Opus Deirekin lotura duten Ayalde eta Munabe ikastetxeetako ikasgelak mistoak izango dira 2026-2027ko ikasturterako. Alabaina, Gazteluetak bestelako erabakia hartu du: neskak eta mutilak ez dituzte bereiziko Haur Hezkuntzan —orain ere ez dituzte bereizten— eta Lehen Hezkuntzan; eskola mutilentzat soilik izango da, ordea, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, orain arte bezala. Horrenbestez, uko egingo diote azken bi etapa horiek Eusko Jaurlaritzarekin ituntzeari, eta erabat pribatuak izango dira. El Correo egunkariak eman du albistea.
Orain arte, neskei soilik ematen zizkieten eskolak Ayalden; Munabe, berriz, mutilentzat soilik izan da. Biak ala biak Loiun (Bizkaia) daude. Gaztelueta Leioan (Bizkaia) dago, eta mutilentzat soilik izan da.
Aldaketa ez dute beren borondatez egin, legez hala aginduta baizik. Espainiako LOMLOE hezkuntza legea izan zen lehenengoa segregazio mota hori debekatzen, eta debekua jaso zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza akordioan eta hezkuntza lege berrian. Eusko Jaurlaritzak iaz iragarri zuen ituna etengo ziela ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeei, eta, hori ikusita, pixkanaka ikasleak nahasten hastea erabaki zuten: ikasturte honetan, LH1en elkartu dituzte neskak eta mutilak.
Orain, ordea, prozesua azkartuko dute. Ayalden eta Munaben datorren ikasturtean mistoak izango dira LH1, LH2, LH3 eta LH4; hurrengo ikasturtean, Lehen Hezkuntza osoa eta DBH1 eta DBH2; eta 2026-2027ko ikasturtean, ikastetxe osoa. Gazteluetan berdin jokatuko dute LHn; DBHn eta Batxilergoan, ordea, itunari uko egingo dio, eta mutilentzat soilik izango da. Egun, Ayaldek 1.300 ikasle inguru ditu; Gazteluetak, 1.100; eta Munabek, bostehun.
Nafarroan ere antzeko bidea egin dute Opus Deiren bueltako eskolek: Miravalles-El Redin eta Irabia-Izaga ikastetxeek mistoak izatea erabaki zuten abenduan, itunari eusteko.