Ipar Euskal Herriko hamar gaztetarik bederatzik etxebizitza baten lortzeko zailtasunak dituzte. Garapen Kontseiluak eta Langile Gazteen Etxeak partaidetzan eraman ikerketa batek atera ondorioa da. 743 gazteren erantzunak bildu, eta hirurehun eragile inguru elkarrizketatu dituzte. Ondorioztatu dute arazoak barnealdeko gazteria ere azkar hunkitzen duela.
Gazteen etxebizitzak: zertan gara? txostena plazaratu berri du Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluak. Gazteei galdeketa Interneten egin ondotik, iazko azaroan gazte sailari eta etxebizitzari lotu eragile parrasta elkartu zituen Lekornen, gaia barnatzeko. Gazte elkarteak, formakuntza erakundeak, tokiko ekonomiaren animazio egiturak, enpresariak, hautetsiak, etxebizitza alokatzaile sozialak (HSA, Office 64, COL, Soliha), CAF, Mission locale eta erakunde publikoetako ordezkariak jarri ditu arazoaz gogoetatzen.
Lapurdi barnealdean, Baxenabarren eta Zuberoan gazteak kinka gaiztoan direla ondorioztatu dute bizitegiari begira. Hainbat egoera zerrendatu dituzte: enpresek langileak lortzeko zailtasunak dituzte etxebizitza eskasiagatik; etxe jabe pribatuak oraino uzkur dira gazteei alokatzeko; etxe huts eta turistiko andanek arazoa handitzen dute; eta alokatu etxe anitz ez dira batere sanoak.
Eskaintza desegokia
Garapen Kontseilua ohartu da barnealdeko bizitegi eskaintza —etxe handiak, zokoratuak— ez dela gazteen beharrei egokitua, eta dio gazteek apartamentu ttipiagoak eta herri erdiguneetarik hurbil bilatzen dituztela.
Horrez gain, beste adin tarteei bezainbat eragiten die gazteei turismoak. “Gazteek etxeen beste mota bateko baliatzearen lehia pairatzen dute: turismorako baliatzen diren bizitegien andana goiti doa, eta etxe anitz bigarren egoitza bilakatzen dira, hutsik diren etxeak”.
Traba handiagoa jasaten dute gazteek egoera ekonomiko prekarioagatik. “Etxe jabeen eta etxe agentzien eskakizun zorrotzek, maileguen egiteko bankuen uzkurtasunak” nekezia handiak sortzen dizkie gazteei bizitegi baten eskuratzeko. Gehiago dena, gazteek alokatu etxe zahar eta berritu gabeko franko ez dira batere sanoak isolamendu aldetik. “Berotzeko gastu biziki handiak sortzen ditu” horrek, Garapen Kontseiluak dioenez. “Bizitegien eskuratzeko zailtasuna lan munduan sartzeko traba nagusi bat da Ipar Euskal Herriko gazteriarentzat”, ondorioztatu du.
Erosahal zuhurragoa
Gazteen bizi egoera eta profil bat baino gehiago aipu ditu txostenak: ikasketa luzeko ibilbideak, lanean goizik hasi direnak, lana lortzeko zailtasunak dituztenak, burasoen etxean bizi direnak, bizitegi partekatuetan bizi direnak eta bikotean direnak—batzuk jada buraso—.
Bizitegien prezio goregiak denek pairatzen dituzte. “30 urtez pekoek batez besteko hilabete saria gainerako biztanleek baino apalagoa dute”. Garapen Kontseiluaren arabera, “erantzun duten gazteen erdiek erran dute ezin dutela 500 euro baino gehiago ezarri alokairua pagatzeko”. Barnealdean, ezinbestez autoz edo bi errotako ibilgailuz mugitu beharrak erregai gastuak gehitzen ditu.
Bada besterik. Jabeek galdegin bermeak ezinezkoak zaizkie gehienei. Beti galdegina zaie laneko “kontratu mugagabearen” bermea. “Hein bereko saria izanagatik, jabeek nahiago dute erretretadunei alokatu”, uste baitute diru sartze egonkorragoa dutela gazteek baino. Horrez gain, jabeak “bestaz eta harrabotsaz” beldur omen dira gazteekin. Garapen Kontseiluak uste du “pedagogia” badela egiteko “jabeak alokairu pagatugabeez babesteko bitartekoei buruz”.
Bizitegi sozialen banatzeko orduan, ikerketaren egileak ohartu dira gazteak ez dituztela lehentasunetan. “Buraso bakarreko familia baten parean, edo adineko pertsona baten aldean, iduritzen zaigu gazteak zerbait atzemanen duela bere gisa”, aitortu du alokatzaile sozial batek. COL alokatzaile sozialak, iduriz, bere irizpideak aldatu berri ditu, eta gazteendako kuotak ezarri ditu bizitegien banaketan.
Departamenduko Etxebizitza Sozialen Bulegoa lanean hasi da “adineko” jendearentzat “handiegiak” dituen bizitegietan “gazteak molde partekatuan hartzeko”. Crous ikasleen laguntza zerbitzu publikoak partaidetza abiatua du Lurren Tokiko Erakunde Publikoarekin, horrek bere esku dituen bizitegi batzuk gazteei uzteko aldi baterako.
Aldatzeko tenorea
Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluko bilkuretan, alokatzaile sozialek aitortu dute “ekintzetara iragateko tenorea” dela, “gazteen laguntzan berezituak diren partaideekin”.
Bizkitartean, eragile batzuek eta besteek “partekatu beharreko informazioak kukutzen” direla deitoratu dute. “Sosa bada”, zioten, “hutsik diren etxeak badira. Zailtasunik handiena informazioak elkarri pasatzea da”. Hori, eta nahikari politiko eskasa, Garapen Kontseiluak azpimarratu duenez. “Nahikari politikoa baitezpadakoa da etxe zaharberritzeen zalutzeko, errekurtso juridikoetarik udalen lehentasunez erosteko ahala eta desjabetzeak gerizatzeko”. Gaur egun, auzitegiek kasik beti arrazoi ematen diete jabeei jabetasun eskubidearen izenean, “politika publiko berezi bat badela edo interes orokorrari erantzuten diola ez bada aski frogatzen”.
DATUAK
Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluak eta Langile Gazteen Etxeak egin ikerketak erakusten du gazteek arazoak dituztela etxebizitzaren arloan. Hauek dira zenbait datu:
% 90
Ipar Euskal Herrian zenbat gaztek izan dituzten zailtasunak bizitegi bat ukaiteko.
% 71
Zenbatek bizi nahiko luketen bestelako bizitegi batean.
% 64
Zenbatek apaldu behar izan duten bizitegi baten eskari maila.
% 40
Zenbatek aurkitu behar izan dituzten ahal gisako (batzuetan larrialdiko) aterabideak.