Presoak. Gatza eta Elurtxuri

Bizitza erdia giltzapean

Datozen asteotan aterako dira kartzelatik Jose Mari Sagardui 'Gatza' eta Jon Agirre Agiriano 'Elurtxuri'. Europan, espetxean denbora gehien jarraian daramaten presoak dira; 31 eta 30 urte egin dituzte giltzapean.

Samara Velte.
2011ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Espetxe zigorra ez da zigor bakarra izaten. Ondo asko dakite hori Jose Mari Sagardui Moja Gatza-k eta Jon Agirre Agiriano Elurtxuri-k. 31 eta 30 urte daramatzate preso, hurrenez hurren; Europan, espetxean denbora gehien jarraian daramaten presoak dira. Agirrek, gainera, gaixotasun sendaezin bat du. Laster irtengo dira biak: Sagardui, apirilaren 13an, eta Agirre, maiatzaren 3an.

Berez, Agirrek 2006an behar zuen libre, kondena osoa beteta—hiru laurdenak aspaldi beteak zituen, 1996ko irailean—. Sagarduik, berriz, 2009an bete zuen zigorra. Kalera irtetear zeudela, Parot deritzon 197/2006 epaiaren doktrina ezarri zien Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta beste sei eta bost urtez luzatu zien kartzelaldia.

Espetxe zigorra senideentzat ere izaten da; kondenen gorabeherak, espetxe aldaketak eta ustekabeko luzapenak pazientziaz hartzea zaila izaten da sarri. Emilio Agirrek, Elurtxuriren anaiak, hala gogoratzen du 197/2006 doktrina aplikatu ziotenekoa: «Ordura arte itxaropen pixka bat bageneukan, baina hor galdu egin genuen».

Orain berreskuratu dute, baina ez dira guztiz fio; ez, behintzat, Sagarduiren emazte Kontxa Luna: «Familiakoak oso urduri gaude». Behinola apurtutako esperantzen itzala sumatzen dute oraindik. Sagarduiren gurasoak, ordea, baikorrago ageri ziren duela bi aste Etxerat-i egindako adierazpenetan. Santos Sagarduiren ustez —Gatzaren aita da—, «gauzak jada ezin dira txarrerako aldatu; onerako aldatuko dira».

Begoña Mugarzak ere, Elurtxuriren koinatak, halaxe uste du: «Oraingoan, ziur gaude: atera behar du; bost urte hauek ostutako urteak izan dira». Elurtxuri bera ere aske gelditzeko «egunak zenbatzen» ari dela esan du: «Lehengo batean, 42 egun falta zirela esan zidan». Orain 35 falta dira.

«30 urte 30 urte dira, eta oso luzeak, gainera. Baina luzeenak azkenengo bost urteak izan dira». Halaxe sentitzen da Mugarza atzera begiratzean: «Pentsatzen duzu 25 urte barru beranduenez dena amaituko dela eta beste bizimodu bati ekingo diola, baina 30 urte... Zein bizimodu izan dezake orain? Zein bizimodu izan dugu guk?». Julen bere semea seinalatuz esan ditu horiek. Hark ez du osaba kartzelatik kanpo sekula ezagutu; ez eta Gatzaren alaba Goiztirik bere aita ere.

1980ko uztailaren 8an atxilotu zuten Sagardui, 22 urte zituela. Begoña Moja amaren esanetan, oso bortitza izan zen Espainiako Poliziak semearen bila joan zirenean izandako jarrera. 11 egun atxilo pasatu ostean ikusi zuten lehen aldiz; torturak zirela-eta «burutik gaizki» zegoela azaldu du Mojak.

Agirre hurrengo udaberrian hartu zuten atxilo, 1981eko maiatzaren 11n. Hamar egunez inkomunikatuta eduki zutela eta «modu basatian» torturatu zutela salatu izan dute haren senideek protestetan. Mugarzak adierazi duenez, espetxeratu osteko asteetan familiari ere jazarri zitzaion Polizia: «Garai batean, beti telefonora deika ari ziren».

Espetxe batetik bestera

Gaur egun, etxetik nahiko gertu dago Agirre. Izatez, Aramaiokoa da (Araba), eta Basauriko espetxean daukate (Bizkaia), eritasunak direla eta. Sagardui, berriz, Zornotzakoa da (Bizkaia), eta etxetik 734 kilometrora dago, Jaenen (Espainia).

Presondegi horietara heldu aurretik, hamaikatxo kilometro eginak dira biak, baita haien senideak ere. Besteak beste, Carabanchelen, Alcala-Mecon, Herrera de la Manchan eta Valdemoron egon da Agirre; denbora gehien, ordea, Andaluzia inguruko kartzeletan egin du: Puerton, Sevillan, Huelva II-n eta Malagan.

Puerton (Cadiz, Espainia) eta Sevillan jaso du traturik txarrena, Mugarzaren ustez: «Hor oso gaizki. Bero handia egiten zuen, eta Sevillan lastaira ustelduta zeukan». Onena, berriz, Tenerifen jaso zutela azaldu du: «Tenerifen emakumezko zuzendari bat zegoen, oso atsegina. Lagundu egiten zigun, aholkuak emanez. Hori bai, sei hilabete iraun zuen; berehala kendu zuten». Senideak pozik daude Agirre orain Basaurin dagoelako eta astero egin diezaioketelako bisita, baina tratua ez da ona: «Astero deitu behar dugu bisitarako ordua hartzeko. Eta, batzuetan, telefonoa eskegitzen digute edo ez dute hartzen».

Sagarduik ez ditu espetxe gutxiago igaro. Askatu.org webgunearen arabera, hamazazpitan izan da. 1993an Granadako espetxetik (Espainia) ihes egiten saiatu zen, baina horma batetik erori eta bi hankak hautsi zituen. Haren amarentzat, hura izan zen espetxealdi osoko unerik okerrena: «Ez zidaten bera ikusten utzi nahi». Ihesaldi saio horrengatik luzatu egin zioten zigorra.

«Bahiketa» politika

«Euskal preso politikoak amaitzeko espetxe politika ankerraren eredu» dira Agirre eta Sagardui, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren ustez. Prentsa ohar batean adierazi dutenez, horretarako erabiltzen dituzte gaixotasun larriak dituzten presoak «bahiturik» edukitzeko neurriak, bakartze politika eta senide eta presoen aurkako «miaketa umiliagarria».

Agirrek eta haren senideek hirurak ezagutu dituzte; batez ere, gaixotasuna. 69 urte bete berri ditu presoak, eta bizkarreko artrosia du, eta bi aldakak, ukituta. Bizkarrezurreko etenduraren eta diabetesaren ondorioz, beste zenbait eritasun ere sortu zaizkio azken urteotan: miopia, hiperkolesterolemia, hiperglizeridemia eta bihotzekoa izateko arriskua. Hala ere, bi aldiz ukatu dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zaintza Epaitegiak Zigor Kodeko 92. artikulua, gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoek aske egon behar dutela dioena.

Mugarzak azaldu duenez, 2003an hasi ziren Agirreren osasun arazoak, eta jaso duen arreta kaskarra izan da ia beti: «Malagan ez zioten jaramonik egiten, eta Huelvan, antzera. Han makuluak ere ez zizkioten eman, arma moduan erabili zitzakeelako. Hilean behin bisean bisera jaisten zenean, beste bi presoren artean ekarri behar izaten zuten». Donostian aldaka operatu eta medikuak makuluak emateko agindu zuenetik, baditu.

«Orain gaizki daude gauzak kartzeletan», dio Santos Sagarduik; «gauzak ez badira aldatzen, ez da ezer konponduko». Presoen bizi-baldintzak ez ezik, bisitariak hartzeko modua ere okerrera egiten ari da. Kontrolak «oso handiak» direla dio Mugarzak: «Behin, bularretakoa ere kenarazi zidaten. Orduan oraindik ez zegoen orain sortu den zalaparta».

Bidaia luze eta bisita motzak

Agirre behin bakarrik irten da espetxetik, ospitalera egindako bidaiak kontuan izan gabe. Aita hil zitzaionean Aramaiora eraman zuten, hiletara; anaiarentzat, «kristorena» izan zen hura.

Kontaezinak dira, ordea, Sagarduiren eta Agirreren senideek 30 urteotan Espainia hegoaldera egin dituzten bidaiak, behartutako turista bihurtuta.

Kostuei «ahal den moduan» egin diete aurre, Emilio Agirrek azaldu duenez: «Batzuetan ezin denera ailegatu, eta egin behar zen zerbait utzi eta joan». Okerrena, ordea, bidaia bera izaten zela dio: «Orain autobiak-eta badaude, baina lehen herri guztietatik igaro behar izaten genuen. Gasteizen ostegun arratsaldean hartzen genuen autobusa, eta igandean egiten genuen buelta, eguerdi aldera».

Agirreren arreba Mari Tere aritu da urte luzez senideentzako laguntza ekonomikoa bilatzen. Emilio eta Begoña, ordea, euren kontura ibili dira: «Batzuek dezente lagundu dute, baina urte asko dira eta, azkenean, ia dena gure kontura egin dugu: bisitak hartu, antolatu, jendea lotu... geure poltsikotik, txakur txikirik gabe».

Elkartasunak ere asko balio du, ordea. «Kartzela oso latza da», adierazi du Sagarduiren aitak. «Une latzak pasatu ditugu, eta pasatu behar, hainbeste urtean! Baina zenbat lagundu diguten eta zenbat animo eman ikustea, hori gauza handia da».

Berriz bizitzen ikasi

Orain, bizitza berrira egokitzen ikasi beharko dute guztiek. «Munduaren berri eman beharko diogu, haur txiki bati bezala», esan du Elurtxuriren aitak. Atxilotu aurretik parrandazalea eta ikasketetan argia zela gogoratzen dute berak eta Mugarzak. Orain, «antzeko» ikusten dute: «Zahartu egin da, baina funtsean lehen bezala dago. Asko irakurtzen du. 30 urte hauetan pareta oso bat betetzeko beste liburu irakurriko zituen». Anaiaren ustez, burua «bere lekuan» du oraindik. Espetxetik irtetea, ordea, ez da samurra izango: «Gauzak dauden bezala, desilusio ederra hartu behar du», esan du koinatak.

AAMren ustez, «bizi guztiko espetxe zigorra» jarri diete Agirre, Sagardui eta beste hainbat presori. Une honetan, 89 dira hogei urte baino gehiago espetxean daramaten presoak. Asko, Parot doktrina aplikatuta: «Irteerarik gabeko zuloan mantendu nahi dituzte euskal preso politikoak, haientzat espresuki onartutako lege eta neurri sorten bidez».

Zigor horiekin etsipena sortzea, urruntasun eta inkomunikazio sentsazioa areagotzea eta senideak zigortzea lortu nahi dutela salatu dute: «Azken finean, pertsona suntsitu eta militante politiko ezabatu nahi ditu bizi guztiko zigorrak».

Gernikako Akordioaren sinatzaile den neurrian, presoak etxeratzea ezinbestekoa ikusten du AAMk: «Amnistia prozesu demokratikoaren emaitza izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.