Bizkaiko Batzar Nagusiek Usansoloren (Bizkaia) desanexioari baiezkoa eman zioten iazko azaroan, baina, ekainean, Espainiako Gobernuak uko egin zion Usansolo herri gisa erregistratzeari. Bizkaiko Aldundiak eta Galdakaoko Udalak (Bizkaia) erabaki horren aurkako helegitea aurkeztu dute Madrilgo Auzitegi Nagusian. Administrazioarekiko auzi prozesuaren bidetik aurkeztu dute errekurtsoa, elkarrekin, eta epaitegiak tramiterako onartu du.
2022ko otsailean, Usansoloren desanexioa onartu zuten Galdakaoko Udaleko osoko bilkuran, eta, martxoan egindako galdeketa batean, Usansoloko herritarren %81ek aldeko botoa eman zuten. Azaroan, Usansolo herri gisa eratzea onartu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek. Erabaki hori oinarri hartuta, Toki Erakundeen Erregistroan inskribatzeko eskaera egin zuen Usansoloko Kudeaketa Batzordeak, prozesuari amaiera behin betiko emateko eta Usansolo udalerri gisa eratzeko. Baina erregistroak ezetz erantzun zion eskaerari, argudiatuta ez dituela betetzen Espainiako legediak jasotzen dituen betebeharrak; hau da, ez dituela gutxieneko 5.000 biztanleak.<br />
Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak zehaztu du kautelazko neurri positibo bat hartzea eskatu dutela, Usansolo udalerri gisa inskriba dadin eskatuz.
Galdakaoko Udalak, berriz, aditzera eman du herriak eratzeari buruzko araudia foruek zehazten dutela, eta haiek ezartzen dituzten pausoak «zehatz» bete direla Usansolo udalerri bihurtzeko azken urteotan egin den prozesu osoan. Bestetik, uste du «ariketa demokratiko soila» dela herritarrei hitza eman eta hitz hori errespetatzea, eta usansolotarrek argi adierazi dutela udalerri gisa eratu nahi dutela.
Hortaz, iazko azaroan Bizkaiko Batzar Nagusiek hartutako erabakiari bide emateko eta Usansolo udalerrien erregistroan inskribatzeko eskatu du Galdakaoko Udalak. Helegitea aurkezteko argudio nagusia zera da: eratzen diren udalerri berriak inskribatzea dela Toki Erakundeen Erregistroaren eginbeharra, eta, beraz, haren zeregina ez dela dagozkion organoek, kasu honetan Batzar Nagusiek, hartutako erabakiak berrikustea.
Usansoloko herritarren nahia bete dadin eta Usansolo Bizkaiko 113. udalerri gisa behin betiko eratu dadin lortzeko lanean jarraituko du Galdakaoko Udalak, oharrean azpimarratu duenez. Bide horretan, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Usansoloko Kudeaketa Batzordearekin batzartu zen uztailean, guztien interesen alde estrategiak koordinatuta aritzeko. Elkarlan horrek fruituak emango dituelakoan dago udala.
Kudeaketa batzorde berria
Bestalde, Bizkaiko Aldundiak Usansoloko kudeaketa batzorde berria izendatu du gaur. Batzorde hori hamaika kidek osatuko dute, zortzi Usansolo Herria Elkartekoak, bi EAJkoak, eta bat EH Bildukoa. Kudeaketa batzordea eratzeko bilkura urriaren 5ean egingo da, Usansoloko Txapelena baserrian, eta bertan hautatuko da lehendakaria.