Ohar bat plazaratu du gaur Bilboko Elizabarrutiak Bizkaiko eskauten abade izan zenaren inguruan. 2018an jakin zen lau sexu delitu egotzi zizkiola Fiskaltzak, eta ikerketapean zegoela horregatik. Gaur, hedabideen bidez zabaldu da zigor bi ezarri dizkiola apaizari Burgosko Probintzia Auzitegiak, bi neskak jarritako salaketen harira, eta, argudiatuta zenbait datu ez direla zuzenak izan, «zehaztapenak» egin nahi izan ditu Bizkaiko Elizbarrutiak agiriaren bidez. Adierazi du honako kondena hauek ezarri dizkiola justiziak apaizari: hamalau hilabeteko espetxe zigorra jarri diote emakume adingabe bati ukituak egiteagatik, eta hemezortzi hilabetekoa 18 urteko beste bati ere ukituak egiteagatik.
Eskauten jardueretan parte hartzen ari ziren bi andreek erasoak pairatu zituztenean: eskauta zen gazteena, eta begiralea zaharrena. Harreman joria zuten abadearekin ingurumari horretan, eta gertuko giro hori baliatu zuen apaizak ukituak-eta egiteko.
Kalte ordainak ere eman beharko dizkie zigortutako abadeak andre biei, eta akusatuak ezarritako kopurua pagatzen ez badu, Bilboko Elizbarrutiaren ardura izango da ordainketak egitea, sententziaren arabera «erantzule zibil subsidiarioa» baita. Uztailekoa da epaia, baina orain zabaldu da hedabideetan. Elizbarrutiak esan du akusatuak ez duela helegiterik jarri haren aurka.
Gainera, gogora ekarri du abadea bere karguetatik kendua dutela 2018ko abendutik. Eta Elizbarrutiak berak jo zuela fiskaltzarengana apaizaren portaera okerren berri izan zuenean, Euskalerriko Eskautak Bizkaia elkartearekin batera: «Biktimen aurretik». Oharrarekin batera, Elizbarrutiak «elkartasuna» adierazi nahi izan die sexu erasoak pairatu dituztenei, eta adierazi du salaketen ikerketan eta biktimen artan urratsak egiten jarraitzeko asmoa duela.
Abade honen kasuaren berri eman zenean, Mario Izeta zen Bilboko gotzaina. Joseba Segura dago orain karguan. Aitzindaria izan da Eliza barruan egindako sexu abusuen kontrako zenbait keinutan: aurtengo martxoan, adibidez, elizkizun bat egin zuen propio biktimei barkamena eskatzeko eta babesa ere erakusteko.