Euskararen aurkako oldarraldiak ez du etenik. Gaur, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean erabaki bat argitaratu dute, eta, horren bidez, euskara eskakizunen derrigortasuna kendu dute zenbait lanpostutan; 2020ko, 2021eko, 2023ko eta 2024ko Bizkaiko Foru Aldundiko lanpostu publikoen eskaintzei eragiten die.
LABek hilaren hasieran ohartarazi zuen Bizkaiko Foru Aldundiak etorkizuneko lan eskaintzetan euskara eskakizunak murriztea erabaki zuela, «segurtasun juridikoagatik»: «Proposatu dute lan eskaintza publikoetan eskaintzen diren lekuen erdiei bakarrik ezartzea derrigortasun data». Baina etorkizunekoetan ez ezik, aurrekoetan ere izango du eragina. Horren seinale da gaurko ebazpena. Hala jaso dute buletinean: «Lanpostu jakin batzuen hizkuntza eskakizunaren derrigortasuna aldatzen da [...], eta aurrerantzean, derrigorrezkoa ez den hizkuntza eskakizuna izango dute».
Horrenbestez, kasu batean izan ezik, gainerako guztietan postuen erdiek baino gutxiagok izango dute derrigortasun data —B2 edo C1 maila eskatzen zaie—. Deialdiak banan-banan aztertuta, 2020koan, liburutegiko laguntzaileenean izango du eragina. Bost postu daude: bitan derrigorrezkoa izango da euskarazko maila frogatzea; beste bietan, berriz, ez. 2021ean, herritarren eskubideak eta lankidetza sustatzeko teknikari postu bakarra dago, eta ez du izango derrigorrezko hizkuntza eskakizunik. Gainera, kudeaketako teknikari ertainen lau postuetatik erdiek izango dute eskakizuna; beste erdiek, aldiz, ez.
2023an, arkitektoen bederatzi lanpostu eskaini zituzten: bostetan derrigorrezkoa izango da euskara eskakizuna; lautan ez. Arkitekto teknikoei dagokienez, lau postutatik batean baino ez da izango derrigorrezkoa euskara maila jakin bat egiaztatzea. Gainera, herritarren eskubideak eta lankidetza sustatzeko teknikari postuak ez du derrigorrezko hizkuntza eskakizunik izango. 2024ari dagokionez, arkitekto postu bat atera zen, orain hizkuntza eskakizunik ez duena; halatsu gertatzen da ingurumeneko goi mailako teknikarien bi postuekin. Finantza ikuskatzaileen kasuan, bost lanpostu atera zituzten: bitan derrigorrezkoa da euskara maila jakin bat frogatzea; hirutan, ordea, ez. Industria ingeniari teknikoen kasuan, bi postuetako batek izango du eskakizuna, eta besteak ez. Azkenik, gizarte langileentzako hamasei postu zeuden: erdiek izango dute derrigorrezko euskara eskakizuna; beste erdiek, aldiz, ez.