Bizitzeko adina behar

Euskal preso eta iheslari ohien erretiroaz eta pentsioaz «kezka» du Harrerak, eta, diagnostiko bat izateko, galdetegi bat igortzen hasi da. «Irtenbide» bila ariko da

enekoitz esnaola
2019ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Euskal preso eta iheslarien eta espetxetik atera eta sasitik etxera itzuli berri direnen batezbesteko adina goraka doa, eta, arazo sozialaz eta ekonomikoaz «kezkatuta», Harrera elkarte asistentzialak, diagnostiko «egoki» bat osatzeko, galdetegi bat igorriko die 1.600en bat preso eta iheslari ohiri, ondoren datuak aztertu eta Hego Euskal Herriko alderdi eta instituzio publikoengana jotzeko «irtenbide» bila. Urrian hasi zen galdetegia pasatzen, eta martxoan bukatuko du.

Euskal preso eta iheslari ohien erretiroari eta pentsioari buruzkoa da Harreraren arrangura nagusietakoa, uste baitu datozen urteetan arazoak «areagotu» egingo direla «kuantitatiboki eta kualitatiboki». Zer-nolako kasuak izango dituen ikusteko, lehenik dituen datuez gain informazio «zehatza eta eguneratua» izateko osatu du galdetegia. Inoiz ez da egin horrelakorik. Preso eta iheslari ohi ugari dago gutxi kotizatu duena, edo deus kotizatu ez duena, eta erretiro garaian ahalmen ekonomiko urriarekin dabiltza; horrez gain, oraindik erretiroa hartzeke dauden beste hainbatek adinagatik edo osasun arazoengatik lana aurkitzeko zailtasunak dituzte, Harreraren esanetan.

Bi helburu ditu egitasmo horrekin. Batetik, txostenak lantzea, eragile eta instituzioei aurkeztu ahal izateko. Bestetik, zer eta zenbat baliabide beharko dituen aurreikustea, «arazoak izan ditzaketen lagunei irtenbide errealak eskaini ahal izateko». Harrerak dio horretarako garrantzitsualitzatekeela Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gizarte segurantzaren eskumena izatea. Elkarteak badu harremana alderdi eta instituzioekin, eta «eskertzen» du haien lana.

Bi lagun kontratatu ditu galdetegia bideratzeko eta erantzunak jasotzeko. Zehazki, 2000-2018 artean espetxetik irten eta atzerritik etorri direnei hasi dira igortzen. Orain dela astebeteko datuen arabera, 675 bidali dituzte, eta jadanik 500ek erantzun dute. Lau atal ditu galdetegiak: aurreneko bietan, datu pertsonalei eta «errepresaliatu» egoerari buruzko galderak daude, eta, beste bietan, lanari eta familiari buruzkoak.

Harreraren laguntza motak

2012ko ekainean sortu zuten Harrera, eta orduan baino 350en bat euskal preso gutxiago daude. Horrez gain, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak 2013an «etxeratze» prozesua iragarri zuenetik, 187 lagun bueltatu dira atzerritik—horien artetik 42, deportatuak—; gehienek urteak eta urteak zeramatzaten sasian. Egun, 42 lagun daude atzerrian —bederatzi, deportatu gisara—, EIPK-ren datuen arabera. Kartzelatik adinean aurreratuta ateratzen diren presoak ere badira, gero eta gehiago. Egun, EPPK-ko 243 kide daude espetxean —beste hamarren bat preso ere badira—; horietatik 39k dituzte 60 urte baino gehiago, eta 55 lagun dira 50-60 urte artekoak. Presoek ez dute Madrilen eta Parisen diru laguntzarik jasotzen. Espainiako Estatuan, ondoren, bai: lehenengo urte eta erdian, hilero 426 euro.

Preso horien kasuan, premia bat dutenei hilero bakoitzari beste 205 euro ematen dizkio Harrerak, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta arterainokoa. Gaur-gaurkoz 42 preso ohi laguntzen ditu hala. Ematen du laguntza mota gehiago: jada estatuaren diru ekarpenik gabe dauden zortziri, hilero 500na euro; zahar etxetan dauden hiruri, hilero ia 300na euro; aurten 23 laguni aurkitu die lana —sorreratik, 163ri—; gidabaimena ateratzeko tasa ordaintzen du; osasun arloko zerbitzuak ahalbidetzen dizkie...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.