Gaur aukeratuko dute Bizkaiko ahaldun nagusia Batzar Nagusiek, Gernikako juntetxean egingo den osoko bilkuran. Zalantzarako tarterik ez du izango batzarrak, kargua noren esku geratuko den behintzat. Jose Luis Bilbao izendatuko dute, hirugarrenez, ahaldun nagusi. Hala ere, beste talde batek ere aurkeztu du hautagaitza: Bilduk Zuriñe Gaintza aurkeztu du kargurako.
Ez PSE-EEk ez PPk ez dute Batzar Nagusien buruzagitza eskuratzeko ahaleginik egin, bai baitakite euren botoak bilduta ere ez dutela aulki nagusia eskuratzeko aukerarik. Bai batak eta bai besteak zuriz bozkatuko dutela zabaldu dute hainbat hedabidek.
Hala ere, EAJk nahiko boto ditu Bilbaok karguan jarrai dezan. 22 batzarkide eskuratu zituen bozetan, eta bai PSE-EEk bai PPk bere botoak Bilduri emanez gero soilik galduko luke ohorezko eserlekua, eta hori ez da gertatuko. Hamabi hautetsi ditu Bilduk, bederatzi PSE-EEk eta zortzi PPk.
Beraz, aurreikuspen guztien arabera, bigarren bozketan aukeratuko dute ahaldun nagusi Bilbao. Kargua lehen bozketan lortzeko gehiengo osoa behar da, eta bigarren txandan nahikoa da gehiengo sinplea eskuratzea.
EAJren nagusitasuna
Gauzak horrela, EAJren nagusitasuna argia izango da Bizkaiko Batzar Nagusietan. Jeltzaleek ordezkari gehien eta ahaldun nagusia izateaz gain, Mahaia ere jeltzaleen esku egongo da. Instituzio guztietako mahaietan pluraltasunari eusten saiatzen diren arren, Bildu bazterrean utzita osatu zuten Bizkaikoa ekainaren 13an. EAJk bere nagusitasuna baliatu, eta, mahaiko presidente Ana Madariaga hirugarrenez izendatzeaz gain, presidenteorde eta idazkari kargua ere beretzat hartu zituen. Beste ordezkari biak PSE-EEk eta PPk hartu zituzten, elkarri babesa emanda. Ondorioz, bigarren indarra den Bildu mahaitik kanpo geratu zen.
Ahaldun nagusia nor izango den argi dago, beraz; hala ere, luze joango da hori aukeratzeko saioa. 08:45erako iragarrita dago hasiera, eta hautagaien hitzaldiekin ekingo diote saioari. Ordu eta erdi izango du bakoitzak bere hautagaitza defendatzeko. Ondoren, ordu erdiko hitzaldia egiteko eskubidea du alderdi bakoitzak. Bazkaltzeko etena egin, eta hautagaiek beste ordu erdi bat izango dute horiei erantzuteko. Alderdiek azken hitza esan, eta bozkatzeko ordua izango da. Ahaldun nagusi hautatu berriak Gernikako Arbolaren ondoan zin eginda hartuko du kargua.
Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur aukeratuko dute Bilbao ahaldun nagusi
Bilduko Zuriñe Gaintza bakarrik lehiatuko da hirugarrenez jarraian ahaldun nagusi izango denarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu