Bizitzen fundazioak azaldu du 13.000 adinekok tratu txarrak jasaten dituztela

EAEko adinekoen tratu txar gehienak etxean izaten direla ondorioztatu dute inkestan.Zahar etxe eta eguneko zentroetan ere badaude kasuak

2014ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
65 urtetik gorako 13.000 adinekok tratu txarrak jasaten dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hala adierazi du Bizitzen fundazioak, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko udako ikastaroen harira egindako prentsaurrekoan. Fundazioko Virginia Lizarragaren arabera, datu horiek «izozmendiaren ertza» besterik ez dira. Izan ere, nabarmendu du «oso salaketa gutxi» jartzen direla adineko pertsonen tratu txarren inguruan. Eusko Jaurlaritzak eginiko inkesta baten bidez kalkulatu dituzte 13.000 kasuak: inkestatzaileek atzeman dituzte 8.000 kasu, eta beste 5.000 kasuetan, inkestatutako pertsonek beraiek aitortu dute tratu txarrak jasaten dituztela.

Psikologikoak zein fisikoak dira jasaten dituzten tratu txar horiek. Lizarragak azaldu du ohikoenak honako hauek direla: irainak, axolagabekeria, kolpeak, lotuta edukitzea, abusu ekonomikoak eta sexualak. Horiez gain, adierazi du tratu txar moduan hartu behar diren beste kasu batzuk ere badaudela. Horren adibide dira adinekopertsona bati behar duen sendagaia ez ematea, behar bezala ez elikatzea eta lasaigarri gehiegi ematea.

Instituzioetan ere bai

Adinekoek tratu txar gehienak familia giroan jasaten dituzte. Halaxe adierazi du Lizarragak: «Adinekoek jasaten dituzten tratu txar gehienak etxean izaten dira». Hala ere, haren ustez, etxean ez ezik, instituzioetan ere jasaten dituzte tratu txarrak adinekoek. Pentsatzen du tratu desegokia jasotzen dutela adinekoek gizarte langile batek kasu gehiago egiten dionean haren familiari adinekoari berari baino.

Administrazioan izaten diren atzerapenak ere eragiten diete adineko pertsonei, fundazioko kideak azaldu duenez. Kasu batzuk ere aipatu ditu: eguneko zentro batean edo zahar etxe batean tokia eskatu eta sartzeko denbora luzean zain daudenean, edo zahar etxe batean sartzeko eskaeraren erantzuna pertsona hori hil ondoren iristen denean.

Zaharren egoitza batzuetan adineko pertsonek jasotzen duten arreta ere zalantzan jarri du: «Adineko pertsonekin lotura fisikoak eta kimikoak erabiltzea oso ohikoak dira hainbat egoitzatan». Gainera, zenbait zentrotan «protokolo argiak» ez egotea ere gaitzetsi du Lizarragak. Hori «larria» dela uste du; izan ere, protokolorik egon ezean, adineko pertsona batek jokabidean nahasmenduren bat badu, Lizarragaren ustetan, langileei «errazagoa» egiten zaie hari pilularen bat ematea, edo lotzea, geldirik egon dadin.

Lizarragak nabarmendu du adineko pertsonek, beste edozein pertsonaren moduan, eskubideak dituztela, eta independenteak izateko gaitasuna izan dezaketela. «Gizarteak horren kontzientzia hartu behar du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.