Bizkaiko Diputazioak hizkuntza eskakizunak apaltzeko asmoa du: lanpostuen erdiei bakarrik ezartzekoa

LAB sindikatuak ohar batean salatu duenez, azken negoziazio mahaian adierazi zieten murrizte asmoa aldundiko buruzagiek, otsailaren 20an; erabaki larria da sindikatuaren ustez, hizkuntza normalizazioan «atzera egitea» ekarriko duelako.

Euskararen aurkako oldarraldi judiziala salatzeko protesta bat, Bilbon, Bizkaiko Diputazioaren parean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Euskararen aurkako oldarraldi judiziala salatzeko protesta bat, Bilbon, Bizkaiko Diputazioaren parean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
arantxa iraola
2025eko martxoaren 4a
12:15
Entzun

Administrazio publikoko langileek euskararen ezagutza egiaztatze aldera ezarritako hizkuntza eskakizunen kontrako epaiak ugariak izan dira azken urteotan, eta lan eskaintza publiko asko atzerarazi dituzte, administrazio publiko gehienetan. Hainbat udalek jaso dituzte tankera horretako ebazpenak, eta diputazioek ere bai. LAB sindikatuak ohar baten bidez jakinarazi du ezen, halakoek sortu duten ezinegonari erantzute aldera, hizkuntza eskakizunetan atzera egitera erabaki duela orain Bizkaiko Foru Aldundiak, «segurtasun juridikoaren» izenean. Aditzera eman dutenez, negoziazio mahaia izan zuten otsailaren 20an, eta han adierazi zieten aldundiko buruek asmoa: «Proposatu dute lan eskaintza publikoetan eskaintzen diren lekuen erdiei bakarrik ezartzea derrigortasun data».

Sindikatuak ohar bat zabaldu du proposamenaren harira, kontra dagoela adierazteko. Asier Izquierdo ordezkariak eman ditu hainbat xehetasun. Proposamenaren ondorioez, hauxe ohartarazi du: «Jende pila bat sartuko da euskararik jakin gabe, eta gero ezingo da ezer egin haiek euskalduntzeko». Hain justu ere, gogora ekarri du 45 urtetik gorako langileak salbuetsita egoten direla, haiek ez dutela obligaziorik hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko, eta, ondorioz, inoiz euskaldunduko ez diren langileen sarbidea erraztu dezakeela orain aldundiak mahai gainean jarri duen proposamenak.

«Jende pila bat sartuko da euskararik jakin gabe, eta gero ezingo da ezer egin haiek euskalduntzeko»

ASIER IZQUIERDO LAB sindikatuko ordezkaria

Bizkaiko Foru Aldundiak ezarritako hizkuntza eskakizunen aurkakoak izan dira hainbat ebazpen. Bilboko auzitegi batek iaz ebatzi zuen, adibidez, «neurriz kanpokoa» zela euskara maila jakin bat eskatzea diputazioan administrari jarduteko lanpostuak egonkortzeko lan eskaintza publiko baterako; gazteleraz baino ez dakitenentzat «diskriminatzailea» dela ziurtatu zuen. Lan eskaintza publikoa 2021ekoa zen, 77 lanpostukoa; 71 lanpostutarako eskatu zuten euskara maila jakin bat. Aurten, urte hasieran, jakin da EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin duela «neurriz kanpokoak» direla hizkuntza eskakizun horiek.

Era berean, iaz urte hasieran jakin zen kolokan daudela Bizkaian 227 lanpostu, euskara eskakizunengatik. Izan ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren menpeko administrazioarekiko auzien epaitegiak ebatzi zuen lanpostuak egonkortzeko euskaraz jakitea eskatzeak «diskriminatu» egiten dituela gaztelaniaz baino ez dakiten langileak.

Hala ere, Izquierdok gogoratu du orain arte aldundiak hizkuntza eskakizunen «defentsa» egin duela halakoen inguruan. Halaxe, urte hasieran, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren berri izan zuenean, diputazioak hitza hartu zuen, ohar baten bidez, eta euskararen ezagutza egiaztatzeko neurrien alde egin zuen orduan. Gogorarazi zuen behargin elebidunak behar dituela administrazioak. «Begi bistakoa da bi hizkuntza ofizial dituen lurralde batean bi hizkuntza ofizial dakizkienak meritu eta gaitasun handiagoa duela hizkuntza bakarra dakienak baino». Ebazpenaren aurka helegitea jartzeko asmoa ere azaldu zuen.

Hizkuntza eskakizunen kontrako epaiak izan ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak ere, eta kalera ere atera dira hainbatetan foru agintariak, langileekin eta euskalgintzarekin batera, hizkuntza eskubideen alde. LABek gogora ekarri du Bizkaiko Diputazioak ere, bide horretan aurrera egite aldera, langileen eta euskalgintzaren babesa izan duela: protestak egin dituzte ELAk, LABek eta Kontseiluak deituta. Gizartean, oro har, administrazioan euskaraz jardutearen aldeko jarrera ere badagoela gogoratu du. 

Horregatik, hizkuntza eskakizunen alde jarraitu behar dela uste dute LABen. Eta lehendik ere egoera ez dela batere samurra gogorarazi dute: «Askotan aldundian ez dira errespetatzen hizkuntza eskubideak, eta atzera egingo dugu halako erabakiekin. Izan ere, erabaki hori normalizazioaren kontra doa, euskal erakundeek hartzen dituzten erabakien kontra, eta euskararen kontra: atzerapauso handia da».

Tankerako erabakiak

Eta ez da halako lehenengo erabakia: aurrez ere antzekoak izan dira. Iazko urrian jakin zen, adibidez, Getxoko Udalean EAJk, PSEk eta PPk adostu zutela hamar udaltzain kontratatzea, eta soilik bosti ezartzea euskara eskakizuna, era horretan EAEko Auzitegi Nagusiak arloan ezarritako jurisprudentziara egokitzeko.

LABek uste du, ordea, ezin direla onartu halako erabakiak. «Harrotu egiten dute epaileek abiarazitako olatu euskarafoboa», salatu dute. Horregatik, adierazi dute ezin dela inboluziorik onartu administrazio publikorako ezartzen diren hizkuntza eskakizunen defentsan: «Ezinbestekoa da bi hizkuntza ofizialak jakitea».

Euskalgintzaren kontseilua: «Hau bereziki larria da»

Bizkaiko Diputazioaren asmoaren berri izanda, kezka adierazi nahi izan du Euskalgintzaren Kontseiluak: «Orain arte, botere judizialak egin du administrazio publikoak euskararen alde bultzatutako neurrien aurka. Oraingo honetan, baina, administrazioak berak hartu du atzera egiteko erabakia. Hau bereziki larria da".

Arduratuta, Kontseilua hainbat eragilerekin harremanetan da, "atzerapausoa" salatzeko zer egin daitekeen ikusteko, eta sakoneko aldaketak nola bideratu daitezkeen aztertzeko. Izan ere, argi du "arkitektura juridiko berri bat" landu behar dela halakorik ez gertatzeko.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.