Psikologo eta pedagogoa da Ernesto Gutierrez-Crespo. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Apside Psikopedagogia elkarteko kidea. Adingabeen suizidioaren gaialandu izan du. Ez dira kasu asko izaten; baina hor daude, eta aparteko berezitasunak dituzte: «Nerabeek, normalean, emozioek gainezka egiten dietelako egiten dute beren buruaz beste».
Garrantzitsua da gaiaz mintzatzea, ezta? Ez ezkutatzea.
Suizidioaz mintzatzea bainoago, bizitzaren zentzu positiboaz hitz egitea da agian gakoa, eta planteatzea zer baliabide ditugun zailtasunak ditugunean: gaizki gaudenean. Izan ere, zenbaitetan, bizitzak gogor hartzen gaitu.
Zein ezaugarri ditu nerabeen artean suizidioak?
Nerabezaroan, oro har, burmuinaren zati ez-arrazionalak, emozioekin lotuta dagoen horrek, berebiziko garrantzia du, eta, usu,arrazoiarekin lotuta dagoen zatiak ez du mendean hartzen. Ondorioz, errazagoa da emozioen araberako jokaerak izatea. Beraz, auzi korapilatsu bat baduzu, dela familia girokoa, edo lagunartekoa, edo bikote erlazioren baten barrukoa, eta horri, gainera, oldarkortasuna eransten badiozu, bada, horrek nahi ez zenituzkeen gauzak egitera eraman zaitzake.
Alerta zantzuak zein izaten dira?
Bada, adi ibili behar da oldarkortasun handia duten pertsonekin, kontaktu sozial urriak izatea ere arrisku faktorea izan daiteke, eta badira gehiago: gorabehera psikologikoak izatea, arazoei aurre egiteko zailtasunak izatea, alkohola edo drogak kontsumitzen aritzea... Beraz, eskoletan, bereziki, babesa landu behar da. Gazteei irakatsi behar zaie emozioak kudeatzen, eta adierazi behar zaie zailtasunen bat dutenean norengana jo dezaketen. Erreferentziazko pertsonak eduki behar dituzte; orientatzaile edo tutoreak izan daitezke. Askotan, ordea, horrelakorik ez da izaten zentroetan; alor akademikoa gailentzen da, eta ikasleen alde pertsonalena usu ikusi ere ez da egiten. Sendiek ere, noski, argi izan behar dute aldi zaila dela nerabezaroa: krisi aroa da, eta adi egon behar da.
Eskolako jazarpen kasuekin-eta erne ibili beharko da...
Nerabezaroan lagunak oso-oso garrantzitsuak dira, eta alor horretan zerbait ez ongi joatea alarma eragiteko moduko aldagaiaizan daiteke. Erresilientzia lantzea ere garrantzitsua da: zailtasunei aurre egiteko gaitasuna. Izan ere, bizitzan beti izango dira arazoak: une batean ez bada, bestean. Baliabideak behar dira horiei aurre egiteko. Dinamika horiek landu beharko lirateke emozioetan hezteko programen bidez. Usu, curriculumetan txertatzen zailak dira halakoak, baina, oro har, eskoletan gero eta argiago dute egin behar dela.
Buruko nahasteak dituzten nerabeak zaurgarriagoak dira. Ematen zaie gaur egun behar adinako sostengua gazteoi?
Adingabeentzakoak diren buruko osasuneko zerbitzuak gainezka daude maiz. Aldarrikatu beharreko eremu bat da.
Suizidioa. Ernesto Gutierrez-Crespo. Psikologoa
«Bizitzaren zentzu positiboaz mintzatzea da agian gakoa»
Adingabeen suizidioak saiheste aldera, emozioen kudeaketari lekua egin behar zaiola uste du Gutierrez-Crespok; gainerakoan, pairamendu egoerak sobera korapila daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu