Gregorio Ordoñez ETAk hildako PPko zinegotzia zena oroitzeko, haren izena daraman fundazioak erakusketa bat antolatu du Donostiako Miramar jauregian, eta atzo egin zuten inaugurazio ekitaldia, hilketaren 25. urteurrena betetzen zen egunean. Bertan izan ziren, besteak beste, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Eneko Goia Donostiako alkatea, Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohia, Pablo Casado PPko presidentea eta Jesus Loza Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaria.
Gregorio Ordoñez. Bizitza posiblea izenburupean, politikariaren bizipenak, testigantzak eta ibilbidea jasotzen ditu erakusketak. 300 objektu baino gehiago bildu dituzte, eta ikusgai egongo da apirilaren 30era arte.
Ana Iribar fundazioko presidente eta Ordoñezen alargunak zabaldu zuen erakusketa, eta eskertuta mintzatu zitzaien egitasmoa gauzatzea ahalbidetu duten eragile guztiei: «Ez da kasualitatea jende gehienak hura errespetuz, maitasunez eta miresmenez oroitzen jarraitzea, baita desadostasun politikoak daudenean ere. Emozioaz harago, sentitu dut jende askok Gregorioren falta sumatzen duela».
Baina kritiko ere jardun zuen Iribarrek: «Haren hilketatik 25 urte igaro eta gero, Gregorio Ordoñezen diskurtso politikoa gaur egun oraindik ere balekoa eta eraginkorra izateak erakusten du ez garela gai izan Gregoriok aurre egindako gai nagusiak konpontzeko». «Zerbait gaizki» egin izanaren erakusle da Ordoñezen hitzak «kontsolagarri» izatea «gaur egun demokrata askorentzat», Iribarren esanetan. Testuinguru horretan, azaldu zuen PPko Gipuzkoako buruzagia zenak «biolentoen bakartze politikoa eta soziala» eskatzen zuela eta gaur egun «oinordekoek udaletako, [Espainiako] Kongresuko eta parlamentu autonomikoetako aulkietan eserita jarraitzen» dutela.
PP, gerturatzeen aurka
Pablo Casadok ere gogoan izan zuen Ordoñez: «ETAko hiltzaileek hil egin zuten askatasuna eta demokrazia babesten zituelako, eta lurralde hau gozatzen zuelako; ezinbesteko jotzen zuelako Espainiarentzat eta Europarentzat». Kontrara, eskatu zuen «ETAren hilketak gaitzesten ez dituztenak» ez izateko «mintzaide politikoak, ez ditzaten gobernuak jarri edo aurrekontuak egin Nafarroa bezalako erkidego hurbiletan». Casadok mezua bidali zion Iñigo Urkulluri ere: «Lehendakariak ez du eskatu behar damutu ez diren eta biktimei barkamenik eskatu ez dieten ETA erakunde terroristako 200 presoak gerturatzea, batez ere, horien artean dagoelako Goio Ordoñezen hiltzailea».
Alfonso Alonso EAEko PPko presidentea ere erakusketaren hasiera ekitaldian izan zen, eta nabarmendu zuen Ordoñezen «ereduak bizirik jarraitzen» duela alderdian, eta haren ideiek «gaurkotasuna» dutela oraindik ere.
«Bizitza posiblea» erakusgarri
Eragile ugari batu dira Gregorio Ordoñez oroitzeko erakusketaren irekieran. Iribarren ustez, «zerbait gaizki» egin izanaren erakusle da Ordoñezen diskurtsoak egun balio izatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu