Irizpide ekonomikoak eta enpresa handien interesak lehenestea eta bizkaitarren osasuna eta ingurumenerako eskubidea ez kontuan hartzea aurpegiratu diete hainbat talde ekologistak agintari politikoei. Bizkaia ez dago salgai lelopean, makroproiektuaren aurkako manifestazioa egin dute ehunka lagunek gaur arratsaldean Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza nagusiak lotuta. Eta Bizkaian egin asmo dituzten azpiegitura handien ondorio kaltegarriez ohartarazi dute.
Urdaibaiko Guggenheim, Bilboko itsasadarraren azpiko tunela, AHT abiadura handiko trena, goi tentsioko sarea, errepide handiak, parke eolikoak... Halako azpiegitura handi ugari ageri dira Bizkaiko agintari politikoen agendetan, baina, mugimendu ekologistaren ustez, horiei buruzko eztabaida zabaldu behar da, kalte ugari ekarriko baitituzte: «Proiektu horiek —asko, inbestitzaileen komenentzien arabera pentsatuak— gure lur eremu handia kontsumituko dute; ingurumen balio handiko gune eta habitat naturalak suntsituko dituzte, baita elikagaiak ekoizteko behar ditugun nekazaritza eta abeltzaintza inguruak ere. Eta azpiegituretako batzuek ondorio larriak izan ditzakete osasunean ere».
Egitasmo horien atzean dagoen pentsamolde ekonomikoa kritikatu dute: «Europako abangoardia ekonomiko bihurtu nahi dute Bizkaia, eta horrela, etengabeko hazkundea sustatzen jarraitu, munduko baliabideak mugatuak diren arren. Erabaki horrek egungo bizimodu jasangaitza iraunaraztea du helburu, eta luzatu egingo du gure lurraldeak joan den mendetik izan duen gainesplotazioa».
Hortaz, ingurumen eta gizarte ondorioak kontuan hartzen ez dituzten politika ekonomikoak alboratzea galdegin dute: «Garapen ekonomikoak ahalik eta inpaktu txikiena izan behar du ingurumenean, eta helburu izan behar du beharrizan kolektiboak asetzea, eta ez enpresa apur batzuenak».