SATSE Euskadiko Erizainen Sindikatuak Bizkaiko emaginak grebara deitu ditu uztailaren 1erako, hurrengo astelehenerako. Arrazoiak: «Jasaten duten langile falta larria salatzea, batez ere oporraldietan jasaten dutena; adieraztea kezkatuta daudela euren lanbidearen etorkizunarekin eta, ondorioz, baita emakumeen eta haien familien osasun arretarekin ere». SATSEk azaldu du Osakidetzarekin negoziatu duela, udako zerbitzuen murrizketa eta lan kargaren handitzea arintzeko, baina hori ikusita ezer ez egitea egotzi diote Osakidetzari.
Udan emaginen zerbitzua murriztuta emakumeen arreta «mespretxatzen» dela uste dute, urte osoan eskaintzen den zerbitzua ukatzen baitzaie. SATSEren arabera, «horrek atzerapena, ondoeza eta segurtasun falta sortzen ditu emakumeen bizitzako une erabakigarrietan, sexu eta ugalketa osasunerako oinarrizko eskubidea mugatua dutela ikusten baitute». Horregatik, emakumeen osasunean eragin negatiboa duen neurririk ez hartzeko eskatu diote Osakidetzari. Baita falta diren langile guztien hutsuneak betetzeko ere, kontratazio politika «eraginkor eta iraunkor» baten bidez.
Errelebo falta
Udan arazo gehiago izaten dira oporretan dauden emaginak ordezkatzeko. Arazo horiek errelebo faltari eta prestakuntza espezializatuko lanpostu kopuru eskasari egotzi dizkio besteak beste sindikatuak. OME Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioa nabarmendu du: luzera begirako plangintza bat egitea, baliabideekin eta beharrezko aurrekontuarekin, emaginen eskasiari aurre egiteko, azpiegiturak hobetzeko eta kalitatezko zerbitzuak indartzeko. SATSEk salatu duenez, helburu horiek Osakidetzarentzat lehentasun izan beharko luketen arren, oraindik ez dago plan estrategikorik.
Euren lana aldarrikatu dute: «Emaginen lana ez da soilik erditzeko unea zaintzea. Bizitza osoan emakumearen arreta bere gain hartzeko prestatutako profesionalak dira: nerabeentzako sexu heziketa ematen dute, nahi gabeko haurdunaldiak eta sexu bidez transmititzen diren gaixotasunak saihesten lagundu, kontrazepzioaren gaineko arreta eman, haurdunaldiko arreta eman, erditzea eta erditze ondoa zaindu, minbizi ginekologikoaren prebentzioa egin, menopausian arreta eman... Irakaskuntzarako, ikerketarako eta kudeaketarako gaitasunak ere badituzte».
Emaginek asteak daramatzate mobilizazioak egiten, euren egoera salatzeko eta konponbideak eskatzeko. Ez dute lortu Osakidetzarekin akordiorik egitea: «Osakidetzak uko egin dio bere profesionalei entzuteari». SATSEk babestu egin ditu emaginen eskaerak, eta bat egin du haien protestekin. Uztailaren 1ean manifestazio bat egingo dute Bilbon, 11:00etan, Jesusen Bihotzetik abiatuta.