik guztietatik bakarra dagokio aldundiaren zentro baten «barruan» gertatutako zerbaiti. Ustez delitua egin zuten gainerakoak ez zituen aldundiak zaintzen. Biktima guztiak zeuden aldundiaren zaintzapean.
Iaz ere aldundiaren zentroetan gertatutako hiru delitu salatu zituzten. Hain zuzen, Antxustegik esan du oraintxe bertan «hiru atestatu» daudela irekita. Datuak aurkeztuta, argi utzi du ez dela «ohikoa» Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen zentroetan horrelakorik gertatzea. Are, esan du ezen, halakorik gertatu behar ez litzatekeen arren, ez dela «alarma sortu» behar. «Ez da estigmatizatu behar, eta informazio horri ezin zaio bidea eman aldez aurretik egiaztatu gabe», azpimarratu du.
Bide batez, Antxustegik argitu nahi izan ditu EAEko Fiskaltzak duela gutxi argitaratu dituen datuak. Fiskaltzaren txostenaren arabera, iaz, adingabeek sexu askatasunaren kontrako 80 delitu egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Antxustegik gogoratu du kopuru hori adingabe guztiei dagokiela eta ez soilik zaintzapeko adingabeei.
Bestalde, adingabeen kontrako 42 salaketa jarri zituzten iaz sexu askatasunaren kontrako delituengatik. Horietatik sei artxibatu egin zituzten, egileek 14 urte baino gutxiago zituztelako, eta beste bost ez zituzten onartu, delitu penala «behar bezala justifikatuta» ez zegoelako. 42 salaketa horietatik hamabitan zaintzapeko adingabe bat zegoen tartean. Hau da, gazte horiek izan ziren biktima edo erasotzaile. «Kasu horietan guztietan» erakundeak berak jarri zuen salaketa fiskaltzan, Antxustegik esan duenez. Izan ere, fiskaltzaren txostenak aldundien jarduna txalotu du, eta adierazi hori izan daitekeela salaketa kopurua areagotu izanaren «arrazoi posibleenetako» bat. 2022an, 30 salaketa aurkeztu zituzten.
Komunikabideetan argitaratzen diren informazioekin «zuhur» jokatzeko eskatu du diputatuak, adingabeak «ez estigmatizatzeko» eta haien «babesa bermatzeko». Izan ere, alderdi popularrak azaroaren amaieran eskatu zuen Antxustegiren agerraldia, komunikabideetan «sexu abusuen salaketei buruzko albisteak» ikusi eta gero.
Generoaren arabera
EAEko Fiskaltzak duela aste batzuk eskatu zuen adingabeen zentroetako gazteak sexuaren arabera banatzea, «sexu erasoak gertatu ez daitezen». Antxustegik esan du eskaera jaso dutela, eta aztertu egingo dutela. Argi utzi du oraindik ez diotela erantzunik eman fiskaltzari, eta euren erabakia «irizpide teknikoetan» oinarrituta egongo dela, haurren ongizatea lehentasuna izanik. Are, ahaidetasuna ere hartuko dute kontuan, ongizate emozionalarengatik «ez baita komenigarria» anai-arrebak bereiztea.
EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak zentroen segregazioaren aurka egin dute. Koalizio abertzalearen ustez, ez du zentzurik segregazioaren aukera aztertzeak, «denboran atzera egitea» izango litzatekeelako. Zuhur jokatzeko eskatu dio aldundiari, adingabeei buruz hitz egiten ari direlako. Era berean, PPren «arduragabekeria» kritikatu du, «sexu abusuak bakarrik dauden adingabe migratzaileekin lotzen saiatzeagatik».
Elkarrekin Bizkaia taldearentzat ere segregazioak ez dauka zentzurik. Aipatu du haurren sareak tresna ugari dituela, «esparru diferenteetan lan egiteko». Besteak beste, sareak aukera ematen du «prebentzioan lan egiteko, biktimei laguntza emateko eta erreparaziorako». PSE-EEk adierazi du fiskaltzaren gomendioarekin «urte asko» egingo dutela atzera. «Lehen hori zen norma, eta inoiz ez zen giro soziala hobetu».
Alderdi popularrak esan du aldundiak hasieratik baztertu duela segregazioaren aukera. Hori dela eta, «berriro pentsatzeko» eskatu dio. Halere, diputatuak eta EAJk adierazi dute oraindik ez dutela erantzunik eman. EAJk, berriz, garrantzitsutzat jo du adingabeak «ez estigmatizatzea», eta balioa eman dio harrera sarearen konfigurazioari. Adierazi duenez, «beti irizpide tekniko eta profesionalei» erantzun die.