Ingurumena. Luizia Zaldibarren

Bizkaiko Foru Aldundia akusazio partikularra izango da Zaldibarko auzian

«Mugimendu esanguratsurik» egon ez arren luizi arriskua dagoela aitortu du Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, «pitzadurak daudelako»

Unai Rementeria, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Bizkaiko Foru Aldundia akusazio partikularra izango da Durangoko (Bizkaia) epaitegiak Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiko luiziaren harira irekitako auzian. Hori ziurtatu zuen Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak atzo, Bizkaiko Batzar Nagusietako kontrol saioan.

Hiru aste pasatu dira Zaldibarko zabortegia amildu zenetik, eta oraindik zabor azpian segitzen dute bi langilek. Rementeriak EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi erantzunez esan du lurraren ezegonkortasuna dela «etsairik handiena». «Oso arazo larria izan zen hasieran, eta luizi gehiago gertatzeko arriskua dago», ohartarazi du. Hori dela eta, «zuhurtzia handiz» aritu behar izan dute. Rementeriaren arabera, adituek esan dute ez dagoela «mugimendu esanguratsurik» eta lurra egonkortzen ari dela, baina aitortu du luizi gehiago gertatzeko arriskua dagoela, pitzadurak daudelako; horietako batzuk, «handiak». Nabarmendu du langileak lanean ari direla hori saihestearren. «Denbora asko behar da, eta hilabeteetako lana izango da». Zortzi metro luzeko horma bat eraikitzen hasita daudela azaldu du, Zaldibar parean AP-8 errepidearen «segurtasuna hobetzeko», eta erantsi du protokolo bat martxan daukatela «alerta txikienaren aurrean» autobidean nola jokatu jakiteko.

Bizkaiko Foru Aldundiaren lanaz ere aritu da Rementeria. Ziurtatu du larrialdiari erantzuten aritu direla lehen minututik, baina onartu du agian akatsak egin dituztela «krisiaren kudeaketan», eta gauza batzuk hobeto egin zitezkeela. Nabarmendu du hasieratik lehentasuna izan dela desagertutako bi langileak aurkitzea, eta haien familiei «errespetua eta elkartasuna» helarazi die. «Ea ahalik eta azkarren aurkitzen ditugun». Horretarako «ahal duten guztia» egiten ari direla ziurtatu du. Desagertutakoen senideak ez ezik, luiziaren inguruko herritarrak ere izan ditu hizpide, eta esan du ulertzen dituela haien «haserrea eta beldurrak».

Lanean ari direnei eskerrak eman dizkie Rementeriak, eta erakundeen arteko koordinazioa «erabatekoa» dela nabarmendu du. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek zalantzan jarri dute koordinazio hori, eta gertatutakoa argitzeko eskatu dute. Bea Ilardia EH Bilduren Bizkaiko Batzar Nagusietako bozeramaileak esan du hasierako orduetan «koordinazio falta argia» egon zela. «Zabortegiko luizia ez da hondamendi natural bat, gizakiarena, ingurumenarena eta osasunarena baizik», zehaztu du. Erantsi du «odol gehien botatzen duen zauria» oraindik bi langile desagertuta egotea dela. Konponbideez gain, ardurak hartzeko eskatu du, eta nabarmendu herritarrek agintarien «gardentasuna eta segurtasuna» behar dituztela. EPko bozeramaile Eneritz de Madariagak ere «koordinazio falta» salatu du, eta esan du ez zutela eduki «egoeraren tamaina baloratzeko gaitasunik». Gainera, eskatu du hondakindegiko zaborra nora eramango duten esateko.

Rementeriak, aldiz, Iñigo Urkullu lehendakariren lana txalotu du, «hasieratik krisiaren buru izateagatik», eta Eusko Jaurlaritzari eta inguruko herrietako alkateei eskerrak eman dizkie, «dena ematen ari direlako egoera berri eta konplexu horretan». Bestelako hitzak izan ditu, ordea, alderdi politiko horientzat, eta «jendearen beldurra manipulatzea» egotzi die. EH Bilduz esan du «beste jarrera bat» espero zuela, «sorbalda gerturatzea, herriari laguntzeko». Era berean, ziurtatu du «polemika bila eta gobernua ahuldu nahian» aritu direla. «Horrelako ezbehar batean, zergatik ezin gara guztiok elkarri eskutik emanda joan?».

Udalak ere bai

Eibarko (Gipuzkoa) eta Ermuko (Bizkaia) udalak ere Zaldibarko luiziaren auzian akusazio gisa aurkeztuko dira, ustezko ingurumen delitu batengatik. Durangoko epaitegian dago auzia, instrukzio fasean. Zazpi egunean aukera aztertu ostean hartu dute erabakia bi udalek, eta Bilboko abokatuen bulego baten laguntza edukiko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.