EH Bizirik-en ustez, Aritz Otxandianoren aurkako erasoa baliatu da «lurraren defentsan ari diren gizarte mugimenduak kriminalizatzeko»

Ohar batean, talde ekologistak esan du gertakariak ez duela «zerikusirik» bere jarduerarekin: «Gure ekimenak eztabaida soziala sortzea du helburu»

Aritz Otxandiano Jule Goikoetxearen alboan, 2023an egindako mahai inguru batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Aritz Otxandiano Jule Goikoetxearen alboan, 2023an egindako mahai inguru batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2025eko apirilaren 28a
11:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Iragan astean, Aritz Otxandiano Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak salatu zuen bere etxeari eraso egin ziotela. Aipatu zuenez, zazpi eta hamar pertsona inguruko talde batek bi bengala jaurti zituen Otxandion (Bizkaia) daukan etxearen aurka. Ordu bata aldera gertatu zen erasoa, eta, testiguen arabera, ustezko erasotzaileek «berehala» egin zuten ihes bertatik, bi autotan. «Ez da ezer larririk gertatu, baina gerta zitekeen», ohartarazi zuen Otxandianok, Blue Sky sare sozialean.

Gaur, horri buruzko iritzia eman du Euskal Herria Bizirik sareak. Ohar batean zera adierazi du, Otxandiano bera eta «bere adierazpenak jaso dituzten hedabideak» ahalegindu direla erasoa «makroberriztagarriei buruzko eztabaidarekin» lotzen, eta beraz, ingurumenaren defentsan ari diren eragileak «kriminalizatu» nahi izan dituztela: «Inolako frogarik izan ez arren, lotura hori ezarri nahi izan dute, intentzio osoz, Euskal Herrian lurraren defentsan eta industria horren neurrigabeko zabalpenaren aurka ari diren gizarte mugimendu aktiboak kriminalizatzeko».

EH Bizirik-ek azpimarratu du «oinarririk ez» duela lurraren defentsa eta Otxandianoren aurkako erasoa lotu nahi izateak, eta horren atzean dagoen helburua zera dela, zilegitasuna kentzea «eremu sozialetan gero eta adostasun handiagoa lortzen ari den planteamenduari».

«Makroproiektuak hedatzea sustatzen duten alderdien diskurtsoari» aurre egitearen beharra ere nabarmendu du talde ekologistak: «Gaur egun dagoen krisi ekosoziala onartzen duen diagnostikoa egin arren, alderdi batzuek ez dute bestelako aukerarik eskaintzen, krisia eragin duen eredu menperatzailetik kanpo». Legebiltzarreko talde horien argudioek «elite ekonomikoekin bat» egiten dutela uste du sareak, eta horiekin lerrokatuta ikusten dute Otxandiano bera: «Enpresa korporatibo bateko arduraduna izanik, diskurtso ekosoziala darabil herritarrei sinetsarazteko makroproiektuak zabaltzeko beharra daukagula, kontuan hartu gabe horrek ondorio latzak eragingo dituela».

Oharrean, beste argudio bat ere gezurtatu nahi izan du EH Bizirik-ek: energia berriztagarrien aurka egotea «Trumpen kapitalismo fosilarekin bat» egitea dela, alegia. «Lurraldea defendatzeko eratu den mugimendu soziala Trumpen kapitalismoarekin parekatzeak beste edozein aukera baztertzea dakar, eta dikotomia faltsu bat bultzatzen du: horren arabera, makroberriztagarrien industriaren alde ez daudenek negazionismo klimatikoaren eta petrolio enpresen interesen alde egon behar dute halabeharrez».

Egungo eredua «eraldatzeko beharra» nabarmendu du taldeak: «Eraikuntza kolektiboa izango den alternatiba baten alde egiten dugu». Bukatzeko, azaldu dute Otxandianoren etxearen aurkako erasoak ez duela «zerikusirik» EH Bizirik-en jarduerarekin: «Kriminalizazio saiakerak gure bazterketa soziala lortzeko manipulazioa estali nahi du. Gure ekimenak eztabaida soziala sortzea du helburu, eta agertoki eta elkarguneak eskaintzea, behar dugun norabide aldaketa irudikatu ahal izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.