Ostiral eta larunbatean Euskal Herriko eta beste herrialde batzuetako zortzi eskubide urraketa kasu epaitu zituzten Bilboko Bidebarrieta liburutegiko aretoan. Honako eragile hauek sustatu dute herri auzitegia: Bizilur, Mugarik Gabeko Ingeniariak, Desazkundea, ESK sindikatua, Mugarik Gabeko Ekonomialariak eta Mugarik Gabe. «Gizarte zibilak beharra ikusten du giza eskubideen urraketak agerian uzteko, salatzeko eta bizimodu iraunkorra sustatzeko». Lau eskubideren defentsan egin dute epaiketa: zaintza eskubidea, energia burujabetzarako eskubidea, bizi maila duina izateko eskubidea eta lurralde eta elikadura burujabetzarako eskubidea.
Eskubide ekonomiko, sozial, kultural eta ingurumenari lotutakoak bermatzeko, nazioarteko zuzenbideak agindutako beharrak dituztela gogoratu diete estatuei. «Praktikan ikusten dugu ez dituztela bermatzen: urratu egiten dira, eta ez dira bizi baldintza duinak bermatzen». Orain, salatu dituzten estatu, gobernu eta enpresa horiei epaia bidaliko diete. Epaiketa egin aurretik, gutun bat bidali zieten guztiei, haien iritzia jasotzeko. Jubetok badaki ez dutela erantzunik jasoko, baina iruditzen zaio urraketa horiek ikusgai egiteko balioko duela, bai sistemaren parte diren erakunde horietan, bai gizartean bertan.
PERTSONEN ZAINTZA
Pilar Gil Pascualek Bilbon eta Floriberta Robledok Mexiko eta Guatemala artean zaintza lanetan sufritu dituzten «estigmatizazioa eta esplotazioa» salatu dituzte. «Emakume, zaintzaile, txiro eta migratzaile» dira biak. Horregatik, epaimahaiak galdegin du etxeko langileen eskubideak bermatzeko neurriak hartzea. Sektore feminizatu gisa dituen eskubide urraketak gainditu behar direla azpimarratu du Jubetok, baina gaineratu du zaintza ez dela soilik andreen ardura. «Bizitza ezinezkoa da besteen zaintza jaso gabe. Hortaz, zaintza lanaren aitortza eta lehentasuna aldarrikatu ditugu, gizarte osoak partekatu beharreko erantzukizuna delako».
LURRALDEA ETA ELIKADURA
AHTa egiteko lanek Euskal Herrian eragin dituzten «kalteak» epaitu dituzte: batez ere, Atxondon (Bizkaia) eta Ezkion eta Itsason (Gipuzkoa) ipini dute arreta; herriotan desjabetutako lurretan. Atzerriko kasua Argentinan topatu dute, Iacu Cachi komunitate indigenari enpresariek kendutako lurretan. Erresistentzia agertu duten komunitateko kideen aurkako «indarkeria eta kriminalizazioa» salatu dituzte, eta ekintzaileen hilketak ere izan direla deitoratu dute. Ur putzuak ere pozoitu dizkiete. Euskal Herriko zein Ameriketako auzietan tokiko komunitateen elikadura burujabetzarako eskubidea urratu dela ebatzi du epaimahaiak. Argentinako eta Espainiako gobernuak, Jaurlaritza, Omera enpresa argentinarra eta AHTa eraikitzen ari direnak egin dituzte erantzule.
Bi lekuetako urraketen erantzuleak zigortzeko eskatzeaz gain, epaimahaiak erreparazio neurriak ere galdegin ditu. Horrez gain, landa garapenerako politika «bidezkoen» alde egin du, komunitateen ongizatea eta burujabetza bermatzeko; nortasun arieta kulturari lotutako ondasunak babestearen alde ere agertu da. Nekazaritza ekologikoaren aldeko apustua ere egin du.
ENERGIA BURUJABETZA
Euskal Herriko hainbat familiak sufritzen duten pobrezia energetikoaren auziaz ohartarazi dute. Horretarako, Iruñeko bikote baten eta euren seme-alaben kasua eroan dute auzitara. Gurasoak langabezian geratu zirenean, fakturei aurre egiteko zailtasunak izan zituzten; besteak beste, argindarra pagatzeko. Zerbitzua ez mozteko, zorra epeka ordaintzea adostu zuten enpresarekin, eta, horretarako, beste beharrizan batzuk albo batera utzi behar izan zituzten. Mendebaldeko Saharan aurkitu dute beste kasua. Marokoren okupazioaren ondorioetako bat da energia burujabetzaren galera: Marokok kudeatzen ditu lurraldeko baliabideak, eta atzerriko enpresen esku uzten ditu ustiatzeko eskubideak.
Epaimahaiak Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza egin ditu familien pobrezia energetikoaren erantzule, eta neurriak eskatu dizkiete, herritarrek gutxieneko zerbitzu guztiak bermatuta dituzten etxebizitzak izan ditzaten. Era berean, Marokori galdegin diote Saharan eskubideak urratzeari uzteko; Espainiari eta Europako Batasunari ere igorri diete mezua, horrekin lotuta: NBEk Saharari aitortutako autodeterminazio eskubidea bermatzeko eskatu diete.
BIZIMODU DUINA
Bestelako ekonomia eredu batekin lotu dute bizimodu duina izateko eskubidea. Egungo eredu kapitalistak arlo horretan egindako bi urraketa eraman dituzte auzitara. Lehenengoa, diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duen Euskal Herriko emakume batena: Lanbide eta Eusko Jaurlaritza zigortu dituzte, «gizarte babesa jasotzeko eskubidea izanik, hura ukatu egin diotelako, eta erakundeon jazarpena sufritu duelako». Eusko Jaurlaritzari gertatutakoa ikertzeko eta eragindako kaltea konpontzeko eskatu dio epaimahaiak. Diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko baldintzetan egindako aldaketak salatu ditu Jubetok: «Gero eta zailagoa da errenta hori jasotzea».
Bigarrenean, El Salvardorko gobernua eta herrialde hartako ehungintzako enpresa batzuk jo dituzte errudun, Rosa Maria Marroquin izeneko emakumeak sufritu duen «lan esplotazioagatik». Beraz, gobernuari galdegin diote brodatzaileek sufritzen dituzten eskubide urraketak ikertzea. Era berean, Marroquinentzako enplegu duin bat aurkitzera zigortu dute estatua. Lana borondatez uzteko eskubidea eta lan egindako denboragatik kalte ordaina jasotzeko eskubidea aitortuta daudela gogoratu dute epaian.