Bizitza aldarri, elkarlana tresna

«Herritarren kapitala» bildu nahian, borroka sozialen astea egiten ari da Bizitza Da Handiena egitasmoa, Donostian. 60 norbanako, elkarte, plataforma eta sindikatu batu, eta Idiakez kaleko eraikin bat okupatu zuten larunbatean. Han egongo dira igandera arte; bitartean, hiriko auzoetan barrena beren aldarrikapenak egiten ari dira. (Bideoa albistearen amaieran).

Kaleko ekintzak. Irudian, Donostiako Askegunean atxilotutakoen hitzaldia. K3 / @FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2018ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Bizitza Da Handiena leloa daraman pankarta erraldoi batek estaltzen du izen bereko ekinbideak Donostian okupatutako eraikinaren aurrealdea. Bizi-bizi nabari da eraikinaren kanpoko aldea; hiru lagun daude atarian, hizketan. Ekinbidearen inguruan informazioa emateko eta zalantzak argitzeko txandak egiten ari dira. Barruan ere, jendea nonahi. Sei solairu ditu eraikinak, eta 60 eragile inguruk sustatutako mugimenduko kideak dabiltza han joan den larunbatetik. Egitasmoa babesten duten norbanakoak ere badaude; 15 urteko Ekairen kasua da. Lehen egunean gerturatu zen eraikinera, eta bertan dabil orduz geroztik: «Eraikina oso handia da, baina barruan giro bikaina dago». Ekaik eta haren lagun batek azaldu dute harremanak egiteko balio izan diela egitasmoak, eta alboan duten adiskideari mintzatu zaizkie: «Orain artean ez nuen bera ezagutzen, baina elkar ezagutu dugu, eta, pentsakera aldetik ere antzeko gabiltzanez, elkartzea ona dela uste dut».

Izan ere, jende asko bildu da Idiakez kaleko eraikinean, lehendabiziko egunetik; Espainiako Gizarte Segurantzaren ordezkaritzarena da, baina urteak daramatza hutsik. Hala, aspaldiko mugimendu gehiena izan du asteon, eta lagun asko gerturatu dira bertara. Eragileen «aniztasunetik kolektibora» egiten ari dira egitasmoan, Donostiako Langileen Babes Taldeko kide batek azaldu duenez ez du izenik eman nahi izan. Haren esanetan, hainbat eragile aurrez hasi ziren «borroka sozialen astea» prestatzen, eta deitzaileen artean egindako «joste lana» da emaitza: «Bakoitzak bere esparrutik abiatutako borroka bat da, euskal erregimenaren aurka». Guztira, 30 ekintzatik gora egingo dituzte astea bukatzen denerako. Eraikinaren okupazioa egin zutenean sartu zen bertara Donostiako babes sareko kidea: «Ezusteko oso ona izan nuen, guztia ederki antolatuta aurkitu nuelako». Zehaztu du «bizipoz handiarekin» sartu zirela eraikinera, eta berehala hasi zirela hura txukuntzen: «Eraikin honi bizia ematen aritu gara azken egunotan, ekimenak antolatuz, eta iluntzeetan batzarretan bilduz».

Batzar horietan egituratu da 60 eragile inguru biltzen dituen Bizitza Da Handiena egitasmoa. Elkargune zabal bat osatu nahi zuten deitzaileek, eta eragile askoren sostengua lortzea zen helburuetako bat: «Hori bilatzen genuen, borroka sektorialen konfluentzia». Izan ere, eragile guztiek zerbait amankomuna badutela uste du; bestelako gizarte eredu baten alde borrokan aritzea: «Guztiok gaude euskal erregimenaren aurka, era batera edo bestera guztioi eragiten baitigu». Ekintzaileak dio erakundeek «inposatutako joko arauak» daudela gizartean, eta mugimendu ezberdinentzat mugak direla horiek: «Eragile gehienok zailtasun berberak aurkitzen ditugu, eta elkar ezagutu eta elkarrekin aritzea oso aberasgarria iruditzen zitzaigun».

«Herritarron etxea»

Eraikina «herritarren etxea» bihurtu dutela aldarrikatu zuten okupatu berritan. Egitura horizontala dute, batzar bidezkoa, baina «autogestio maila bat» duten zenbait talde osatu dituzte. Horien artean daude, besteak beste, azpiegituren lantaldea, komunikazio taldea eta zaintza taldea: «Kaleratze arriskurik ez izateak ematen du lasaitasun pixka bat lanean aritzeko». Izan ere, eraikina okupatu ostean azaldu zuten «legerik hautsi gabe» hartu dutela eraikina hamar egun igaro behar dituzte kaleratu ahal izateko, eta kalean egindako aldarrikapenekin batera, «bat gehiago» dela hura okupatzeko hautua.

Sei solairuetako bakoitzak du bere egitekoa. Laugarrenean daude Askekintzako hiru kide, asteko egitaraua xehatzen duen pankarta bat egiten. Elkarte antiespezistako kide batek adierazi duenez, haiek han egoteak ere badu garrantzia: «Adierazi nahi dugu antiespezismoa ere mugimendu politiko eta soziala dela». Hala, bat egiteko arrazoien artean azpimarratu du «barrikadak hautsiz» ari direla egitasmoan parte hartzen, elkar laguntzeko: «Bizitza Da Handienak aldarrikatzen duen guztia aldarrikatzen dugu guk ere».

Askekintzako kideek «dinamikak sortzeko» aukera ikusten dute: «Konfiantza giroa eta indarra dago. Zure gauzetan betiko lau lagunak ikusten dituzu, eta ederki dago etxe honetan bazkalostean 30-35 lagunen arteko eztabaidak sortzea», azaldu du haietako batek. Elkarrekintza horretatik «ahalduntze mota bat» sortu dela dio, eta, hargatik, aurrera begirako lanei so jarri da dagoeneko ekintzaile antiespezista: «Desafioa da nola jarraitu aste honen ostean».

Orain arteko esperientzia «positiboa» izaten ari da, eta beste eragileetako kideen elkartasuna ere azpimarratu dute. Izan ere, Askekintzako hamabi kideri 7.200 euroko isuna ezarri diete oraintsu, San Tomas egunez Konstituzio plazan Ursula txerriaren erakusketa galarazten saiatzegatik. Isuna «pixka bat gozatzeko» bide eman die egitasmo horretan ari diren beste eragileetako kideen jarrerak: «Batzar honetan lortu dugu gure egoera saretzea, eta aholku asko jaso ditugu. Adibidez, Eleak eta Libre mugimenduek eman dizkigute aholkuak, eta prentsaurreko bateratu bat ere egin genuen. Azaldu digute gauzak nola komunikatu, eta Bizitza Da Handienako beste taldeek ere babesa eskaini digute; hori ikusten dugu bertako ekintzetan ere».

Auzoz auzoko egitasmoa

Idiakez kaleko eraikina erdigune badu ere, hiriko kaleetan barrena ari dira lantzen Bizitza Da Handiena egitasmoa. Hala, ez dira gutxi auzoetan egindako ekimenak; Alternatiben Herriaren aurkezpena Bulebarrean egin zuten, eta Donostiako kaian bildu ziren, Aquariumaren aurkako elkarretaratzea egiteko; «urezko kaiola» dela salatu zuten. Halaber, egitasmora batu den CNT sindikatuak deituta Amara auzoan dagoen mutualitate baten egoitza aurrean bildu ziren zenbait ekintzaile, protesta ekintza bat burutzeko.

Turismoaren Munduko Goi Bilera egiten ari dira aste honetan Donostian, eta egun indarrean dagoen turismo ereduaren aurka egiteko ere baliatu dute astea. Horren adibide, «gaizkietorria» egin zieten atzo, Kursaalean, bilkura horretan parte hartzen ari direnei: «Langileen eskubideen ikuspegitik, tertziarizazioak lan prekario pila bat sortzen du; gainera, zenbat eta mozkor turismo gehiago egon, uste dugu orduan eta baboso gehiago egoten direla kaleetan». Elkarretaratze horretan bildu ziren, besteak beste, Bizilagunekin plataforma eta Donostiako pentsiodunen elkartea. Azken horiei turistifikazioak zuzenean eragiten diela uste du Langileen Babes Sareko kideak: «Pentsioak ez badira igotzen, eta hiriko kontsumo prezioek gorantz egiten jarraituz gero, jaisten jarraituko du pentsiodunen kontsumo ahalmenak». Alabaina, ekintzaileen ustez, etxebizitzen gaian ere badu eragina turistifikazioak, auzotarrak «alde zaharretik bota eta etxeen prezioak igo» egiten dituelako. Horrek guztiak hiriko bizimodua «ezerezean utzi» eta «turismoaren esku» jartzen duela adierazi dute: «Bada zer borrokatua esparru ezberdinetatik».

Dozenaka lagun bildu zituen turismoaren biltzarrari egindako «gaizkietorriak»; Kursaalaren aurrean bilduta, txistuekin eta katilukadaka hartu zituzten biltzar horretako parte hartzaileak. Halaber, Turismoaren Munduko Erakundeko kontseilu exekutiboko kideei SETnet Turistifikazioaren Aurkako Europa Hegoaldeko Hirien Sarearen izenean dokumentu bat helarazten saiatu ziren Bizilagunekin plataformako ordezkariak, baina haiek ez zieten txostena hartu. Hori horrela, biharko deitu duten turistifikazioaren aurkako manifestaziora joateko deia egin zuen Bizilagunekin plataformak. Atzo hasi eta bihar amaituko da Turismoaren Munduko Goi Bilera; 35 herrialde baino gehiagotako 300 ordezkari ari dira parte hartzen turismo «arduratsu, irisgarri eta iraunkorra sustatzeaz» arduratzen den erakundearen biltzarrean.

Pentsiodunez eta Bizilagunekin plataformako ordezkariez gain, Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideak ere izan ziren atzoko protesta ekitaldian. Haien esanetan, euskararen erabilerarik ez da izango kongresuan. Hori dela eta, ordubetez esku orriak banatzen aritu ziren Kursaalaren inguruetan, salaketa egiteko. Aste barruan, turismoaren gaia behin baino gehiagotan agertu da Bizitza Da Handiena egitasmoa osatzen duten eragileen agendan. Agerraldia egin zuen Ernaik astelehenean, «turistifikazio prozesua» salatzeko. Ertzaintzak identifikazioak egin zituela salatu zuten parte hartzaile batzuek, baita zenbait kazetarik ere.

Lau egun geratzen zaizkio Bizitza Da Handiena egitasmoari, eta oihartzuna izaten ari dela azaldu du larunbatean eraikina sartu zen ekintzaile batek: «Goizean eskolara joan naiz, eta ohartu naiz jendeak ezagutzen duela Bizitza Da Handiena». Zehaztu du bizilagun batzuk batzarretara joaten ari direla, nondik norakoak jakiteko: «Uste dut Donostiako herritarrek babestu dutela egitasmoa, eta eman diotela beren onarpena».

[youtube]https://youtu.be/zUtny6z53IY[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.