Maria del Olmo. Historiagilea

«Bizitza oso bateko ibilbideak eraman du Azkarraga Sarera»

'Joseba Azkarraga, la libertad y los derechos humanos como objetivo' biografian Sareko bozeramailearen ibilbide politiko oparoa azaldu du Maria del Olmok. «Printzipio zurruneko pertsona» gisa deskribatu du.

BERRIA.
xabier martin
2022ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Giza eskubideen aldeko lana izan du zeregin nagusi Joseba Azkarragak (Agurain, Araba, 1950), EAJko eta EAko diputatu eta senatari gisa, Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu gisa eta, 2014ean hasita, Sareko bozeramailetzan. Hala aldarrikatu du Maria del Olmok (Alacant, Herrialde Katalanak, 1965), haren ibilbide politikoa jaso duen egileak. Azkarragaren bizitza politikoa kontatzea «trantsizio odoltsua eta 1978ko demokraziaren gezurra» agerian uztea dela dio Del Olmok.

Azkarraga beti giza eskubideen inguruko borrokan aritu dela diozu hari buruzko liburuan, eta gertakari zehatz batzuk aipatzen dituzu behar hori gazterik sortu zitzaiola azaltzeko.

Frankismoa gogor jazarri zitzaion haren familiari. Jose Mari Azkarraga Mozo Lurgorri osaba fusilatu zuten 1937an, eta aita zazpi urtez eduki zuten kartzelan, eta ondasun guztiak lapurtu zizkioten familiari. Aitonak ere erbestera joan behar izan zuen, eta horrek guztiak presoen inguruko kontzientzia piztu zion, espetxetik aterata ere, aitaren preso ohi kondizio horrek familiaren geroa baldintzatu baitzuen.

EAJn aurrena eta gero EAn egin zuen Azkarragak bere ibilbide politikoa. Haren inplikazioakezustean harrapatu zituen batzuk euskal presoen eskubideen aldeko Sare elkartean.

Ezjakintasuna izango zen. Izan ere, 1980ko hamarkadan hasi zen presoen aldeko lanean. Urte horietan, Espainiako kartzeletara bidaia batzuk egin zituen, euskal presoen muturreko baldintzak zirela eta. Puerto de Santa Mariako presondegiari buruz egiten duen kontakizuna izugarria da. Presoak masakratzeko xedea zuen politika egiten zen han, haiek desagerrarazteko. Gero Azkarraga bidea iritsi zen... Azkarragak berak eskizofrenia hitza aipatzen du inork ikusi duenean galdezka nolaz defenditu dituen euskal presoen eskubideak ETAren indarkeriaren aurkako posizio batetik. Ez du ulertzen jendeak ezin ikustea giza eskubide batzuek ez dituztela beste batzuk ezeztatzen. Printzipio zurruneko pertsona da, eta, trantsizio odoltsu horretan, giza eskubideen alde egitea izan zen beti haren helburu nagusia.

EAJko eta EAko diputatu eta senatari gisa, PSOEk GALen garaian harturiko hautu politikoak ezagutu zituen. Aro horrek badu lotura gero Sareko bozeramaile bihurtzeko erabakiarekin?

Hamalau urte egin zituen Madrilen, eta espiatu ere egin zuten, euskal presoen aldeko defentsan aritzeagatik. Botere faktikoen jazarpena zer den badaki, botere judizialarena barne. Egunotan Espainian ikusten ari den botere ilun horri aurpegia ikusita dio Azkarragak sarri; besteak beste, Juan Carlos Borboikoa ikertzea eskatzeagatik. Autodeterminazioaren eta euskal presoen aldeko ibilbide horrek guztiak, bizitza oso batek, egun Saren duen lekura eraman duela argi dago.

Azkarraga bidea aipatu duzu. Nola izan zen hura?

Ia ehun preso gizarteratu eta berrehun bat iheslari euskal herriratu zituzten bide horri esker. Kongresutik Senaturako jauzia propio egin zuen birgizarteratze ekinaldi hori jorratzeko, Kongresuan lan gehiegi baitzuen. Are, Azkarraga bidea bukatu arte ez zen EAra aldatu, ez zuelako kaltetu nahi birgizarteratzeko formula hori.

Zer eskatzen zitzaien presoei bide horretatik abiatzeko?

Ez zieten exijitzen barkamena eskatzea edo kolaboratzea burkideak salatuz edo, orain epaile eta biktima batzuek eskatzen duten moduan. Soluzio politiko baten aldeko konpromisoa baizik ez zuen eskatzen bide hark.

Sakabanaketa politika martxan jartzen lagundu zuen EAJk, PSOEko orduko agintari batzuek esaten dutenez. Azkarraga ere lotu dute aro horrekin inoiz. Zer diozu?

Gauzak nahasten direla irizpide handirik gabe. Azkarraga beti izan da politika horren aurkakoa, EA beti izan delako aurkakoa. EAJ 1987an utzi zuen Azkarragak, eta sabanaketa politika 1989an hasi zen.

Nola bizi izan zuen EAJren banaketa? Zergatik aukeratu zuen EA?

Gazterik hasi zen EAJn militatzen, familiaren ohiturari jarraiki, baina hasieratik egin zuten talka alderdi horren zenbait ildok eta bere benetako nahiek; Amnistiaren Legea, erreforma politikoarena... Gai askotan adierazi zuen bere desadostasuna alderdiarekin. EAJ liberala eta demokristaua da, eta EA, berriz, sozialdemokrazian abiatu zen, konfesiorik gabe. Azkarragaren ekarpen guztiak beti egokitu dira hobe sozialdemokrazian.

Juan Jose Ibarretxeren gobernuan Justizia sailburu izan zen Ibarretxe planaren aroan. Nola bizi izan zuen hura?

Gerra judiziala eta estoldak euskal independentismoaren aurka egiteko jarri ziren martxan trantsizioaren hasieran, eta aro horretan ahalegin hori are gehiago handitu zuten. Ibarretxeren gobernuaren kudeaketa normala oztopatu zuten, ekonomia, kultura, enplegua... Autodeterminazio eskubideari harresia jarri zioten oposizioaren bidez, Gasteizen eta Madrilen, betiere auzitegien bidez. Azkarragari ere ez zioten arnasik eman Justizia sailburu gisa. Entzuketa ugari egin zizkioten, baita epaileekin egindako bileretan ere, eta Azkarraga bera eta Ibarretxe terrorismoarekin lotzeko saioak ez zuen etenik izan.

Azkarraga 2014an hasi zen Sareren aurpegia izaten. 72 urte ditu orain. Noiz arte jarraituko duela uste duzu?

Aurten bultzada handia egon da sakabanaketa bukatzeko. Gaur egun, hamahiru preso baizik ez daude Euskal Herritik kanpo, eta euskal preso guztiak euskal herriratzeko Sareren helburua oso gertu dagoela esan daiteke.

Presoen graduen erregresioan jartzen ari da arreta orain, Espainiako Auzitegi Nazionalak eraginda. Nola ikusten duzu hori?

Mendeku politika argi bat dago ekinaldi judizial horren atzean. Presoak euskal herriratu ondoren, hori da konpontzeko geratuko den arazo handiena. Joseba Azkarragak Saren jarraituko duela uste dut, indarrak dituen bitartean behintzat. Bere konpromiso handiena hori da, eta aurrera jarraitzeko indarrez dagoela esango nuke.

Lehen helburua betetzen denean, presoen euskal herriratzea, beste ziklo bat hasi lezake Sarek. Nola ikusten duzu etorkizuna?

Presoek graduan aurrera egiteko eskubidea bermatu behar da, tresna hori ezinbestekoa delako Sarek aurki izango duen azken helburua bete dadin. 23 gradu aldaketari jarri dizkiete helegiteak epaileek, eta zortzi batek itzuli behar izan dute espetxera. Egoera horri irtenbide bat eman behar zaio lehebailehen.

Arazorik izan du AzkarragakSareko bozeramaile delako?

Euskal gizartean ez, Sarek babes masiboa duelako han. Kanpoan, bai. Jakina da CNIk espiatu egin duela, bai kartzeletan, bai bere sakelakoaren bidez eta kalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.