Kasu askori aurre egiteko, logopeda gutxi

Ahoarekin zerikusia duten jokabideak tratatzen dituzte logopedek. Hego Euskal Herrian, 445 logopeda dira bi elkargoen parte. Horietako oso gutxik egiten dute lan osasun publikoan.

Logopedia
Haur bat, logopedarekin, errehabilitazio saio batean. FREEPIK
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko abenduaren 27a
05:00
Entzun

Ahoskatzeko zailtasunak dituelako, komunikazioaren nahasteak dituelako, iktus bat izan duelako edota janaria irensteko arazoak dituelako. Pertsona askok logopeda baten beharra izan dezake. Ahoarekin zerikusia duten jokabideak tratatzen ditu logopedak. Eta haren helburua da ebaluazio, diagnostiko eta tratamendu lan bat egitea pertsonen hizkeraren, ahotsaren, ahozkoak ez diren aho funtzioen, ahozko eta idatzizko hizkuntzaren eta beste komunikazio modu batzuen nahasteetan. Haurrekin lotzen da logopeda sarri, baina ez da beti horrela. Itxaso Badell Nafarroako Logopeden Elkargoko lehendakariak argi adierazi du: «Edozein adinetan erraza da logopeda baten beharra izatea, fisioterapeutak edo psikologoak behar ditugun bezala; kontzientzia falta da».

Unibertsitate gradua da logopedia. Hain justu, aurten iragarri du EHUk Logopediako gradua eskainiko duela heldu den ikasturtean. 40 leku eskainiko dituzte, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez hitz egiten dutenentzat, hiru hizkuntza horietan emango baitituzte irakasgaiak. Orain arte ez da aukerarik egon graduaren zati bat bera ere euskaraz ikasteko. Nafarroan ez dago logopedia ikasteko aukerarik.

Aurten sortu dute Nafarroako Logopeden Elkargoa. 45 logopeda dira horren parte; Badellen arabera, urte amaieran gehiago izango dira. Osasunbidean, baina, bederatzi profesionalek besterik ez dute lan egiten. Zortzi errehabilitazio zerbitzuan daude; bederatzigarrenak otorrinolaringologia zerbitzuan egiten du lan. «Osasun publikoan, ez dago ia inor», berretsi du Badellek.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egoera ez da askoz hobea. Duela hamabost urte sortu zuten EAEko Logopeden Elkargoa. Egun, 400 logopeda inguru dira horren parte. «Gutxi gorabehera, hemeretzi logopeda daude 100.000 biztanleko», ohartarazi du Antonio Clemente EAEko Logopeden Elkargoko lehendakariak. Eta ez hori bakarrik. Osasun publikoan hamabi logopeda baino ez daude. «Hau da, hamabi logopeda, bi milioi pertsona baino gehiagorentzat». Horiek horrela, mezu irmoa bota du Clementek: «Kontuan izanda logopeden eskumenekoak diren kasuistika guztiak, kopuru hori ez da, inola ere, nahikoa». Haren arabera, logopeda gehiago izateak prebentzio lan hobea ekarriko luke. Esaterako, pediatraren alboan logopeda bat arituko balitz, nabarmen lehenago atzemango lirateke zenbait arazo edota kasu.

21

Logopedak osasun publikoan. Gaur egun, 400 logopeda inguru daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietatik hamabik baino ez dute osasun publikoan lan egiten. Nafarroan, berriz, 45 dira Logopeden Elkargoaren parte, eta bederatzik egiten dute lan Osasunbidean.

Elkargoa sortu zutenetik, Osakidetzan lan egiten duten logopeden kopurua ez da asko aldatu. Izan ere, 2018-2019ko lan eskaintza publikoan lau postu eskaini zituzten, baina hiru erretiroa hartu zuten langileak ordezkatzeko ziren. Clementeren iritziz, logopeden lanbidea ez dago behar bezala araututa. Horregatik ez dute garrantzitsutzat jotzen. «Logopedia lanbide berria da, baina logopediarekin lotutako arazoak mundua bezain zaharrak dira». Elkargoko lehendakariak azaldu duenez, logopedarik ez zegoenean, gainerako profesionalek egiten zuten haien lana. «Inertzia» hori mantendu da ospitaleetan: «Guri dagokiguna beste pertsona batzuek egiten dute; nor ausartuko litzateke mediku baten lana egitera mediku izan gabe?». Erregulazioan dago gakoa; lanbide bakoitzaren eskumenak eta konpetentziak zehaztu behar dira.

Eskolak eta zahar etxeak

Pertsona batek bizitzako edozein garaitan izan dezake logopeda baten beharra. Hala ere, logopedek bi garai azpimarratzen dituzte: umetan eta zaharretan. Alegia, eskoletan eta zahar etxeetan. «Ez gaude eskoletan», ohartarazi du Clementek. Larria da hori, haren esanetan: «Biztanleen %5-15 dislexikoak dira, eta %7k hizkuntzaren nahasmenduren bat dute». Zehaztu duenez, logopeda batek dislexia diagnostikatu dezake haurra idazten hasi aurretik. «Kasu horiek goiz detektatzen badira, pertsona horiek lortuko duten errendimendua eta garapena askoz hobea izango da».

Hego Euskal Herrian arreta goiztiarra zerbitzua eskaintzen diete garapenean nahasmenduren bat duten haurrei. Bertan badira logopedak, baina arazo bat dago: Nafarroan 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzat da; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 0 eta 6 urte bitartekoentzat. «Horren ostean, eskolan sartu eta logopeden tratamendua galtzen dute, bertan ez dagoelako logopedarik», azaldu du Clementek. Horregatik, eskoletan logopedak behar direla defenditu du.

Zahar etxeetan ere ez dago logopedarik, eta EAEko Elkargoak alegazioak aurkeztu dizkio aurten zahar etxeen dekretuari. Eskatu dute zahar etxeetan logopeda bat aritzea bermatzeko, eta gutxieneko ratio orokorrak fisioterapiako profesionalen berdinak izan daitezela. Besteak beste, zahar etxeetan artatu ohi den gaixotasun bat disfagia da: janaria irensteko zailtasuna. Gaur egun, ez dago inor hori kontrolatzeko, eta, Badellek azaldu duenez, oso garrantzitsua da: «Janaria kontrolatu behar da, bronkoaspirazioak ez gertatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.