Bizitza berrian bidelagun

Familia Laguna programak atzerritik Gipuzkoara iritsi berriak diren familiak eta bertan bizi direnak elkartzen ditu. Hurrengo ikasturtean Arabara eta Bizkaira hedatuko dute.

Gotzone Aranaga eta Xiomara Garache, Familia Laguna proiektuan elkarrekin ibilitakoak. JON URBE / FOKU
Gotzone Aranaga eta Xiomara Garache, Familia Laguna proiektuan elkarrekin ibilitakoak. JON URBE / FOKU
nerea intxausti
Irun-Andoain
2024ko martxoaren 1a
05:00
Entzun

«Nola egiten da eskola kiroleko matrikula? Zer esan nahi du honek? Nola lor dezaket autobuseko txartela?». Xiomara Garache de Salgado orain urte eta erdi iritsi zen semearekin Irunera (Gipuzkoa), Nikaraguatik, eta halako zalantza ugari sortzen hasi zitzaizkion. Familia Laguna programari esker, Irungo Dunboa ikastetxearen bitartez, Gotzone Aranaga eta haren familia egin zituen lagun; haiek aspalditik bizi dira Irunen. 

Garachek arrazismoaren kontrako hitzaldi batean izan zuen programaren berri, eta ezagutu bezain laster eman zuen izena: «Oso ideia ona iruditu zitzaidan; whatsapp bat bidali, eta zalantzak argitu ditzaket». 

Familia Lagunak kultura ezberdinetako familiak elkartzen ditu: harremanetan jartzen ditu beste herrialde batzuetatik etorritako familiak eta Euskal Herrian denbora gehiagoz bizi izan direnak. Azken horiek iritsi berrien bidelagun izaten dira, komunitatean integra daitezen. 

Programa hori orain hamar urte sortu zen, Donostian: Aitor ikastolako ama talde batek bultzatu zuen —guztiak gizarte arloko profesionalak ziren—, kulturarteko harremanak sortzeko asmoz. Haietako bat da Lola Guigo Boluda; Elkarrekin ikerketa eta gizarte ekintzako kooperatibako koordinatzaileetako bat ere bada. Ekinaldiaren arrakastaren ondorioz, proiektua profesionala bilakatu zen Elkarrekin kooperatibaren bidez, eta, Donostiako Udalak lagunduta, beste ikastetxe batzuetara hedatuz joan da. 

Gaur egun, programa martxan dago Gipuzkoako hemezortzi ikastetxetan: Donostiako zortzitan, Errenteriako seitan, Andoaingo hirutan eta Irungo batean. Elkarrekin kooperatibak eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak otsailaren 19an iragarri zutenez, Familia Laguna programa Arabara eta Bizkaira hedatzeko asmoa dute, programa pilotuen bidez.

Iritsiera

Fatiha Ait Ammar, Mhamed Benamruxe eta Alaine Tena Urkia ere Familia Lagun programako parte hartzaile dira ikasturte honetan, Andoaingo Ondarreta ikastetxearen bitartez. Ait Ammar eta Benamruxe iazko irailean heldu ziren Andoainera, eta hilabete eskas daramate familia lagun gisa: «Denbora gutxi da, baina asko lagundu digu», adierazi du Benamruxek, Ait Ammarren senarrak. Semea eskolan matrikulatu zutenean, Elkarrekin kooperatibako Lorea Senperenak eman zien programaren berri. 

Ait Ammar bat dator: «Haurrak eskolatik atera, eta parkean gaudenean hitz egin ohi dugu Alainerekin; herriari buruz galdetzen diogu, edo eskolari buruz». Alaine Tenak jakinarazi zien, esaterako, txikien eskolatik haurrak hartu eta handien eskolako patioan elkartzen direla gurasoak.

(ID_13644737) (Andoni Canellada/@FOKU) 2024-02-26, Andoain. Faitha eta Alain Familia Laguna programan parte hartu duen bigarren fam...
Alaine Tena Urkia, Mhamed Benamruxe eta Fatiha Ait Ammar. ANDONI CANELLADA / FOKU

Familiak, parte hartzaile

Tenak lau urte daramatza iritsi berri diren familien bidelagun. 4 urte dituzte, hain zuzen, Tenaren semeak eta Ait Ammarren eta Benamruxeren semeak ere; lagunak dira haiek ere. Lola Guigo koordinatzaileak azaldu du programaren baldintzetako bat dela ikasturte berean dauden bi ikasleren familiak elkartzea. Aranagaren eta Garacheren semeek ere 12 urte dituzte, eta amek aitortu dute Unai eta Pedro haiek baino lehenago egin zirela lagun. 

Aranaga eskolako guraso elkarteko kidea da, eta gogoan du Familia Laguna aurkeztu zietenekoa: «Programa eskolan zabaltzeko laguntza eskatu ziguten, eta, azkenerako, zabaldu ez ezik, parte hartzen ere hasi nintzen». Garachek eskertu egin du hori: «Ahizpa hemen bizi zelako etorri nintzen Irunera; hark ezin izan zidan kulturarekin eta eskolarekin lagundu; Gotzonek, aldiz, bai». Jende asko ezagutzeko aukera ere eman dio programak, iritsi berria zenean Aranagak beste gurasoak ere aurkeztu baitzizkion eskola atarian zeuden bitartean. 

Aurten berrehun familia inguru ari dira Familia Laguna programan parte hartzen. Orotara, kalkulatu dute hasi zirenetik 1.500 familia inguru ibili direla egitasmoan. Parte hartzaileak askotarikoak direla gaineratu du Guigok, baina, oro har, urte bat ala bi daramatela Euskal Herrian, eta gehienak Latinoamerikatik edo Marokotik iritsiak direla. 

Egitasmoaren helburu nagusia da iritsi berri diren familiek harrera ona edukitzea, bai eskolan eta bai komunitatean. Guigoren esanetan, baliabideen inguruan informatuta egon daitezela lortu nahi dute: «Hala, gutxinaka, eskola komunitatearen parte bilakatuko dira». Izan ere, kooperatibak garrantzi handia ematen dio iritsi berri direnek, urte batzuen buruan, erabakiak hartzeko guneetan parte hartzeari: adibidez, ikasgelako bileretan ekarpenak egiteari. Garache Dunboa ikastetxeko gurasoen elkarteko kide da, eta, beraz, ekarpenak egin ohi ditu talde horretan. 

Eskolak ardatz

Eskolak dira Familia Laguna proiektuaren ardatz. Gurasoei eskolan aurkezten zaie programa, eta parte hartzera bultzatzen dituzte. Elkarrekin kooperatibako koordinatzailearen esanetan, «oso konprometituta» daude. Haurrek, bestalde, ikasgelan ezagutzen dute elkar. «Gure haurrek ez dituzte egiten guk helduagotan egiten ditugun bereizketak: haiek elkarrekin jolasten dira, arazorik gabe», adierazi du Tenak. 

Ekinaldiaren bidez, jatorri ezberdina duten bi familiaren arteko harremana naturalizatu egiten da. Garachek nabarmendu duenez, interesgarria da haien semeek ikastea pertsonak adina kultura dagoela munduan. Gainera, gehitu du Euskal Herrira etortzean ez dutela beren kultura galdu nahi: bertakoa ikasi, eta, aldi berean, haienari eutsi nahi diote. Aranagari ere iruditzen zaio Dunboa ikastetxean «kulturartekotasun» handia dagoela, eta horrek on egiten diela seme-alabei. 

Hala ere, lehen pausoak ez ziren errazak izan Garacheren seme Pedrorentzat: «Semeak ez zuen jan lehen bi hilabeteetan; gutxinaka ikasi zuen hemengo jangelan jartzen dutena jaten». Hezkuntza eremuan ere, euskaraz irakurri eta entzun behar izaten dituzte gauza asko. Adibidez, notei erreparatuz, Pedrok hasieran hiru ateratzen zuela gogoratu du amak. «Eskolako gauzetan nik ez dut lagundu», esan du Aranagak; «zuk ez, baina zure semeak, bai», erantzun dio Garachek. Unaik lagunak egiten ere lagundu zion Pedrori: «Luka aurkeztu zion, eta, orain, kuadrilla bat sortu dute». 

Guigok ez du uste programak eskola porrota eragozten duenik, baina iruditzen zaio lagungarria dela porrotik izan ez dadin: «Edonork, zerbaiten parte sentituz gero, motibazio handiagoa izango du egiten ari den hori ondo atera dadin». Hainbat haurrek, programan parte hartu ondoren, eskolako jarduna asko hobetu dute, koordinatzaileak ziurtatu duenez. 

Euskara, haiena

Guigoren esanetan, programan parte hartu duten familien jarrera asko aldatu da euskarari dagokionez, parte hartu ez dutenen aldean. Parte hartzaileei euskara hitz egiteko interesa pizten zaiela ziurtatu du, eta ikastaroetan izena ematen dutela. 

«Orain gutxi, semeak harrituta utzi ninduen. Denda batera joan ginen opari baten bila, eta euskaraz eskatu zuen. Dendariak niri azaldu zidan izebarentzako opari bat eskatu ziola, eta niri gaztelaniaz egin behar zidala, ez dakidalako euskaraz». Egun hartan «izugarri harro» sentitu zela oroitu du Garachek. Hura ere euskara ikasten ari da, gutxinaka; «Gotzoneri esker» euskal kultura, ohiturak eta hizkuntza egunerokoan txertatuta dauzkala iruditzen zaio. 

Ait Ammar bat dator Garacherekin. Iritsi direnetik, semeari euskara ikasten eta lagunak egiten lagundu dio Tenaren haurrak, baina denbora gutxi darama oraindik Andoainen. Gurasoek aitortu dute oraindik ez dakitela euskaraz, baina nahi dutela semeak ikastea: «Lanerako balioko dio, eta guk ere errazago ikasiko dugu». 

Bidelaguntza harreman bihurtuta

Programak jada metodologia landua du, eta ebaluazioak ere egin izan dituzte bi aldeetako familiekin. Bidelagun diren familiek gutxi egiten duten irudipena izaten dutela adierazi du Guigok, eta iritsi berriek, berriz, keinu txikiak eskertzen dituztela gehien: norbait ezagutzea, aurpegira begiratzea eta agurtu ahal izatea. «Harremana naturala eta kulturartekoa da; hasierako bultzada bat, ondoren harremanak bakarrik jarraitu dezan». 

Elkarrekin kooperatibako koordinatzaileak azaldu du etorri berriak diren familiek inor ezagutzen ez dutenez ohitura izaten dutela haurrak eskolatik hartu eta berehala etxera joateko. Ait Ammarrek, ordea, esan du orain parkean geratzen direla Tena ezagutzen dutelako eta badutelako norekin hitz egin. 

Garachek eta Aranagak jada ez dute programan parte hartzen, baina eusten diote harremanari. «Andrea ere egin dugu lagun, eta hirurok geratu ohi gara bere etxean kafe bat hartzeko; niri izugarri gustatzen zait kultura truke hori», azaldu du Garachek. Harreman horren beste adibide bat ere jarri du: «Urtarrilaren 16an da nire urtebetetzea; Gotzonerena, 17an. Batera ospatu genuen, kafe batekin, guk hala nahi genuelako». 

Zabalpena

Familia Laguna Gipuzkoan sortu eta garatu bazen ere, orain Bizkaira eta Arabara zabaldu nahi dute. «Programa martxan jartzeko eskariak jasotzen hasi ginen zenbait ikastetxetatik, eta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo Foroari esker, proiektu pilotu bat hasi dugu tokiko bi elkarterekin», iragarri du kooperatibako koordinatzaileak. Aldaika elkartea Bilboko Arangoiti Ikastetxe publikoan arituko da, eta Adsis fundazioa, berriz, Gasteizko Adurtza ikastetxe publikoan. Elkarrekin kooperatibak gidatuko du dena, baina, Guigok zehaztu duenez, eremu bakoitza hobeto ezagutzen duten elkarteak arituko dira tokian-tokian.

Nahi dute halako proiektuak hezkuntza komunitate guztietan lantzea. Hala, hemendik urte batzuetara, akonpainamendua jaso zuten familiak izango dira familia iritsi berrien bidelagun. Xiomara Garacheren familia horretan ari da jada: haiek eta Marokotik iritsi berri den familia bat elkar ezagutzen ari dira, elkarrekin egin nahian berak Aranagarekin egin zuen bide bera. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.