Koronabirusa. Pobrezia. Carmen Maeztu. Nafarroako Eskubide Sozialen kontseilaria

«Bizitzan denok izan dezakegu zoritxarra, baina inor atzean ez uzteko ardura dugu»

Osasun krisia lehertu aurretik, pobrezia murrizten ari zen Nafarroan, baina bete-betean eragin dio ozta-ozta bizi zen talde zabal bati. Horrez gain, zahar etxeetako egoera zaila kudeatzea egokitu zaio Maezturi.

IñIGO URIZ / @FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Aste honetan apur bat lasaiago dago Carmen Maeztu, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen kontseilaria (Valtierra, Nafarroa, 1962), baina aurpegian islatzen zaio aurreko asteetako tentsioaren ondorioz pilatutako nekea. Haren departamentuak egoera zailei aurre egin behar die. Konfinamenduak sektore ahulenei egin die kalte, eta COVID-19ak gogor jo ditu zahar etxeak. «Astinaldi biziko egunak izan dira, lan egiteko behar handikoak. Pertsonalki gehiago larritzen ninduen ezer ez egiteak; lan egiteak, hainbat egoerari erantzuteak, berriz, ongi egin dit». Uneotan, konfinamenduaren leuntzea zahar etxeetan nola aplikatu eta sektore ahulenetan eragindako ondorioei aurre egitea du kezka iturri nagusi.

Egoera apur bat arindu da. Zer eragin izan du koronabirusak?

Alor ugaritan, kolpea handia izan da. Zahar etxeetan, zer esanik ez, pertsona ugari hil baitira. Bataila gogorra izan da, eta sektoreak irudipena du gizartearen aurrean prestigioa galdu duela. Eguneko eta okupazio zentroak itxi direnez, ezgaitasuna eta buruko gaixotasunak dituzten asko etxean geratu dira, eta familietan eragina izan du. Enpleguan, aldi baterako espedienteez harago, 7.000 langabe gehiago daude. Pobreziaren arloan, gizartearen sektore bati bete-betean eragin dio.

Nafarroan pobrezia jaisten ari zen, baina nola eragin dio konfinamenduak ozta-ozta bizi zen gizarteko poltsa handi horri?

Oinarrizko zerbitzu sozialak babes sistemaren ataria dira. Haien eta hirugarren sektoreko elkarteen bitartez (Caritas, pobreziaren aurkako sarea, Gurutze Gorria), krisi honen ondorioei buruzko errealitatearen berri dugu. Jende ugarik lana galdu du. Errenta bermatua babesgunea da. INEk joan den astean kaleratutako datuen arabera, 2018an muturreko pobrezia %40 murriztu zen, neurri batean, ezarritako politikei esker; baina, orain, makina bat pertsonak zailtasun ekonomikoak dituzte, eta arazoak etxebizitzan, osasunean, hezkuntzan...

Zuen lehen erantzuna nora zuzendu zenuten?

Ikastetxeetako jangelak itxi zirenez, Hezkuntzak diru hori guregana bidali zuen, eta beka baten bidez laguntza publikoa jasotzen zuten 5.000 familietara bideratu genuen. Hori izan zen lehen neurrietako bat. Gizarte zerbitzuen bitartez, arazoak dituzten pertsonak identifikatu nahi izan ditugu eta elikagai txartelak banatu dizkiegu 12.000 sendiri.

Webgunean bilatzaile bat jarri duzue ezarritako 42 laguntzen informazioa emateko. Laguntzak iristen ari al dira?

Gizarte zerbitzuetako profesionalek esaten digute baietz. Harremanetan jartzeko ezohiko hainbat modu garatzen ari gara, batik bat telefonoz, baina informazioa iristen ari da. Hala ere, ez dugu inoiz ase geratu behar, eta identifikatzeko lan egin behar da, aurrea hartuz, alboratuta geratu daitezkeen horiengana iristeko, aldi berean behar handiena dutenak izan daitezkeelako.

Zer laguntza ezarri dituzue?

Gizarte inklusiboaren arloan, hainbat neurri hartu ditugu. Batetik, milioi erdi larrialdi laguntzetan jarri ditugu; beste 300.000 euro, elikagai beharretan; beste milioi bat euro, zerbitzu sozialak indartzeko. Errenta bermatuaren aurrekontua sei milioi euro handitu dugu, eta prozedurak erraztu ditugu automatikoki egin dadin. Enplegu arloan, neurriak ezarri ditugu errenta bermatuaren onuradunak eta 30 urtetik beherako gazteak kontratatzeko; etxebizitzan, laguntzak handitu ditugu, eta, pilaketei aurre egiteko, alokairuaren %70 arte ordaintzeko laguntzak ematen ari gara.

Nahikoa al da oraingoz, ala gehiago ezarriko dituzue?

Hirugarren sektoreko elkarteekin bi bilera egin ditugu, egoera aztertzeko. Hurrengo bileran, asmoa dugu behar gehiago atzemateko, eta gobernua COVID-19ari aurre egiteko lantzen ari den planean jasotzeko. Orain arte abian genituen beste planak —adibidez, ijitoen populazioari edo ezgaitasunei buruzkoak— berrikusi nahi ditugu, beste ildo bat emateko.

Errenta bermatua babesgunea dela aipatu duzu. Zenbat handitu dira eskaerak?

Errenta bermatuak gutxieneko diru sarrera bat bermatzen die sistema publikoko beste diru sariak jasotzeko aukerarik ez dutenei edo lan prekarioa dutenei. Martxotik apirilera bitartean 500 eskaera gehiago jaso ditugu.

Espainiako Gobernuak gutxieneko errenta bat ezarriko du. Nafarroako errenta bermatuaren osagarri izango al da?

Gizarte Eskubideen Ministerioarekin hiru bilera izan ditugu. Bai guk bai Eusko Jaurlaritzak eskatu diogu errenta bateragarria izatea; beharrezkotzat jotzen dugu, gizarte larrialdiagatik.

Hala balitz, arnasa emango lieke kontu publikoei. Hitzarmen Ekonomikoaren bidez egingo da?

Osagarria bada, finantzaketa lor dezakegu, gastuaren zati bat aurreztu dezakegulako. Ikusteko dago nola egingo den: Gizarte Segurantzaren bidez egingo den edo, pentsio ez-kontributiboen modura, hemen banatu eta gero hitzarmeneko ekarpen bidez finantzatzen den. Hala ere, geuk ere egin beharko dugu ekarpena.

Asteon, Maria Txibitek COVID-19aren ondorio sozial eta ekonomikoei aurre egiteko plana egiteko asmoaz hitz egin du. Gizarte arloan, egungo ereduan sakondu behar da, ala beste planteamendu batera jo?

Eskubideen ideian sakondu behar dugu, eta nabarmendu zer garrantzitsua den ez uztea noraezean gizarteko talderik ahulenak. Denok izan dezakegu zoritxarra bizitzan, eta guztion ardura da inor atzean ez uztea. Zailtasunak dituztenen eskubideak bermatu behar dira, eta babeserako gizarte bat sortu behar dugu guztion artean.

Navarra Sumak gogor kritikatu du zure kudeaketa zahar etxeen kasuan. Krisiaren tamainari erreparatuta, ez da bidezkoa?

Kritikak beti entzun behar dira, eta ulerkorra izan haiekin: zer argudio darabiltzan, zer proposatzen duen... Dena den, proposamenik ez badute, kritikaren asmoa belztu egiten dute.

Zahar etxeetan hildako ugari egon dira. Berandu hartu zenituzten neurriak?

Kritika hori ez da bidezkoa. Martxoaren 6tik lanean hasi ginen, oso bizi. Neurri garrantzitsuak hartu ditugu; tartean, osasun profesionalen babes batzorde bat sortu dugu Nafarroa osorako. Eskuz esku lan egin dugu Osasun Departamentuarekin, zailtasun handienak zituzten zahar etxeak identifikatzeko. Egia da lehen egunetan ez genuela materialik, ez genuela testik, eta bidean gauza asko ikasi ditugula.

Zer ikasi duzue?

Oraindik ziurgabetasun handiak ditugu, baina bidean ikasi dugu sintomarik ez dutenek kutsatu zezaketela. Lehen asteetan, Osasun Ministerioak bidalitako irizpideen ondorioz, uste genuen soilik sintomak zituztenek kutsatzen zutela. Zahar etxeak sektoreka antolatzeko neurriek ere lagundu dute, eta, batzuk beteta zeudenez, oso konplikatua zuten hori egitea. Horregatik, bitartekoak sortu ditugu, kutsatutako egoiliarrak atera eta eremu askeak sortzeko.

Nolakoa izan da kolpea zahar etxeetan?

Azken datuen arabera, 71 zahar etxeetatik 43k ez dute kutsaturik, eta 49 menpekotasun zentroetatik 41ek ere ez. Altak bikoiztu egin dira. Hala ere, Nafarroan izandako 597 hildakoetatik 239 zahar etxeetan baieztatutako kasuak dira, eta beste 171k COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak zituzten.

Zer ondorio utzi ditu?

Profesionalen eta egoiliarren artean, ondorio emozional sakonak utzi ditu. Kutsatu kopuru handiak izan dituzten zahar etxeetan, hildakoez harago, profesionalek lan handia egin behar izan dute. Neke fisiko handia eta ondorio psikologikoak utzi ditu.

Ikuskaritza bat egingo duzue. Goiz da ondorioak hartzeko?

Bai, askotariko arrazoiak pilatu dira. Zahar etxeetan adineko asko daude, eta %80k, gainera, menpekotasun handia dute. Elkarbizitza oso estua da; sartu-irten ugariko tokiak dira. Aurreko legealdian jada hasia genuen lan bat zahar etxeak berrikusteko. Egoiliarrek osasun arreta jasotzeko eskubidea dute, baina ezin ditugu zahar etxeak ospitale bihurtu; etxe baten antz ahalik eta handiena izan behar dute.

Hamalau zahar etxetan esku hartu duzue, eta hainbat zuzendari izendatu. Zergatik?

Osasun Ministerioaren aginduak aukera hori ematen zuen, arrazoi epidemiologikoen edo antolamenduaren ondorioz. Zuzendariak izendatu behar izan ditugu gaixotu direlako, edo beharrezko ikusi dugu babes edo aholkularitza handiagoa ematea.

Gauza arraroak sumatu dituzue?

Ez, uste dut Nafarroako zahar etxeen arreta ona dela. Esku hartzeak erabili ditugu zahar etxeei laguntzeko, hemendik kontratazioak egiteko, pertsonak toki batetik bestera eramateko, langile kutsaturik ez zegoen egoitzetara.

Apiril erdialdean, zure departamentuak kaleratu ohi zituen zahar etxeetako hildakoak Osasun Departamenduak egunero ematen dituenekin batu ziren. Zer gertatu zen?

Martxoaren 17an hasi ginen zahar etxeetako datu zehatzak biltzen: ospitaleratzeak, kasu posibleak eta baieztatuak, langile kutsatuak... Apiril hasieran, Osasun Ministerioak eskatu zigun hildakoak beste modu batera bidaltzeko. Ulertu genuen gardenak izan behar genuela. Zahar etxeek datuak pasatu zizkiguten, baina jabetu ginen ez zetozela bat Osasun Departamentuko datuekin. Zergatik? Hona heriotza agiriak atzeratuta iristen zirelako. Hainbat informazio iturri erabiltzearen ondorioa izan da desoreka. Nahiago genuen zahar etxeetakoak ematea, eta diferentzia zuzendu genuen.

Hemendik aurrera zer egingo duzue?

Kontingentzia planean neurriak jaso ditugu materialei, espazioen kudeaketari eta beste hainbat konturi buruz. Arreta berezia jartzen ari gara kasurik izan ez duten zahar etxeetan. Egun, bisitak debekatuta daude, eta gure berehalako kezka da nola aurre egin horri. Egoiliarrak ezin dira atera, sedentarismoa nagusitu da, eta neurriak aktibatu behar ditugu, senideekin hartu-emanak erraztu... Gaur telefono bidez egiten da, baina ez da gauza bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.