HONDAKINEN KUDEAKETA

Bizkaiko Foru Aldundiak hondakinen kudeaketarako beste bi planta eraiki nahi ditu

Sortzen diren hiri hondakinen artean, bost kilotik 4,9 berreskuratu nahi dituzte plan berriarekin.

ZBALGARBI
Hondakinen kudeaketarako Zabalgarbi plantaren artxiboko irudi bat. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
inaut matauko rada
2024ko ekainaren 14a
10:30
Entzun

Azken zortzi urteetan atzeratu ondoren, Hondakinen Prebentziorako eta Kudeaketarako tokiko eskumeneko Plan Integrala eztabaidatu zuten atzo Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordean. Bizkaiko Foru Aldundiak idatzitako lege proiektua eztabaidatu zuten atzo, eta, proposamenak jasotzen duenez, hiri hondakin ez-arriskutsuak tratatzeko beste bi planta eraikitzea aurreikusi du aldundiak.

Etxeetan, komertzio txikietan, zerbitzu zentroetan eta bulegoetan sortzen diren hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko plantak izango dira; plantetako batean biogasa ekoitziko dute hondakinen biometanizazioaren bidez, eta bestean etanola eta metanola aterako dituzte hondakinetatik, erabilera industrialerako.

Vocento taldeko agerkariaren arabera, biogasa ekoiztekoa da aurreratuen dagoena, eta Alonsotegiko (Bizkaia) Artegasen egongo da. 6.000 etxebizitza hornitzeko behar beste gas ekoiztuko du, eta biogasa sortu eta sareratu egingo dute.

Plantak alde batera utzita, 2030erako %15 murriztu nahi dute hondakinen sortzea —521.811 tona urte horretan—, eta plastiko arinez eginiko edukiontzien sorrera ere %20 murriztu nahi dute. Sortzen diren hondakinen artean, bost kilotik 4,9 berreskuratu nahi dituzte.

Plan «kontinuista»

Foru Aldundiak egindako lege proiektua ez zaie askorik gustatu oposizioko alderdiei. EH Bilduk eskatuta, Arantza Atutxa Ingurune Naturalen eta Nekazaritza Sustapenaren diputatuak hitza hartu zuen batzordean, eta alderdiei «kolaboratzeko» eskatu zien legea aurrera ateratzeko eta plan hori martxan jartzeko. Raul Mendez koalizio abertzaleko batzarkideak ontzat jo zuen plana berritzea, baina aldundiak idatzitakoa «boluntarista, konformista eta kontinuista» dela adierazi.

EH Bilduren ustez, ez du aldaketa handirik jasotzen, eta sortutako hondakinen araberako kanon baten ordainketa ezartzeko eskatu zuen, baita hondakinen atez ateko bilketa egiteko ere. Edukiontziak itzultzeko politikak baloratzeko eskatu zuen, baita hondakinen kudeaketa ona egiten dutenak saritzea ere, hobari fiskalen bidez, esaterako.

Elkarrekin Bizkaia taldeko Ricardo Vaquerok ontzat jo zuen tokiko entitateen kolaborazioa. PSE-EEk eta EAJk, gobernuko alderdiek, onartu zuten plan berria berandu iritsi dela, baina nabarmendu zuten tokiko gobernuek eta bestelako erakundeek parte hartzeagatik atzeratu dela. Plana «anbiziotsu eta berritzaile» gisa definitu zuen Ignacio Jeronimok, PSE-EEko batzarkideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.