Bizitza berri baterantz

Urtea hasi zenetik, mila lagunetik gora hil dira itota Mediterraneoan, Europara iritsi nahian. Abuztutik aurrera, euskal ontzi bat ibiliko da halakoak salbatzeko lanetan. Bideoa albistearen amaieran.

Bizitza berri baterantz.
Pasaia
2018ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Joan den urteko amaierara arte, baxurako arrantzan ibiltzen zen Getariako Aita Mari ontzia (Gipuzkoa). Azaroan, ordea, patroia hil zen, eta halaxe bulatu zen ontziaren arrantza jarduera. Abuztuan, baina, bizi berri bat hasiko du Aita Mari-k, eta beste hamaika salbatuko ditu. Izan ere, Itsas Salbamendu Humanitarioa taldeak arrantzontzia erosi zuen duela hilabete gutxi, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, eta hura konpontzeko lanetan dabiltza orain bertako boluntarioak. Abuztu erdialdera itsasoratzeko asmoa dute, Sevillako (Espainia) ProemAid GKEarekin batera, Maydayterraneo izeneko misioan. Duela gutxi arte, ProemAiden ontzian ibili dira joaten Mediterraneora, eta haiekin egin du bidea Alemaniako Lifeline GKEak ere. Orain, ordea, ProemAidekoekin soilik egingo du estreinako bidaia Aita Mari-k.

2015. urtean sortu zen Itsas Salbamendu Humanitarioa. Iñigo Gutierrez boluntarioak BERRIAri kontatu dionez, Kios uhartean (Grezia) hasi zuten bidea: «Erreskate talde gisa hasi ginen han; lurretik egiten genuen, txalupetan. Egeo itsasoko krisia baretu zenean, ordea, Libiako krisiak egin zuen eztanda. Eta Mediterraneo erdian jendea salbatzeko ezinbestekoa da itsasontzi bat izatea».

Egun Pasai Donibanen (Gipuzkoa) daukate ontzia, Kai Alde ontziolan. Aita Mari-k 32 metroko luzera du. «Obra egiten ari diren langile gehienak ez dira boluntarioak, Kai Aldeko langileak baizik», azaldu du Amaia Martinezek; proiektuan laguntzaile dabil. Abuztuaren 1ean itsasoratzeko asmoa zuten hasieran, baina nahiko zaila ikusten dute orain. «Espero ez genituen hainbat arazori egin behar izan diegu aurre», adierazi du Gutierrezek. Hala ere, hilaren 15erako uretan egotea espero dute. Orduan hasiko da dudaz beteriko bidea, ez baitakite erreskatatutako migratzaileak non lehorreratu ahalko dituzten.

Mediterraneoa, hobi komun

«Mediterraneo itsasoan egun dagoen egoera txarra da benetan, inoiz baino okerragoa». 2014. urtetik hona, 16.000 lagun baino gehiago hil dira hango uretan; %85, Libiako kosta parean, Italiatik eta Maltatik gertu. 2018an soilik, 1.422 dira jada itsasoan itotakoak. Uda hasieran, hain zuzen, 400 lagun ito ziren bi astean.

Italiako gobernu berria, baina, ez dago migratzaile horiek hartzeko prest: «GKEei leporatzen die Mediterraneoan gertatzen ari denaren errua», salatu du Gutierrezek. Martinezek azaldu du zein prozedura izaten den halako erreskateetan: «Erreskate zonaldera joan, migratzaileak salbatu, eta Italiak agintzen duenaren zain egon beharra dago». Italiak, azken aldian, libiarrei itxaroteko agindua eman du; Martinezen arabera, oso zaila da salbatutakoei hori azaltzea: «Histeria sor daiteke, itsasora bota daitezke». Ez dute inolaz ere Libiara itzuli nahi.

Beraz, non lehorreratuko dira Aita Mari ontzian doazenak? «Ez dakigu», aitortu du Gutierrezek. «Baten batek proposatu du Palmatik [Balearrak, Herrialde Katalanak] irtetea eta bertara itzultzea, baina distantzia ikaragarria da. Ia ezinezkoa». Bidea Palmatik eta Palmara egiteak esan nahiko luke lau eguneko bidaia egitea erreskate eremura iristeko, eta beste hainbeste lehorrera itzultzeko, gutxienez. «Denbora gehiago emango genuke bidean, migratzaileak salbatzen baino», azaldu du Gutierrezek.

Aste bukaera honetan Berlinen biltzekoak dira Mediterraneoan ibiltzen diren GKE guztietako ordezkariak, estrategia komun bat adosteko asmoz. «Berlinen ikusiko dugu zen egiten dugun; baliteke fronte komun bat sortzea eta guztiok batera itsasoratzea». Martinenek iragarri du, hala ere, Alemanian «akordio bat lortzea» espero dutela. Ziurgabetasun handia dute; izan ere, bat-batean aldatu da Mediterraneoko egoera. «Duela hilabete arazorik gabe egiten zuten lan GKE-ek han, eta bat-batean egoera konplikatu egin zen. Baliteke hilabete barru egoera lasai egotea berriz ere, nahiz eta Italiako Gobernuaren jarrerak ez duen esperantza handirik ematen».

Frantziako Gobernuaz ere ez dira fio, nahiz eta Macron presidentea prest azaldu den duela aste gutxi Valentzian (Herrialde Katalanak) lehorreratutako Aquarius ontziko migratzaileak hartzeko. «Aho txikiarekin hitz egiten dute guztiek», adierazi du Gutierrezek. «Espainiak Aquarius-i lehorreratzen utzi zion, bai, baina orain esaten ari dira migratzaileak atxikitzeko zentro bat eraikiko dutela Almerian [Espainia]».

Jarrera hobea ikusten dio Eusko Jaurlaritzari. Haiek eman zieten Aita Mari ontzia erosteko beharrezko 400.000 euroak. «Jaurlaritza lan handia egiten ari da, eta lankidetza sare handia dugu hemen GKE-en eta udalen artean». Hala ere, ezinezko ikusten du ontzia euskal kostaldean lehorreratzea. «Mediterraneotik hona arrantza ontzi batean iristea izango litzateke bigarren mundu gerrako exodoko odisea egitea».

Banakakoen bultzada

Donazio bidez lortu dute proiektua aurrera ateratzeko finantziazioa. Eusko Jaurlaritzatik ez ezik, beste hainbat erakundetatik ere jaso dute dirua: Bizkaiko Aldundia eta Gipuzkoako hainbat udaletatik, besteak beste. Errefuxiatuei laguntzeko taldeetatik (Hotz Legazpi, Hotz Oñati eta Hotz Zarautz, adibidez) eta hainbat enpresetatik (Irizar, esaterako) ere jaso dute babesa.

Dena den, Gutierrezek partikularrek egindako ekarpenak nabarmendu ditu. «Egin ahal izan dugun lan gehiena partikularren laguntzari esker izan da». Hain zuzen ere, halaxe iritsi zen Martinez elkartera, ekarpen txiki bat eginez. Bere ustez, «garrantzitsua da mezuak ahalik eta jende gehienarengana iristea». Pentsatzen du herritar askok nahi izaten duela lagundu, «baina askotan ez dakite norengana jo behar duten». «Maydayterraneo edo Itsas Salbamendu Humanitarioa elkartearen webgunean egin daitezke ekarpenak». Diruaz gain, materiala ere onartzen dute.

[youtube]https://youtu.be/HQQQ9LIe54w[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.