Bilboko metroak inoizko daturik onenak izan zituen iaz: 92,3 milioi bidaia. %1 ugaritu ziren bidaiak 2019tik —COVID-19aren aurreko urtea—, hau da, orain arteko markarik onena erregistratu zen urtetik. Hala zehaztu du gaur Eneko Arruabarrena Bilboko Metroko gerenteak, iazko balantzea azaltzeko agerraldian. Gaineratu du Bizkaian garraio publikoan bidaiatzen dutenen artean bitik batek metroan bidaiatzen duela.
Gerenteak azaldu du zergatik izan dituzten halako datuak iaz: asteburuetan eta aisialdian jendeak metroa hartzeko hautua egin duela-eta, %18 egin dute gora bidaiek halako egunetan. Gehitu du handitu egin dela lehen oinez egiten ziren bidaiak orain metroan egiteko joera. Aste barruko bidaiek, berriz, jaitsiera txiki bat izan dute 2019. urtearekin alderatuta.
Bilboko Metroak, iaz, gainontzeko garraio publikoek bezala, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza izan zuen, eta tarifek %50eko deskontua izan zuten. Arruabarrenak esan du deskontu horiei esker %6-7 handitu dela bidaiari kopurua —sei milioi bidaia inguru—. Enpresak 28 milioi euro galdu ditu, baina erakunde publikoek konpentsatu dute galera hori.
Jende gehieneko bidaiak
Beste urtebetez, San Tomas egunean erabili zen metroa gehien: 387.098 bidaia egin ziren. Metroaren historiako erregistrorik handienetan bigarrena izan zen; lehena 2018an izan zen, Athletic eta Real Madril futbol taldeen partida baten egunean. Iaz izan zen, era berean, inoizko larunbatik onena, Aste Nagusi onena, eta azaro eta abendu onenak.
Metroa gehien erabili zen ordu tartea 14:00 eta 15:00 artekoa izan zen. Joera ikusita, metroak indartu egin du ordutegi horretako maiztasuna. Gehien erabiltzen diren geltokiak, berriz, urterokoak izan dira: Zazpikaleak, San Mames eta Abando.