Udal eta foru hauteskundeak. Bizkaia. Josu Unanue. EH Bilduko Bizkaiko zerrendaburua

«Bizkaia ezin da izan batzuen batzokia; zabalagoa da»

EH Bilduko ahaldungai nagusiak «aldaketa» eraman nahi du Bizkaiko Diputaziora, eta uste du aukera badagoela, jendeak eskatzen duelako: «Gaur ez bada, bihar, baina lehenbailehen hobe».

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Bermeoko alkateordea izan da Josu Unanue (Bermeo, Bizkaia, 1958) azken lau urtean. Agintaldi «gogorra» egokitu zaiela dio —«sutea, ekaitzaren ondorioak, etorkinen kontrako mugimendu bat eratzeko saioak...»— baina «oso pozik» dago lortutakoarekin, gauzak «beste era batera» egin daitezkeela frogatu dutelakoan. Orain, aldaketa aldundira eramatea du erronka.

Zelako balantzea egiten duzue amaitzear dagoen agintaldiaz?

Balantzea negatiboa da. Esaterako, 95.000 lagun daude lan barik, eta, horrez gain, behar egiten dutenen artean ere bostetik bat pobrezian dago. Desoreka sozial handia dago, eta Bizkaia bera zorpetu egin da: aldundiaren zorra 700 milioitik 2.200 milioira pasatu da. Hori gertatu izan balitz sozialki zerbait egin izan delako, tira, baina ez da horrelakorik egon. Murrizketak iritsi dira Madrildik, eta aldundiak, aurre egin beharrean, murrizketa gehiago egin ditu. Kezkatuta eta haserre gaude.

Eta hori ikusita, zeintzuk dira EH Bilduren proposamenaren ardatzak?

Batetik, guztiok izan behar dugula eskubidea bizi-baldintza onak izateko; bestetik, bizimodu on hori lortzeko eredu sozioproduktiboa aldatu behar da, eragileen ekarpenak jasoz; hirugarrena, zerga politika bidezko eta progresiboa, gehiago dutenek gehiago ordain dezaten; eta, azkenean, pentsatzen dugu hemen bizi garenok hemen erabaki behar dugula, eta dena erabakitzeko ahalmena izan behar dugula, dena aldatu ahal izateko.

Bizkaian begien bistakoa da EAJren nagusitasuna. «EAJren gotorleku» gisa ere definitu dute herrialdea behin baino gehiagotan. Oraingo honetan, egoera aldatzeko benetako aukerarik ikusten duzue?

Gu errealistak gara. Eta benetan sinesten dugu aldatzeko aukerak daudela. Jendeak esaten du aldaketa behar dela, egoera txarra dela, milioi mordoa sartu dituzte inork erabiltzen ez duen Hegoaldeko Saihesbidea egiteko, ustelkeria kasu piloa daude, Pinosolotik hasi eta Karrantzako minda plantarekin amaituz, Bakioko Txakolingunea edo Lemoan, udaletxea txoko partikular gisa erabiliz, puru eta edarietan gastatutakoa barne.

Aldaketa behar dela esaten badugu, aldatu egin behar dugu. Gaur ez bada, bihar, baina lehenbailehen hobe. Bizkaia ezin da izan batzuen batzokia; askoz zabalagoa da. «Gotorlekua» berbak ere horixe esan nahi du: leku itxia, inor ez sartzeko eta barruan dagoena seguru sentitzeko. Ez dugu hori nahi.

Baina aldaketa hori gauzatzeko, bidelagunak beharko dituzue.

Bai, baina guk ez dugu funtzionatzen interesen arabera edo kromoak elkarri trukatuz. Programak mahai gainean jarri behar dira, eta, ikusten badugu horien inguruan ados jar gaitezkeela eta gardentasuna bermatzen dela, aurrera. Bidelagunak topatu beharko dira, eta gu prest gaude. Gainera, gai garela erakutsi dugu. Guk harreman on eta zuzenak ditugu herriko eragile guztiekin, eta prest gaude jokamolde hori beste gune batzuetara ere eramateko.

Ustelkeria kasuak aipatu dituzu. EAJk leporatu dizue Bizkaian «difamazio» kanpaina egiten ari zaretela «salaketa faltsu eta larriak» haizatuz. Leioan, esaterako, EAJren zinegotziek agerraldia egin zuten, eta oso minduta agertu ziren hori zela eta.

Guk, agintean gaudenean, gauzak ondo egiteko konpromisoa hartzen dugu, baina lehenago jakin behar da aurretik zer egin den txarto. Eta kudeaketa oker asko aurkitu ditugu, lehen aipatu ditudanak eta askoz gehiago. Adibidez: 32 urte hauetan administrazio paralelo bat sortu da, Interbiak, Lantik eta antzeko elkarteekin, aurrekontuen ia herena eramaten dutena. Eta badakigu hori zertarako erabili den. Hori ikusita, ezin gara isilik egon, eta argitu behar dena argitu behar da. Horiek salatzen ditugunean txarto sentitzen direla? Okerrago sentitzen gara beste guztiok horrelakoak ikusten ditugunean.

Dena dela, kasu horietako batzuk auzitara eraman dira, eta han bide laburra egin dute.

Guztiok dakigu epaitegietan zer gertatzen den. Badirudi estatu honetan ustelkeria, zigortu beharrean, txalotu egiten dela. Edozein modutan, ez da egia auzi horiek guztiek bide laburra izan dutela, asko eta asko oraindik epaitu gabe daudelako. Eta guk jarraituko dugu kasu guztiak argitu arte. Lasai, baina onartu ezin direnak onartu gabe.

Zelan hartu zenuten Gernikako alkate Jose Maria Gorroño EAJrekin batera aurkezteko erabakia?

Gorroñoren erabaki bat izan da, eta uste dut bere interes pertsonalak beste ezeren gainetik jarri dituela. Bakoitzak jakingo du zer egiten duen, eta zergatik. Baina, bestalde, deigarria da: astebete lehenago, EAJk orri bat banatu zuen Gernikan, eta esan Gorroñok kudeaketa txarra egin duela, eta abar; eta handik astebetera,ikusten ditugu Itsaso Atutxa, Maria Uribe [Gorroñok EAJrekin bat egin arte jeltzaleen alkategaia Gernikan] eta bera elkarrekin irribarrez. EAJk oso oposizio gogorra egin du Gernikan azken lau urtean. Orain hori guztia estali nahi badute, gernikarrei eman beharko dizkiete azalpenak.

Gorroñok esan du erabaki horrekin espero duela Gernikaren eta aldundiaren arteko harremana hobetzea. Esaldi horrek badu mamia. EH Bilduk kudeatu dituen udalerrietan, parte hartzearen eta gardentasunaren aldeko apustua egin dugunean, gai askotan aldundiaren ezezko borobila topatu dugu, Bermeoko saihesbidea kasurako. Badirudi lagunentzat gobernatzen dutela, eta ez herritar guztientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.