Eskola txikiak

“Bizitzaz beterik” dator Arroabean egingo den Eskola Txikien Festa

Prest dago Arroabeko Eskola Txikien Jairako egitaraua. Ekainaren 11n lau gune antolatuko dituzte auzoan. Ospakizunaren bueltan sortu dituzten abestia eta bideoklipa aurkeztu dituzte. Bideoa: abestia eta bideoklipa. [youtube]https://youtu.be/t1e1pyD8zZo[/youtube]

Ihintza Elustondo
2017ko maiatzaren 30a
16:31
Entzun

Atzera kontaketa hasi da. 11 egun baino ez dira falta Arroabean ospatuko den Gipuzkoako Eskola Txikien Jairako. Aurtengoa 30. edizioa izango da, eta antolatzaileek gaur aurkeztu dituzte egunaren nondik norakoak hedabideen aurrean, eskolako haur guztiak inguruan dituztela. Urtero bezala, Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik leloa aldarrikatuko dute,”eskola txikiak bizirik eta bizitzaz beterik daudela ospatu beharreko kontua delako”, Mikel Goñi Eskola Txikien irakasleen koordinatzailearen arabera.

Egitarau zabala prestatu dute egun handirako. Harrera ekitaldia 10:30ean egingo dute, eta hainbat ekintza izango dira egun osoan zehar: puzgarriak, tailerrak, ipuin kontaketak, jolasak… Eguna amaitzeko, apar festa egingo dute.

Lau gune antolatuko dituzte auzoan. Gune bakoitzak bere kolorea izango du, eta ekintza ezberdinak egingo dituzte horietako bakoitzean. Eskola txikietako haurrek kolore bat jasoko dute, eta kolorearen arabera banatuko dira guneetan. Horrela, egunean zehar gune guztiak pasatuko dituzte. Eskola txikia ez duten herrietako haurrak ere koloretako talde horietan sartuko dituzte, eta kolore banaketa hori egiteko, informazio gune bat egongo da.

Ekintza berezi bat ere antolatu dute ekainaren 11rako: lorategi birziklatua deiturikoa. “Harrera ekitaldiaren barruan, herri guztietako eskola txikietako haurrek zerbait elkarrekin egitea nahi genuen. Horretarako, birziklatutako loreak prestatzeko eskatu diegu eskola guztiei, eta festa egunean, gune berezi bat antolatuko dugu, non haur guztiek beren lorea landatu ahal izango duten. Horrekin adierazi nahi dugu eskola bakoitzak bere identitatea eta kolorea izanda ere, gure indarra batasuna dela”, adierazi du Kepa Iribar Sakulupe guraso elkarteko kideak.

Auzoa autoentzat itxita egongo da festak irauten duen bitartean. Arroara joateko garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute; autobusa edo trena. Autoz edo antolatutako autobusetan joan nahi dutenek, Sansinenea industrialdean egokituko duten aparkalekuan aparkatu ahal izango dute; auzotik bost minutura dago gunea.

Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak herriko hainbat eragile egiten ari den lana azpimarratu du: irakasleak, ikasleak, gurasoak, auzo elkarteak, boluntarioak… Eta haiei denei bere esker ona adierazi die. Horien artean, garrantzia berezia izan dute Arroabeko eskolako haurrek. Horregatik, Iker Eizagirrek eta Arhane Rodriguezek ikasleek zertan parte hartu duten azaldu dute: besteak beste, loreak egin eta margotu dituzte, abestia grabatu, dantza entseatu, logoa eta jolasak aukeratu…

Eskola berriari begira

Jexux Albizu eskolako zuzendariak azaldu duenez, egun, 65 ikasle ditu Arroabeko eskolak. “2002an 24 ikasle bazeuden ere, kopuru hori pixkanaka-pixkanaka igotzen joan da. Eta, datorren ikasturterako, 71 ikasle espero ditugu, inoiz egon den ikasle kopuru handiena”. Une honetan, lau eraikinetan banatuta dute eskola: txanpiñoia, aurrefabrikatua, eskola zaharra eta jangela. Baina badute proiektu berri bat eskuen artean: eskola berria eraikitzea. “Une honetan ilusionatuta gaude eskola berriarekin. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak esan digu urtearen amaieran hasiko direla lanak, eta horrek esan nahi du 2018-2019 ikasturtean sartuko ginatekeela bertara. Horrek eskolari eta auzoari hauspo berria emango dio”.

Auzoan eskola txikia izateak zer esan nahi duen azaldu du Iribarrek: “Haurrak nork bere auzoan hezi ahal izateko aukera ematen du era berezi batean, eskola txikien filosofiarekin, denak elkarrekin eta adin aniztasunean. Azken finean, gure bizi proiektua aurrera eramateko aukera sendoa ematen du, hemendik kanpora atera beharrik  gabe. Auzotar eta guraso bezala, esango nuke bizia dela eskola txikia auzoarentzat. Haurrak kanpora joaten diren auzo edo herri txiki bat uste dut ez dagoela hain bizirik, bizipoza falta du. Eskola txikia auzoak duen oinarri sendoenetako bat da”.

26 eskola, 1.100 ikasle

Guztira, 26 eskola txiki daude Gipuzkoan, eta, haietan, 1.100 ikasle inguru. Imanol Zubizarreta Baikara Gipuzkoako Ikasleen Gurasoen Federazioko kideak eskola txikiek Euskal Eskola Publikoaren barruan duten garrantzia nabarmendu du. “Eskola txikien hezkuntza komunitatea osatzen duten gurasoak ez dira Euskal Eskola Publikoa osatzen dugun familien komunitatearen barruan kopuru huts bat. Zerbait berezia dira, horixe baita Euskal Eskola Publikoko familien bereizgarri izatea nahi genukeen balioak ondoen adierazten dituen kolektiboa; hain zuzen ere, konpromisoa, inplikazioa, partaidetza eta ikastetxearekiko hurbiltasuna, besteak beste”.

Hori dela eta, lurraldeko gainerako eskoletako familiei dei egin die Zubizarretak ekainaren 11n Arroabera joateko, aukera izango dutelako “jaiaz gozatzeko eta Gipuzkoako eskola txikien errealitatea bertatik bertara ezagutzeko”.

Egun handirako dena prest dago, beraz, une honetan. Dena ondo irten dadin, ekainaren 11n eguraldiak laguntzea besterik ez zaie falta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.