Bizkaiko Aldundiak eta EH Bilduk akordio bat itxi dute aurrekontuen inguruan

Koalizio abertzalea abstenitu egingo da datorren asteko bozketan, aldundiak 33 milioi euroko «proposamen sorta zabal bat onartu ostean».

Bizkaiko Batzar Nagusiak, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bizkaiko Batzar Nagusiak, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jon ordonez garmendia
2024ko abenduaren 17a
08:00
Entzun

Araban egin bezala, Bizkaiko Batzar Nagusietan ere akordio bat itxi dute EAJren eta PSE-EEren arteko foru gobernuak eta EH Bilduk. Koalizio abertzaleak jakinarazi duenez, abstenitu egingo da Bizkaiko aurrekontuen bozketan, 33 milioi euroko «proposamen sorta zabal baten truke». Bihar agerraldi batean emango ditu akordioaren xehetasunak, baina aurreratu du EH Bilduk hasieratik mahai gainean jarritako esparruetan zentratzen dela hitzarmena: etxebizitza, pertsonen zaintza, trantsizio ekosoziala eta mugikortasuna. Akordioarekin gustura dela ere aurreratu du koalizioak.

Bizkaiko Foru Aldundiak ere esan du gustura dela akordioarekin, eta bat datorrela «Bizkaiko gizarteak behar dituen politika eta ekintzen inguruan kontsentsuak handitzeko duen borondatearekin». 29 dira EH Bildurekin adostutako neurriak. Hamabost milioi euro garraio publikoa sustatzeko izango dira; hamar milioi, zaintza sistema komunitarioa bultzatzeko; bost, lehen sektorera eta lurralde garapen orekatua lortzeko trantsizio energetikoarekin lerrokatuta; bi, etxebizitza eta gazteen emantzipazioa sustatzeko; eta bat, industria ondarea bultzatzeko.

Neurri horiek 2025eko aurrekontuen zuzenketa partzialen tramitazioan edo hurrengo hiru urteetako aurrekontuetan onartuko dira, aldundiak jakinarazi duenez. EH Bilduk esan du aurrekontuak ardatz estrategikoetan kokatu direla eta herritarren arazo nagusiei erantzuten dietela. EH Bilduren iritziz, akordioarekin Bizkaiko gizartea ateratzen da irabazle, «adostutakoak neurri positiboak direlako, erakundeen ekintza eraldaketa eremu eta sektore esanguratsuetan indartzen dutenak».

Iñigo Ansola EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak ere goraipatu egin du akordioa. «Beti esan dugu, nahiz eta erakunde batzuetan gehiengo absolutua geure alde eduki, akordioetara heltzearren, inoiz ez genituela ateak itxiko. Eta, gaur bertan ikusi denez, esan genezake Bizkaiko Foru Aldundiak erakutsi duela akordioetara heltzeko gaitasuna daukala, gehiengo oso hori baliatzeko beharrik izan barik», adierazi du Bizkaia Irratia-n egindako elkarrizketa batean. Nabarmendu du 51 batzarkideetatik 46 ordezkatzen dituztela EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk.

Ansolak, kopuruetatik harago, akordioak Bizkaiko Aldundiari emango dion irmotasuna izan du hizpide. «Zenbat eta egonkortasun handiagoa, orduan eta hobeto guztiontzat».

Araban, bai; Gipuzkoan eta Eusko Legebiltzarrean, ez

EH Bilduk negoziazio bateratua proposatu zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakundeen aurrekontuetarako, «erronka estrategikoak abiapuntutzat hartuta». Ondoren, «ezinezkoa izan denez», antzeko planteamenduak helarazi zituen Eusko Jaurlaritzara eta aldundietara. Bizkaiko kasuan foru gobernua akordiorako prest egon dela nabarmendu du, eta eskerrak eman dizkio horregatik. Akordioa bi aldeek egindako «ahalegin handiaren emaitza» izan dela adierazi du EH Bilduk.

Ansolak esan du, «borondatea eta herriaren alde lan egiteko gogoa dagoenean», «erraza» dela adostasunetara heltzea. Horregatik, galdegin dio EH Bilduri ea zergatik izan dituen jarrera ezberdinak lurraldearen eta erakundearen arabera. Desenkusatu da esanez EAJk «eginahalak egin dituela akordioetara heltzeko».

Bizkaian egin bezala, Araban ere akordioa lortu dute foru gobernuak eta EH Bilduk. Gainera, kasu horretan, EAJk eta PSE-EEk ez dute gehiengorik. EH Bilduko Arabako Batzar Nagusietako bozeramaile Eva Lopez de Arroiabek aurreko astean akordioaren berri ematean esan zuen ez direla EH Bilduren aurrekontuak, baina koalizioarentzat «ezinbestekoak» ziren gaietan egokitzapenak lortu dituztenez, babestu egingo dituztela. Etxebizitza, zaintza, trantsizio ekosoziala eta tokiko erakundeekin lotutako 33 milioitik gorako zuzenketak proposatu ditu. Eta Gasteizko Udaleraino luzatu daiteke akordioa. Kasu horretan ere PSE-EE eta EAJ gutxiengoan ari dira gobernatzen, eta EH Bildu prest agertu da 2025erako aurrekontuen proposamena babesteko. Urrian hiru alderdiak ados jarri ziren tasak eta zergak ezartzerako garaian.

Gipuzkoan, EAJren eta PSE-EEren arteko foru gobernuak PPren babesa izango du aurrekontuak onartzeko. EH Bildu aldendu egin du horrek, «Frankenstein aurrekontu baten parte» izan nahi ez dutelako. Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko eledunak deitoratu egin zuen erabakia, eta iragarri zuen ez dutela onartuko Batzar Nagusietan ordezkaritza duen talde baten kontrako betorik. Elkarrekin-ek ere aurrekotuak babesteko prestutasuna agertu izan du, baina gaurko Ogasun Batzordean euren zuzenketarik onartu ez denez, kontra bozkatuko dute.

Eusko Legebiltzarrean ere ez da EAJren, PSE-EEren eta EH Bilduren arteko akordiorik gauzatu. Aurreko astera arte negoziatzen aritu arren, etxebizitzaren alorrean ez dira ados jarri Jaurlaritza eta oposizioko talde nagusia. Hortaz, etziko osoko bilkuran EAJk eta PSEk euren gehiengoa baliatuko dute Eusko Legebiltzarrean aurrekontuak euren kabuz onartzeko, oposizioko taldeen babesik gabe.

Nafarroako Gobernuak ere aurrekontu berria izango du 2025ean. PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak osatzen dute Maria Txibitek gidatzen duen gobernua, eta EH Bildurekin egin dute akordioa, seigarren urtez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.