EH Bizirik sareko kide bat epaituko dute bihar, 'mozal legea' aplikatuta

Gasteizko epaitegien aurrean prentsaurrekoa eta protesta egingo dute bihar, 09:30ean. 'Mozal legea' «bere osotasunean» bertan behera utzi behar dela azpimarratu dute.

Protesta jendetsua egin zuen atzo Euskal Herria Bizirik elkarteak Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
EH Bizirikek Gasteizen egindako protesta bat. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
inaut matauko rada
2024ko urriaren 28a
11:25
Entzun

EH Bizirik sareak apirilean salatu zuen haren kide batek isun bat jaso zuela mozal legea aplikatuta. Salatutako kideak afera horren inguruko epaiketa izango du bihar. Plataformak azaldu duenez, soilik Polizia agente baten hitza kontuan hartuta zigortua izateko arriskuan da, «soilik haren hitza ontzat emanaz eta inolako frogarik aurkeztu beharrik gabe». Epaiketa nolakoa izan den ikusirik, sareak «babes osoa» adierazi dio kideari, eta bihar Gasteizko epaitegien aurrean egingo duten prentsaurrekoan eta protestan parte hartzeko deia zabaldu dute; 09:30ean izango da.

Sareko kidearen aurkako ekinbidea salatzeaz gain, mozal legea bere osotasunean kritikatu du EH Bizirik-ek, «gure kidearena bezalako polizia azpijokoak ahalbidetzen dituelako», eta mugimendu politikoak «ekonomikoki itotzeko eta agortzeko» helburua duela ere ñabartu dute. Aurrez aipatu bezala, gainera, soilik agenteen hitza kontuan hartzen dela gogorarazi dute: «Defentsarako eskubide oro ezerezean geratzen da; lehenengo, ordaindu, eta, gero, nahi baduzu, izango duzu zeure burua defendatzeko eskubidea». Hori dela eta, lege hori «bere osotasunean» bertan behera uztearen beharra nabarmendu dute.

Horrez gain, sareak azaldu du «egitasmo suntsitzaileen» aurkako mugimendu guztien kontra daudela halako jarrerak: «Egitasmo horien sustatzaileek edozein baliabide darabilte beraien negozioak aurrera ateratzeko; izan Arabako lautadan Solariakoek lur jabeak kikildu eta iruzur egiteko erabilitako jokabide mafiosoak, Nafarroan Caparrosoko makroetxaldearen aurkako ekintzaileen epaiketa edo AHTaren zundaketetan lur jabeen gainetik horiek egiteko baliaturiko trikimailu juridikoak, Lapurdin Marienea auziko atxiloketak eta epaiketak, eta, noski, hertsapen ekonomikoa, gaurkoan bezala».

Amaitzeko, EH Bizirik-en jarduna goratu du sareak, azalduz natura eta landa eremuen defentsa «gure eta gure ondorengoen iraupenaren bermea» direla, eta «eskubidea bainoago betebeharra» dela: «Ezinbestekoa da tamainako erokeria hori ikusirik altxatu eta aurre egitea, ezein xantaiaren gainetik. Irtenbidea lurraren defentsan antolaturiko herritarrongandik etorriko da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.