Bizirik irauteko akordio bat

Espainiako Gorteetarako 2016ko bozetan Elkarrekin Podemosek jaso zuen boto gehien Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Orain, erlojuaren aurka ari da negoziatzen Sumarrekin, hautagaitza bakarra lortu eta ordezkaritza parlamentarioari eusteko.

ESPAÑA ELECCIONES GENERALES SUMAR
Elkarrekin Podemoseko idazkari nagusi Pilar Garrido, Sumarren aldeko kanpainan, iazko uztailean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
xabier martin
2024ko urtarrilaren 18a
05:00
Entzun

Legebiltzarreko ordezkaritzari eusteko borrokan dabil 2016an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan boto gehien izandako indar politikoa. Hamar urte geroago, oso bestelakoa da aldartea Elkarrekin Podemosen, Maiatzaren 15eko mobilizazioen ondotik PSE-EEren ezkerrera sortutako esparru politikoan. Espainiako Gorteetarako 2016ko hauteskundeetan jo zuen goia indar moreak. Pablo Iglesias idazkari nagusi eta lider ahalguztidunaren koalizioak 335.740 boto (%29,2) lortu zituen, eta Eusko Legebiltzarrerako bozetan emaitza garrantzitsua lortzeko prestatu zen Nagua Alba, koalizio moreko orduko idazkari nagusia EAEn; Pili Zabala lehendakarigaia izan zuen bidaide xede horretan, eta botoen ia %15 lortu zituen Elkarrekin Podemosek (157.334 boto). Horrek 11 eserleku eman zizkion, eta ganberako hirugarren indarraren lekua, PSE-EEren aurretik.

Ordutik behera baizik ez du egin ezkerreko koalizioak emaitzetan. 2020ko hauteskundeetan, 85.575 boto eta bost eserleku galdu zituen Miren Gorrotxategi zerrendaburu izan zuen indarrak. Madrilen urte askoan egosi den barne gatazka eta desertzio amaiezinak gehiegizko zama izan ziren, EH Bilduren hazkundearekin batera. Egoera nahasiari neurria hartzeko, aski esanguratsua da jakitea iazko udal eta foru hauteskundeetan —maiatzaren 28an— Nagua Albak berak EH Bildurentzat eskatu zuela botoa.

Orain, legebiltzarreko ordezkaritzari ahalik eta modurik txukunenean eusteko helburua baino ez dauka Elkarrekin Podermos-IUk, inkestek ez baitiote beste ezertarako tarterik iragartzen, eta galera hori apaltzeko funtsezkoa litzateke, analisten arabera, Sumar Mugimenduaren eta Elkarrekin Podemosen esparruan hautagaitza bakarra lortzea. Horrek ere ez du erraza ematen, aintzat hartzen bada Espainian, Katalunian eta Galizian gero eta urrunago daudela indar biak. Morea eta magenta ez dira ondo ezkontzen.

Tokia galtzeko bidean

Baina Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako nola edo hala ezkonduko balira ere, horrek ez lieke bermatuko beheranzko joera etetea, Braulio Gomez Destuko Unibertsitateko Deustobarometroaren arduradun eta Zientzia Politikoen doktorearen arabera. «Azken legealdian Madrilen gertatutakoak, Pedro Sanchezek EH Bildu bazkide garrantzitsu moduan hartu izanak ezkutu sozial oso bat eraikitzeko, berebiziko garrantzia dauka Podemosen esparruan zer gertatzen ari den azaltzeko». Gomezek uste du Espainiako presidenteak eta EH Bilduk «egitura instituzional erabilgarri bat» eraiki dutela azken urteotan, «euskal herritarren bizitzan eragiteko asmoz», eta egitura hori «erreferentzia» bihurtu dela ezkerreko boto emaileentzat.

«Gerta daiteke beren barne borrokak amaitzerako ohartzea esparru hori beste eragile batzuek bete dutela».

BRAULIO GOMEZ.Zientzia politikoetako doktorea

Alegia, Elkarrekin Podemos-IUren eta Sumarren arteko barne desadostasunak bigarren mailan kokatu ditu Destuko Unibertsitateko politologoak, esparru horren gainbehera azaltzeko arrazoiak aztertzean. «PSOEk ezkerrera egin du, neurri jakin batzuk kapitalizatuz eta bere kontakizuna osatuz, eta EH Bilduk indar handiagoa jarri du ezkerreko neurrietan, lurraldetasunarekin lotutakoetan baino». Azken lau urteotan, «herritarrak ardatz sozialean laguntzeko ahaleginean» kokatu da koalizio subiranista, Gomezen esanetan. Gogoratu du, halaber, Espainiako agendak «asko» betetzen duela euskal agenda, «atsegin izan edo ez».

Horiek horrela, Gomezek ziurtatu du «Espainiako ezker nagusi» PSOEk eta «Euskadiko ezker nagusi» EH Bilduk landu duten bideak Euskal Herrian «ez oso beharrezkoa» bihurtu dutela Podemosek sorreratik izan duen esparru politikoa. «Agian ez dira analisi zuzena egiten ari esparru umezurtz bati buruz aritzen direnean, gerta baitaiteke beren barne borrokak amaitzerako ohartzea esparru hori beste eragile batzuek bete dutela».

Zientzia poliitkoetako doktoreak dio PSOE eta EH Bildu ez direla mugitu «soilik proiektu politiko baten kudeaketa txarra beren alde jartzeko»; izan ere, Gomezek uste du «Euskadin dagoeneko» badaudela «ezkerreko erreferente argi batzuk», eta Elkarrekin Podemosek ordezkatu duen esparru horrentzat ere badirela erreferente. «Podemosek ezin du esan jadanik EH Bildu bezalakoa dela baina arlo soziala dela haren indargunea, etikoagoa dela; hori jadanik ez da bideragarria 2023an».

Ordezkaritzaren erdiari eustea

Beraz, barne gatazkari garrantzia kendu dio Gomezek, ezkerreko esparru horren geroari begira: «Sumarrek ez du hegan egin oraindik, eta Podemos ez da desagertu, eta ahultasun batzuek bat egiten dute hemen. Bi esparru desberdin sortu nahi dituzte, baina ez bata eta ez bestea ez dira erreferente Euskadin, orain».

Silvan&Miracle agentziako zuzendari Eva Silvanek ere neurria jarri dio akordio baten garrantziari: hautagaitza bakarra lortu ezean, irautea da erronka «PSOEren ezkerrera» sortu zen esparru horrentzat. Eta itunik balego, zer? «Inkestek aurreikusten dutena kontuan hartuta, hiru eserlekuri eutsiko lieke, lurralde bakoitzean bati». Hau da, gaur egun dituzten ordezkarien erdiei.

«Gorrotxategik irabazi zituen primario gatazkatsu haiek ere zigortu zituzten boto emaileek aurreko hauteskundeetan».

EVA SILVAN.Silvan&Miracle agentziako zuzendaria

Silvanek gogoratu du Sumar Mugimenduaren zuzendaritzan dauden gehienak Elkarrekin Podemosen azken primarioetako «galtzaileak» direla. «Miren Gorrotxategik irabazi zituen primario gatazkatsu haiek ere zigortu zituzten boto emaileek aurreko bozetan; bost eserleku galdu zituen. Sei eserleku atera zituen koalizioak, eta ezin da ahaztu 2016ko orokorretan garaipena lortu zuela Elkarrekin Podemosek».

Edonola ere, politologoak uste du esparru hori badela oraindik ere, «nahiz eta zati bat EH Bildura joan den, eta beste zati bat abstentziora». Elkarrekin Podemosetik PSErako transferentzia «oso apala» dela dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.